Ikurrinaren historian hamalau irudi
Uztailaren hamalaugarrenean zabaldu zuten Bilboko Euzkeldun Batzokiyan lehen aldiz ikurrina Arana anaiek. 1894a zen. Aurtengo Sanferminetako txupinazoan berriz ere protagonista izan da ikur txuri-gorri-berdea. Uztailaren hamalaugarren honetan, batzuek pobre de mí-a kantatuko dute, besteek kutsu iraultzaile oro galdu duen festa nazionala ospatu, eta agian baten batek irakurriko du ikurrinaren historiako hamalau irudi gogoangarrienen kronika hau.
1. Sabino Aranaren zirriborroa, 1894. Arana anaiek asmatu zuten ikurrina, hasiera batean Bizkaiko bandera izateko pentsatua. Bilboko batzokiaren inauguraziorako prestaketak egiten ari zirela, Sabinok zirriborro bat erakutsi zion Luisi (irudikoa). Hori baino lehenago, Iruñeko Cafe Iruñan beste zirriborro bat egin zuten, “Gamazada” gertatzen ari zela, San Andresko gurutzea oinarri hartuta; baina Luis Aranaren arabera hori ez omen zen ikurrinaren aitzindaria.
2. Donostiako udaletxean, 1932. Sortu eta berehala ikurrina pertsegitua izan zen. Espainiako bigarren Errepublika garaian asko zabaldu zen erabilera, baita erakunde ofizialetan ere, ordurako Euskal Herri osoko ikurtzat baitzuten. 1936ko altxaldi militarraren ondoren, urte askoan frankistek debekatu, pertsegitu eta zanpatu egin zuten. 1977ko urtarrilaren 19an, San Sebastian bezpera, ikurrina berriz ere toki horretara itzuli zen milaka lagun aurrean zituela.
3. De Gaulle ikurrina agurtzen, 1945. Gernika Bataloiak De Gaulle generalaren aurrean desfilatu zuen Parisen aliatuek hiria askatu zutenean. Ikurrina hura Saseta batailoiarena zen eta komandante hondarribiarra atxilotua izan baino lehen pasa zuten Bidasoaz beste aldera. Gaztelu batean ezkutaturik egon ondoren, ANVko Kepa Ordokik jaso zuen eta Gernika Batailoiko ikurrina bilakatu zen. 1983an Eusko Jaurlaritzari eman zioten.
4. Buen Pastorreko katedrala, 1959. ETAk oraindik bere ekintzak izen horrekin aldarrikatzen ez zituen garaian, ezezagun batzuek ikurrina bat jarri zuten Donostiako Buen Pastorreko katedralaren orratzaren puntan. Hainbat urte lehenago, 1946an, Joseba Elosegik toki berean beste ikurrina bat jarri zuen. Elosegik, 1970ean bere buruari su eman zion eta Donostiako Atanon pilota partidu bat ikusten ari zen Francorengana salto egin zuen. 1984an EAJko senatari zela, Itxarkundia batailoiaren ikurrina ostu zuen Madrilgo Ejertzitoaren Museotik eta ekintza horren arduradun izan zela onartu zuen; ikurrina hura gerra zibilean “etsaiari eskuratu” zion armada frankistak.
5. EGIk futbol partidara ikurrina bota zuenekoa, 1959. EGI gazte erakundeak ikurrina handi xamar bat bota zuen airetik Donostiako Atotxa futbol zelaira. Momentu horretan milaka lagun ari ziren partida ikusten. Ikurrina erabat debekatua zegoen garai horretan.
6. Felipe Gonzalez: “Gora Euskadi Askatuta!”, 1976. Euskal Herrian egindako mitin bateko bideo-irudien sekuentzia honetan Felipe Gonzalez ageri da besoa jasota “Gora Euskadi Askatuta!” esaten, frontoi barruan milaka jarraitzaile sozialistek ikurrinak astintzen dituzten bitartean. Fraga Iribarnek egun horietan esan zuen “por encima de mi cadaver” esaldi famatua. Sozialistek hainbat ikur eta ideien (autodeterminazioa) inguruko jarrera hori urteen poderioz bazterrean utzi dute.
7. Iribar eta Kortabarria ikurrinarekin, 1976. Guztion gogoan geratu den irudia da honakoa, Atotxako futbol zelaian Errealaren eta Athletic-en arteko derbyan Iribar eta Kortabarria ikurrina elkarrekin eskuan hartuta atera ziren zelaira. Franco hil ostean demokrazia gehiagoren promesek ikurrina legeztatzeko eskaera akuilatu zuten eta 1976an gorenera iritsi zen. Milaka lagunek txalo eta aldeko oihuekin erantzun zioten keinu horri.
8. Etxarri-Aranatz, berriz erakundeetan, 1977. Alkateen mugimenduak Bergaran egindako deiari helduz, Etxarri-Aranatzeko udal taldeak manifestua onartu zuen 1977ko urtarrilaren 16an. Poliziaren eta guardia zibilen kontrolei muzin eginez hamarnaka lagun elkartu ziren udaletxean eta ikurrina lehen aldiz ezarri zen ofizialki. Irudian, jendea garaipen ikurra egiten.
9. Munduko gailurrera, 1980. Martin Zabaletak Pasang Temba sherpari egindako argazkia Everest mendiaren gailurrean. 1980ko maiatzaren 14a zen. Aurretik beste espedizio bat egina zuten euskaldunek munduaren gailurrera iristeko, baina ez zuten helburua bete, 1980ko bigarren honek bai ordea. Zabaletak euskaldun eta mendizale askoren nahiak eta esfortzuak ordezkatu zituen egun horretan.
10. Muguruzaren hilketan, 1989. Urte horretako azaroaren 20an hil zuten GALek Herri Batasuneko mahai nazionaleko kidea. Irudian bere segizioa ikus daiteke milaka lagunen artean, ikurrinaz inguratuta. Ezker abertzaleak egindako omenaldi eta ekitaldi ugaritan ikurrina oso presente egon den sinboloa izan da beti.
11. Biarritz Olympique, 2009. BOk kamiseta horrekin jokatu izan ditu nazioarteko errugbi partida batzuk. Zenbait kiroletan ikurrinak protagonismo berezia hartu izan du, Frantziako Tourra Pirinioetatik igarotzen denean kasu. Ipar Euskal Herrian sinbolo honek zabalpen handia izan du, baina askotan beste konnotazio batzuekin. Irudian, BOk eta Munster taldeak Donostiako Anoetako estadioan jokatutako partidan.
12. Atarrabia, 2009. 2003an Nafarroako Legebiltzarrak Sinboloen Legea onartu zuen, espresuki debekatuz erakunde publikoetan ikurrina jartzea. Egun bukatu ez den pertsekuzioa hasi zen Nafarroan. Zenbait tokitan, Agoitzen eta Atarrabian kasu, 1977tik zegoen ikurrina udaletxeko balkoian, erreferendumean hala erabaki zelako. Epaitegiek ikurrina kentzea agindu eta auzibide ugari hasi dituzte. Irudian, ikurrina Atarrabiako udaletxe ondoan jarrita 2009an.
13. Ikurrina erraldoia EAJren Alderdi Egunean, 2009. Eusko Alderdi Jeltzaleak urtero egiten duen Alderdi Egunean mosaiko erraldoi bat egin zuten milaka lagunek Forondako zelaietan ikurrina irudikatzeko. Inoiz osatu den ikurrina handiena da honakoa.
14. Instituzioei errespetuz… Gora ikurrina!, 2013. Ikurrinaren historiara pasako den azken irudia dugu honakoa. Hainbat urtetan poliziek Sanferminetako txupinazoan ikurrina –eta hura zeramatenak– jazarri eta gero, 2013an bizardun batzuek oihal txuri-berde-gorri handi bat eskegi zuten Iruñeko udaletxe parean. UPNren erreakzioa izan zen ikurrina kendu arte jaien hasiera atzeratzea.
Artikulu interesgarri honetan akats bat topatu det: 11. irudiko beste taldea ez da Baionako Aviron Irlandako Munster taldea baizik. Kamixeta hau europako txapelketetan bakarrik erabiltzen du Biarritz Olimpiquek
Mila esker, zuzendu dut akatsa. Munsterren kamiseta urdinak despistatu nau, ez al da normalean gorria izaten? Baionakoa urdina da, baina argiagoa. Ondo izan.
Aupa!
Artikulua orain irakurri dut. Oso harrituta nago laugarren argazkiarekin ez nekielako existitzen zenik. Izan ere, ezagutzen nuen argazkian agertzen dena, baina ez genekien fotografiarik atera zutenik.
Jakin nahi nuke non lortu duzun. Nahi baduzu, bidali e-mail bat, nik ere nahiago nuke-eta.
Mila esker!
Kaixo Leire, zure mezuan esan duzuna begiratzen hasi eta ohartu naiz akats bat egin dudala. Hor ikusten den eliz-puntta ez da Buen Pastorrekoa, Groseko San Inaziokoa baizik! Biak neogotiko estilokoak, garai bertsuan eginak… hortik konfusioa. Beraz, 1959an ikurrina ez zuten Buen Pastorren jarri, San Inazion baizik. Dena den, ekintza ikusgarria eta sinbolikoa izan zen. Irudia “Euskadi Ta Askatasuna” entziklopedian argitaratu zuten eta nahiko ezaguna da. Joseba Elosegik urte batzuk lehenago egindako ekintzaren irudirik nik ere ez dut inon aurkitu. Agian hau irakurrita norbaitek pistaren bat emango digu…
Ondo segi.
Eskerrik asko, Urko!
Argazkiak konparatzen ibili naiz eta ezingo nuke esan zure artikulukoa San Inazio edo artzain Ona den. Dena den, esan diezazuket ikurrina Artzain Onean jarri zutela, agian baita San Inazion ere.
Uste dut Elosegik bere burua Bonzo erara erre zuen argazkia disko txiki baten portada zela, txikitan etxean geneukan, baina ez dut gogoan zein talde edo kantari zen, umetako oroitzapen lausoa baino ez da. Ziur esan nezake argazkia ikusi dudala. Agian nagusiago den beste norbaitek hobeto gogoratuko da.
Mila esker!