“Atención atención Martín Villa es un….
…cabrón”. Halaxe kantatzen genuen, txikiak ginela, Extremadurara gurasoekin joaten ginenean. Isiltzeko esaten ziguten azkar demonio, hura ez zen Euskadi.
Rodolfo Martín Villa, besteak beste 1976etik 1979ra Gobernazio ministro izandakoa. Nork esango lioke urte haietan egindakoagatik gaur azalpenak eman beharko zituenik? “Bekatu ugari egotzi ahal zaizkit, batzuk mortalak. (…) Baina lasai nago, ez dit lorik kendu minutu bakar batez ere”, adierazi du Catalunya Radion frankista ohiak.
Argentinatik iritsi berri da albistea: Frankismoaren kontrako auzia daraman María Servini epaileak informazioa eskatu die helegitea jarri duten biktimei, ministro izan zen garaian Martín Villari leporatu dakizkiokeen hilketen inguruan. CeAQUA plataformak dio 54 direla, baina auzian 1936tik 1977ra arteko epea ikertzen ari direnez –lehenengo hauteskundeak arte– 22 hilketaren arduradun jo liteke oraingoz.
Horien artean daude 1976ko martxoaren 3an Gasteizen hildako langileak. Gertaera horietan begia galdu zuen Andoni Txasko Martxoak 3ko biktimen elkarteko bozeramaileak, Serviniren aurrean deklaratu zuen atzo. Gaur, berriz, Jon Arrizabalagak egingo du, Muñecas kapitainak torturatu zuen Andoni Arrizabalagaren anaiak.
Jesús Muñecas eta Antonio González Pacheco torturatzaileak atzo izan ziren Espainiako Auzitegi Nazionalean deklaratzen. Pabloz Ruz epaileak autoan (pdf) libre utzi zituen, baina pasaportea kendu zien, haien estradizioaren inguruan erabakitzen duten bitartean. Hau da auzitegitik atera ziren momentuaren irudiak:
Haien esku izan ziren hainbat biktima inguruan kontzentratu ziren –poliziak zigor administratiboa jarri die horietako batzuei, antza denez–. “Egun honekin amets egin dut azken 40 urtetan” azaldu zuten.
Isiltzeko azkar demonio esaten ziguten, hura ez zen Euskadi, eta 80ko hamarkada odoltsuan denok jotzen gintuzten “de la ETA”. Dena zen zilegi erakunde armatuaren kontra, errepresio poliziala eta gerra zikina. Zezen plaza bete jendean egurka sartu eta pertsona bat hilez gero “gureak akatsak, haienak krimenak” esan eta listo. Komisarian norbait torturatzen hasi eta poltsa jarrita itoz gero, heriotza “naturala” izan zela esan eta nahiko.
Baina kontua da orain ETAren atentaturik ez dagoela eta haren inguruan –edo hura aitzaki hartuta– Estatuak mantendu izan dituen zigorgabetasun eremuak eta memoria lapsusak agerian geratzen ari direla.
Duela hiru urte Argentinan biraka hasi zen elur bola judiziala gizenduz doa eta badirudi azkenera arte iristea nahi duela Servini epaileak, Radio Euskadin egin zioten elkarrizketan azaldu zuenez. Gaur torturatzaileak eraman dituzte epailearen aurrera, bihar diktaduraren arduradun politikoak izan daitezke, eta etzi ustezko demokrazia bateko demokrata ustezkoak. Ikusiko egunen batean zigorrik ote den.
Martin Villaren neurria ematen digu haren esaldi famatuena izateak “bi eta bat gure alde” , 1978ko urtarrilean, polizi operazio batean, ETAko militante bi eta guardia zibil bat hil ostean.