Presa lehertu zenekoa
Euskal Herriak badu bere Vajont txikia, Mutiloan gertatu zen duela 25 urte. 1988ko uztaileko eurite handien ondorioz meatzeetako materiala garbitzeko presa bat lehertu zuen errekak eta bailaran behera erauntsi zituen han biltzen ziren lokatz kutsatuak. Zorionez ez zuen ondorio larririk eragin, eurite haietan ordea hainbat lagun hil ziren Gipuzkoan.
Liernitik igarotzen den txirrinduentzako eraberritutako burdinbide zoragarriaren amaieran Barnaola baserria dago, meatzeetatik minerala garraiatzeko toki estrategikoa. XIX. mende amaieran kapitalismoa paraje horietara ere iritsi zen eta Compañia Minera de Mutiloa SA herritarrek tradizioz ustiatzen zituzten meatzeen jabe egin zen. Hainbat kilometroko trenbidea, minerala kargatzeko egiturak, lokomotorak gordetzeko gurdi-tokiak eta abar eraiki zituen horretarako, dena puntako ingeniaritza erabiliz.
Kontua da herritarrek segituan nabaritu zutela Troi bailaran behera eta baita Oria ibaian ere ura kutsatuta agertzen zela maiz. Kexa horiek eta orduko legeak tarteko, dekantazio putzu batzuk eraiki zituzten, harrizko presak eta guzti. Denboraren joanarekin meatzeak erabili gabe geratu ziren eta zelaigune gozo ezohiko batzuk baino ez ziren geratu, dena lohiak eta ahanzturak irentsi baitzuen, baita presaren horma bera ere.
Ia mendea geroago, presa ura diseinatu eta baimendu zutenak jadanik hilda zeudela, ingeniaritza puntako hori hankaz gora jarri zuen amalurrak. 1988ko uztailean ur erauntsi batek maldan behera bidali zuen lokatz, mineral hondar eta presaren horma zati bat. Hormaren beste zatia agerian ikusiko du Barnaolara hurbiltzen denak. Zorionez ez zen ezbeharrik gertatu, bai ordea euriteak harrapatutako beste zenbait tokitan –Elgoibarren kasu–. 1983koa baino gogorragoa izan omen zen uholde ura.
Egun “puntako ingeniaritzaz” egindako azpiegiturak diseinatzen eta baimentzen dituztenek badute zer ikastekoa historia xume horretatik. Zertan izango da Esako urtegia hemendik mende barru? Ordurako gu hilak izango gara, Barnaolako presa diseinatu eta baimendu zutenak hilda dauden gisan. Energia krisiak eta petrolio faltak bermatzen ote du etorkizunean azpiegituren segurtasuna? Gai izango ahal gara horiek baldintza egokitan mantentzeko? Eta batez ere, inor bizi al daiteke halako ziurgabetasunarekin?
Mutiloan gertatu zenaren harira, esan gogora ekarri didala Ortuellako Orkonera auzoan zegoen dekantazio baltsetako batek leher egin zuenekoa, hain zuzen 1964ko urriaren 11n. Ur eta lokatz kolada handiak Ortuellako Granada auzoa hartu zuen, eta istripuan sei pertsona hil ziren.