María Servini: “Txilek ez zigun estradizioa eman, eta hara joan ginen inputatuei deklarazioa hartzera”
Frankismoaren krimenen kontrako auzia daraman Argentinako María Servini epailea elkarrizketatu dute Radio Euskadiko Ganbara saioan. Servinik ez du esan zer egingo duen Espainiako Gobernuak Pacheco eta Muñecas torturatzaileen estradizioa ukatuz gero, baina aurrekari batzuk iradoki ditu:
“Auzitegi honek ikertu zuenean Prats generalaren eta bere emaztearen heriotza, Txilek ez zigun estradizioa eman eta hara joan ginen inputatuei deklarazioa hartzera. Baina gero Txilek [errudunak] epaitu zituen, Argentinako Errepublikan egindako ikerketan oinarrituta”.
Elkarrizketaren audioa:
María Servinik azaldu du “amaieraraino” iristeko prest dagoela: “Nik auzi hau ikertu behar dut beste edozein auziren moduan, ezin dut ezberdintasunik egin”.
Egunotan frankismoaren biktima izandako hainbat lagun ari dira Argentinan epailearen aurrean deklaratzen. Bestalde, Espainiako gobernuak joan den ostiralean onartu zuen Juan Antonio Gonzalez Pacheco Billy el Niño eta Jesús Muñecas torturatzaileen estradizio eskaerari jaramon egitea eta Espainiako Auzitegi Nazionalean deklarazioa hartuko die bihar Pablo Ruiz epaileak.
Dena den, Auzitegi Nazionalak estradizioak aurrera egin behar duela esanez gero, azken erabakia Espainiako Gobernuak izango du. “Funtsean eta azkenean erresoluzio politiko bat da”, aipatu du Servinik irratian.
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks