Emilio Botinen iruzur eta eskandaluen zerrenda beltza
Albiste agentziek, Banco Santander eurogunearen gailurrera eraman zuen bankari gisa deskribatu dute hil berri den Emilio Botin. Botin familiak egindako iruzur fiskalek eta bankuaren finantza eskandaluek bestelako irudia marrazten dute ordea.
2008an auzipetua izan zen, 1994an Banesto erosi zuenean banku honen akzioen %1 Santanderreko zuzendaritzako 13 kideri igortzeagatik. Akusazioaren arabera, Santanderrek ez zuen diru horri zegokion zergarik ordaindu 1998 arte. Kasua artxibatu egin zuen Espainiako Auzitegi Gorenak.
2002an Banco Santander eta Central Hispanoren fusioaren ostean sortuta barne tirabiren ondorioz Ángel Corcóstegui bilbotarrak 108 milioi euroko indemnizazioa jaso zuen –gerora CANekin batera hondoa jo zuen Banca Cívicaren zuzendari izana–. Ustelkeriaren kontrako fiskaltzak operazioa ikertu zuen, baina auzi hau ere artxibatu egin zen.
Botin eta Suitza
2010ean, Suizako HSBC bankuko enplegatu batek, bere nagusiekin haserre, iruzurra egiten ari ziren Espainiako Estatuko 569 pertsonen izena filtratu zuen. The New York Timesek agerian utzi zuen Botin familiak bankuan 2.000 milioi euro zituela gordeta 1936ko gerra zibiletik. Botinen aitak –hau ere Emilio– errepublikarren esku zegoen Kantabriatik ihes egindakoan eraman zuen dirutza hori, baina sekula ez zuten aitortu, ez aitak, ez semeak, ez Frankismoan, ezta ondoren ere.
NYT-k baina, Botinen boterea azpimarratu zuen artikulu sortan. Vicenç Navarrok ondo azaldu zuen bezala, botere horren erakusgarri izan zen Espainiako hedabide nagusiek NYT-en esklusibari oihartzunik ez eman izana. Antza, zenbait goi politikarik esku hartu zuen –Navarrok De la Vega Espainiako presidente-ordea aipatzen du– Zerga Administrazioko Estatu Agentziak kontua ikertu ez zezan. Hala, Botini denbora eman zion Ogasunari Suitzako dirua aitortu, 200 milioi euro ordaindu, eta airoso ateratzeko, epaitua izan gabe.
Botin eta politikariak
Santanderreko presidenteak Espainiako politikari eta erakundeen gainean zuen kontrola modu askotan lortzen zuen. Harreman zuzena zuen gobernuko kargu gorenekin –Mariano Rajoyk esana da hil baino astebete lehenago egon zela berarekin eta “osasun onarekin” ikusi omen zuela– eta ate bilakarien formula erabiltzen zuen haietako asko bereganatzeko. Santanderreko kontseilari izendatu dituzte kolore guztietako ministro ohiak; Rodrigo Ratok esaterako, 200.000 euro irabazi zituen epe laburrean Santanderren aholkulari egoteagatik.
Botin eta herritarrak
Emilio Botinen enpresa gestioa laudatzen dutenak asko dira, baina krisia hasi zenetik agerian geratu da bera presiditzen zuen bankuak kale egin duela operazio ugaritan, eta kasu guztietan herritarrak geratu dira larrugorritan. Deigarriena Valores Santander finantza produktuarekin gertaturikoa izan da: Balore Merkatuen Batzorde Nazionalak 14 milioi euroko isuna jarri dio bezeroak ondo ez informatzeagatik. 129.000 dira kaltetuak.
Nire ustez, Botinen kasu lazgarriena, eta europako bankuen gorenera eraman zuena, Banestoren xurgatzea izan zen. Hain izan zen opakoa non ez dan inon agertzen, baina horrek bikoiztu zuen bere tamaina. Banestok hondatuta egon balitz, Santanderrek ez zen hainbeste handituko. Hor, nire ustez dago bere kolperik onena. Ez handiena izanagatik, baizik eta inork ez duelako hortara begiratzen.