España-Oranje: euskaldunari oker atera zitzaion tiroa
Bruggen (Brujas nederlanderaz) bazen euskaldunen kontsulatu bat. Bilboko hiriak zabaldu zuen duela bostehun urte harreman komertzialak estutzeko. Flandria eta inguruko beste lander batzuk espainiarrei errebelatu zitzaienean –tartean Holanda–, Oranjeko Gilen printze protestantea hiltzeko konspirazioari ekin zioten kontsulatu hartatik euskaldun fededun-katolikoek, Felipe II.a Espainiako erregeak ordainetan eskaintzen zituen 20.000 dukadoak eskuratzeko asmoz.
Gaspar Añastro e Isunza gasteiztarrak prestatu zuen kolpea. Brugges-eko kontsul gisa denbora mordoa zeraman, eta ondo ezagutzen zituen oranjetar erreboltariak. Urte batzuk lehenago itsasontzi batzuk hondoratu zitzaizkion merkatari gasteiztarrari eta kiebra jotzeko zorian zegoen. Hasieran Antonio Venero herrikideari igorri zion enkargua ejekutatzeko ardura, baina honek atzera egin eta bere lagun Juan de Jauregi bilbotarra proposatu zuen misiorako.
1582ko martxoaren 18an, igandez, Antwerpen-era (Anberes nerderlanderaz) abiatu zen euskalduna, magnizidioa burutzeko asmoz. Hona nola kontatzen duen Koldo Izagirrek, Ulenspiegelen elezaharra itzulpenaren hitzaurrean, printzearen jauregiko jangelan gertatutakoa: “Tiroa eskuineko belarriaren azpitik sartu zitzaion printzeari, masailezurra apurtu zion, ahosabaia zulatu eta ezkerreko masailalbotik irten zen. Pistola lehertu egin zen Juan de Jauregiren eskuan, sutautsaren soberaniaz. Hogeita hamar segundo gehiago egin zituen bizirik bilbotarrak, pikaz eta ezpataz kalitu zuten bertan printzearen zaindariek. Paperak harrapatu zizkioten arropetan, Añastroren gomendio batzuk besteak beste, klabe errazean”.
Euskaldunari oker atera zitzaion tiroa. Oranjeko Gilen, Herbehereen independentziaren aitapotenkoa, bizirik atera zen atentatutik. Jauregiren gorpua plaza publikoan zintzilikatu zuten, eta bere soinean zituen paperei esker, Antonio Venero eta abade flandiar bat harrapatu zituzten, konplizeak zirela jakinda: “Merkatuko Plazan urkatu zituzten, eta gorputzak laurdenkatu zizkieten ‘erraiak oraindino taupaka zeudela’. Puskailak hiriko ate nagusietan paratu zituzten ikusgarri, eta buruak baluarteetan”, dio Izagirrek.
XXI. mendean oranjetarrak eta espainiarrak berriz ere aurrez-aurre dira. Espainiarrek bonboak eta pikak prest dituzte, eta haien artean euskaldun “fededun-katoliko” ugari ageri da. Beste historia tragiko-epiko bat idaztera goaz euskaldunok.
Oharra: Juan de Jauregiren biografia soilik ingelesez eta nederlanderaz dago Wikipedian, euskaraz eta gazteleraz ez da ezer azaltzen.
Oso liburu interesgarria dago atentatu-saiakera horri buruz, “Atentado en Amberes”, Julio-César Santoyok idatzia. Aspaldikoa da, beharbada deskatalogatuta egongo da.