Clara Campoamor eta txanponaren bi aldeak
Clara Campoamor izendatzea, emakumeen eskubideen defentsaren historia gogoratzea da; baina orain gutxi arte madrildar honen memoria ahaztuta egon da. 1931n Espainian sufragio unibertsala lortzeko gehien borrokatu zutenen artean dago Campoamor. 1888an jaio zen Madrilen eta Zuzenbide ikasketak egin ondoren abokatu lanetan hasi zen buru-belarri. Bide horretatik murgildu zen politikan. Sozialismora hurbildu zen lehenik, gero errepublikar zentristekin ibili zen, beti bere ideiei gehien hurbiltzen zitzaion esparru politikoa bilatzen. 1931n, Bigarren Errepublikan, diputatu aukeratu zuten Espainiako Kongresuan –emakumeak aukeratuak izan zitezkeen, baina ezin zuten botorik eman–, eta posizio horretatik ekin zion emakumeen boto eskubidea lortzeko borrokari.
Donostiako Polloen lurperatua
1937an erbestera joan zen gerra zibilaren ondorioz. Lehenik Buenos Airesen bizi izan zen eta ondoren Suizako Lausannen, hil arte. Erbesteko denbora guztian konferentziak eman, liburuak idatzi eta emakumeen eskubideen aldeko lanean jardun zuen. Campoamor 1972ko apirilaren 30ean hil zen hiri suitzarrean, minbiziak jota. Bere gorpuzkinak Donostiako Polloeko hilerrian erraustu zituzten 17 egun geroago eta bertako familia baten panteoian lurperatu zuten. Zergatik Donostian? Zenbaiten arabera, nostalgiak eraginda agindu zuen Donostian lurperatua izatea, Bigarren Errepublika ezarri zenean hiri horretan omen zegoelako. 1930ean Jakan matxinatu ziren militar errepublikazaleen kontrako epaiketak egiten ari ziren errepublika aldarrikatu zenean, eta Campoamor matxinatuen defentsan aritu zen abokatu gisa.
Gobernuaren ekimen aldrebesa
Azkeneko urteetan hainbat omenaldi eta ekitaldi egin dituzte pertsonaia historiko honen bizitza gogoratzeko, eta asko dira bere izena daramaten plaza, kale eta elkarteak. 2007an Espainiako Kongresuak Clara Campoamorren irudia daraman txanpona egitea onartu eta bultzatu zuen. Orain, emakumeek Espainian bozkatzeko eskubidea lortu zutela 80 urte bete direla-eta, baita Emakumearen Nazioarteko Egunaren mendeurrena delako ere, Espainiako Moneta eta Tinbre Fabrikak txanpona aterako du, alde batean Campoamorren irudia daramala.
Txapona ez da kalean normalki zirkulatzekoa izango, 20 eurokoa baita, zilarrez osatua, eta bi milioi unitateko tirada izango du gehienez ere. Martxoaren 8an aldarrikatzen den Emakume Langilearen Egunaren harira eman dute txanponaren berri. Iniziatiba txalogarria dirudike, txanponak beste aldea izango ez balu:
Clara Campoamorri aitak esaten omen zion erregaliak ez zituztela Errege Magoek ekartzen, Errepublikak baizik. Clara Campoamor izendatzea eta errepublika gogoratzea gauza bera da. Hau da, txanpona oxymoron bat da bere osotasunean, ez baitago errepublikar monarkikoa izatea baino gauza aldrebesagorik. Bata edo bestea. Baina ematen du Espainiako Ekonomia eta Ogasun ministerioak ez duela hori oso argi.
Inkoherentzia harantzago doa. Bloque Nazionalista Galegok (BNG) eskaera erregistratu du Espainiako Kongresuan, borbondarren irudia kendu eta txanponaren bi aldeetan borroka feminista irudikatzen duten figurak jartzeko: “Monarkia ez zen, hain justu izan, emakumeen aurrerakadari gehien lagundu ziona” dio BNGk. Espainiako monarkiaren protokolo, diskurtso eta izaera matxista eta patriarkala begi bistakoa da oraindik. Horrekin sinbolizatu behar al dute emakumeen eskubideen aldeko borroka? Hauxe esan zuen Campoamorrek sufragio unibertsala onartu zenean Gorteetan egindako hitzaldian:
“Gobernuaren dekretuak monarkiako hogei mendek aitortu ez ziotena aitortuko dio emakumeari, Errepublika ezarri eta hamabost egunean”
Sikiera erreginaren aurpegia erregearenaren gainean jarri izan balute… baina hori ere ez.
Gaiaz gehiago jakiteko irakurri:
– Pepe Gutiérrez-Alvarez-en Clara Campoamor, una mujer liberal de las de antes artikulua Kaos en la Red webgunean
– Josu Chueca historialariaren Emakumeak II. Errepublikan: Ikurra baino gehiago? artikulua ARGIA astekarian.
Txantxetako berria dirudi, errepublikar baten omenez eginiko txanponean errege-erreginen irudia?