Carlos María de Urquijo I.a
Espainiako Gobernuko delegatu karguari frankismotik heredatutako kargu zaharkituaren usaina dario. Egia da Espainiak egitura “federala” edo autonomikoa izan duenean sortu izan dela kargu hori –1931ko eta 1978ko konstituzioekin–, baina 1958ko dekretu batez geroztik frankismoan hainbeste botere izan zuten gobernadore zibilen ezaugarri batzuk mantendu izan dituzte delegatuek, 60ko eta 70eko hamarkadan manifestazioak debekatu, grisak jendea jipoitzera bidali, apaizak atxilotu edo fabrikak eta elkarte gastronomikoak kate eta giltzarrapoz ixten zituzten Enrique Oltra Molto, Fulgencio Coll de San Simón eta gisakoen atributuak, hain zuzen.
Duplizitate horren ondorioz 1997an gobernadore zibilen kargua desagertu eta subdelegatuak sortu ziren, delegatuen menpe beti ere. Jakina, Gobernuko delegatuek ez dute frankismoko gobernadore zibilek adinako botererik. Hala ere, eskumen ugari dute. Esaterako, Estatuko Segurtasun Indarren buru dira autonomia erkidegoetan eta gobernadore zibilek zuten zigortzeko gaitasuna eskuratu dute.
Baina “praktikotasun” horrez gain, funtzio sinboliko handia ere badute delegatuek Espainiako Estatuko periferiako herrialdeetan. Askorentzat, Espainiaren hankapean daudela erakusten duen ikur adierazgarria dira. Lehen Fernando VII. espainiar monarkak edota Francisco Franco diktadoreak gobernadore zibilak zuzenean izendatzen zituzten moduan, orain Espainiako Presidenteak aukeratzen ditu Gobernuko delegatuak, eta Ministroen Batzordeak tramite hutsez izendatzen ditu ondoren. Haiek dira garai bateko erregeordeak, lurralde altxatuak pazifikatzera datozen jeneralak, fedegabeak ebanjelizatzera doazen misionistak. Eta halaxe azaldu zaigu Carlos Urquijo popularra, esanez bere misioa izango dela euskaldunok konturatzea “zenbat jasotzen dugun espainiarrengandik”.
Carlos María de Urquijo Valdivielso Laudion jaio zen 1961ean eta 1987an sartu zen bere herriko zinegotzi. 1991tik Eusko Legebiltzarkidea da eta alderdi popularreko alderik gotorrenekoa ordezkatu izan du Jaime Mayor Oreja eta Maria San Gilen ondoan. 2004an Gobernuko delegatu izan zen epe laburrez, eta ordukoan, besteak beste, “Euskal Herria” hitza testu liburuetatik kentzea eskatu zion Ibarretxeren Gobernuari, kontua auzitegietara eramanez. 2009an EiTBko Zuzendaritzari azalpenak eskatu zizkion Egunkariako auzipetuei emandako “trataera atseginagatik”. Urquijo da, “inoiz ez k-rekin” behin Carmen Gurruchaga kazetariari adierazi bezala, Legebiltzarrean indar guztiekin “Viva la Guardia Civil! oihukatu zuen Carlos Urquijo bera da, Espainiako Gobernuko delegatu berria EAEn.
Askok harriduraz hartu dute izendapena, ez baitator bat ETAren jarduera armatuaren amaierak ekarritako garai berriekin; ez dator bat EAEko PPren barruan nagusitu den korronte irekixeagoarekin. Biktimei egindako keinua omen, haiengandik oso gertu egon delako Urquijo Legebiltzarreko batzorde eta ponentzia artean. Baina egon daitezke arrazoi gehiago. Irekitzen ari den bake eta normalizazio prozesu berrian eragiteko elementu distortsionantea izan baitaiteke delegatua, eta hori esperientziaz daki PPk.
Enrique Villar delegatu izan zenean, Aznarren bi legealditan (1996-2004), Lizarra-Garaziko prozesua gertatu zen. Villarrek protagonismo itzela hartu zuen eta zenbaitetan jarrera beligerantea eta muturrekoa erakutsi zuen –ETB auzitan sartu zuen ETAko kideak su-eten betean elkarrizketatzeagatik–, eta tentsioak goia jo zuen Villarrek EAJko, EAko eta EHko kideei “hiltzaile” deitu zienean, azkeneko hauek euren zerrendetan presoak aurkeztu zituztelako.
Zentzu horretan, ikusiko dugu erregeorde berriak bere aitzindariaren lorratzari segitzen dion hala ez. Horretarako dohainak baditu behintzat. Eusko Legebiltzarreko kide izan den bitartean hiper-aktibitate ikusgarria erakutsi izan du Carlos Urquijok oposizio lanean, ekimenak, galderak, eztabaidak eta, batez ere, polemikak sustatuz. Legebiltzarreko webgunean horien guztien berri dago. Zientoka dira, Urquijoren pentsaeraz tesi bat idazteko adina. Animatzen denak eta loa galtzeko beldurrik ez duenak, hemen du lotura.
Oraingoz Carlos Urquijok zuhurtziaz jokatu du eta honakoa adierazi du bere kargu-hartzean: “Guztion artean finkatu beharreko askatasun aro berri bat irekitzen ari da”. Gobernuko delegatuaren atzean Gobernua dago, eta hark markatuko dio bidea bere ordezkariari. Dena den, suma liteke hemendik aurrera asko, asko, askotan hitz egingo dugula Carlos María de Urquijo I.az.
gaztetan carkista zela esaten zuena