George, hain ona al dago?
Kafe kapsulatxoak birziklatzeko hitzarmena sinatu dute Garbikerrek –Bizkaiko hondakinen kudeaketaz arduratzen den elkarte publikoak– eta Nestlék. Garbiguneetan eta puntu berde mugikorretan bilduko dituzte kapsulak, ontzi laranja batzuetan, eta ondoren Nestlék Bartzelonan duen tratamendu planta batera eramango dituzte. Aluminioarekin lorontziak egiten ei dituzte eta kafe-hondarrekin konposta. Horrela, multinazional suitzarrak produkzio zikloa ixten du. Baina dena ez da hain distiratsua negozio horretan.
Monodosi kafe espresa 1970eko asmakizuna bada ere, 2000. urtetik aurrera hasi zen Nestléren Nespresso marka kapsula horiek esplotatzen. Horretarako, urte haietako beroaldi eta aberastasun zaluarekin bat zetorren formula bilatu zuen. Irribarre seduzitzailea, ahots sakona eta pose elegantea. Esklusibitatea, luxua eta sofistikazioa. Kafe bat paradisuaren truke. Zaila behar du George Clonney-ren klubekoa ez sentitzea Nespressoren mundu pijora erorita. Eta emaitzak hor daude: kapsulen modak kafearen sektorea irauli du eta marka guztiak lehian sartu dira.
Kafe espresa egiteko, zapaldutako kafeari ura iragazi behar zaio 15 bar inguruko presioz eta denbora laburrez. Kafea kapsula hermetikoan jarrita, dosi zehatzean ur presio altua sartzea lortzen da, ezer zikindu gabe gainera. Horratx miraria! Baina ordainetan, kafe-hondarrak “preso” daramatzan ontzitxo bat geratzen zaigu. Hondakin bat. Zer ekarri du horrek? 2010ean, esaterako, 10.000 milioi hondakin-kapsula sortu ziren; bata bestearen ondoan jarrita munduari aluminiozko bost uztai egingo genioke nahi izanez gero.
“Nespressoren kapsulak %100 birziklagarriak dira” kontraeraso du ingurumenarekin hain curriculum sentibera izan duen multinazionalak [badaezpadako oharra: irakur bedi “sentibera” hitza dagokion ironiaz], eta Ecolaboration izeneko kanpaina efektista jarri du martxan hainbat herrialdetan. Kapsulak bere horretan bildu eta berak birziklatzen ditu. Suitzan, ama-sorterrian, aspaldi hasi ziren, eta kapsulen %70 jasotzen dute; helburua da 2013rako mundu osoan saltzen diren Nespresso kapsulen %75a birziklatzeko eskuratzea. Kanpaina horri lotuta dago Bizkaian Garbikerrekin egindako hitzarmena.
Bada dioenik, Nespressoren bonboiak birziklatzeko hain errazak ez direla. Aluminioa estaltzen duen kapa fin hori –kapsula kolorez apaintzen duena– bereizteko lanak dituzte, eta berdin pasatzen da plastikozko estalkiarekin. Beste zenbait kasutan, gainera, ez dira birziklagarriak. Nespressoren lehiakide den Lavazza marka italiarrak adibidez, polipropilenoz egindakoak erabili ohi ditu. Donostian Zero Waste Europek egindako biltzarrean Rosanno Ercolini adituak jakitera eman zuenez, Italiako Capannoriko hondakinen ikerketa zentroan polipropilenozko kapsula horien afera ikertu dute –munduko kapsulen %10a Italian kontsumitzen da–. Capannoriko Rifiuti Zero zentroaren webgunean ikus daitezke emaitzak, hemen batzuk:
- Kapsula horien diseinuan akatsa dago, birziklatzeko desegokia da.
- 250 kapsula egiteko 2 litro petrolio, 4 litro ur eta 22 kwh energia behar da.
- Horren ordez, konpainia handiei proposatu diete ekokapsula (ecopad) berrerabilgarriak sustatzea, 250 aldiz erabiltzeko modukoak. Existitzen dira, Centocaffè enpresak egiten ditu, Lavazza eta Nespressoren makinekin bateragarriak gainera. Italian ikusmina sortu dute eta telebistako saio nagusietara iritsi da berria. Biocap edo kapsula biodegradableak ere badaude.
Ez da inon Garbikerren eta Nestléren arteko hitzarmenaren letra txikirik publikatu –antza, Tradebe enpresaren esku geratuko da gestioa–, baina haien onkerian sinesten badugu, Garbikerreko arduradunei eskatu beharko genieke denborarik galdu gabe Capannoriko Komunarekin harremanetan jar daitezela, kapsula berrerabilgarriak sustatzeko plan bat diseinatu dezatela, eta ezer baino lehen kafe berdearen eta justuaren kontsumoa bultzatzeko estrategia has dezatela.
Capannoriko Rifiuti Zerokoek prestaturiko power pointean oso irudi argigarria azaltzen da. Ingurumena gutxien eta gehien kaltetzen duten kafea egiteko moduen erregela antzeko bat da:
Ganbarako errota zahar maitea atera eta kafea betiko italianan egiteko ordua dela dirudi, amona Mañolik egiten zuen bezain goxoa, portzierto. Atzekoz aurrera ari baikara. Zer zentzu dauka 30 gramo kafegatik 50 gramo hondakin sortzea? Zer zentzu, Nespressok aitortu duenez, kafe kikara bakoitzeko 82 gramo CO2 sortzea? Clonneyren irribarrearengatik Nespressori 0’33 zentimo oparitzeak ba al du zentzurik? Zentzurik al du pre-Lehman Brothers klub bateko sozio garela amesten jarraitzeak? Edo zentzua galdu dugu?
Galdera beste modu batera eginda: merezi du zarrastelkeria hori guztia pagatzea kafe goxo batengatik? Hain ona al dago, George?
Kaixo!
Ados nago zurekin kapsulak kutxakorrak direla, eta kafe bakoitzak hondakin bat dela, baina ez nago batere ados Nespressoa pijoa denik.
Urko, zuk ba al duzu Nespreso makina etxean?Kafe zalea zara? Ni izugarri! Oso oso kafe zalea naiz eta neri kafe gogorra eta gorputzarekin gustazen zait.Aparrarekin ateratzen dena, tabernetan ateratzen duten horietako. Kafetera italiarrek askoz kafe kantitate gehio behar dute eta nere gustorako behintzat hortik ateratzen den kafea “urzikina” besterik ez da.Txarroan kafea ateratzen duten elektriko horiek berdin. Etxean gustoko kafea egiteko makinak (kapsulakin erabiltzekoak ez direnak) 600€tik gora balio dute eta nespressoa 79€tik aurrera erosi dezakezu.
Clonneyren irribarrearengatik Nespressori 0’33 zentimo oparitzeak ba al du zentzurik? Tabernako bezain kafe hona daukazu eskura edozien momentuntan 0,33€tan, eta tabernan 1,20€ gutxienez(badira tokiak garestiagoak. Ba neretzat kafeko 0,80€ aurrezteak badu zentzua.Neretzako kalitate bereko bi produktu konparatu behar dira, Nespresoko kafea ez dago konparatzerik kafetera italiar batek ateratzen duen kafearekin.
Galdera beste modu batera eginda: merezi du zarrastelkeria hori guztia pagatzea kafe goxo batengatik? Hain ona al dago, George? Ba ez dakit George hain hona dagoen (neretzat zaharregia da iada, kar kar kar), baina kafea bai, ez da garestia, zuk zeuk etxean ere “birbete” ditzazkezu(kapsula uztu, kafe normala bota eta albalakin tapatu: merkeagoa, eta hondakin gutxiago sortu dezakezu (kapsula bat nahi aldiz bete dezakezu behin eta berriro, aluminioa izanik, ez da izorratzen), hornitzaileak berak birziklapenerako erraztasunak ematen dizkizute eta gehiago esango dizut, nik ikusi dut jendeak kapsulekin dirutxo bat ere ateratzen dutela belarritakoak eta bitxiak egiten. Beraz, ez da dena hain iluna Nespreson.
Zuk galdetu hortik Nespresoa duen kafe zale bati batek ea aldatuko lukeen kafeteraz. Nik esango nuke gehiengoak esango lukela ezetz!
Kaixo Miren, mila esker zure iritzia emategatik. Kafea gustuko dut, baina bistan da ez zuk bezainbeste. Hala ere, badakit espresso baten eta pitxarreko kafe baten artean bereizten. Baina gauza bat da espresso eta bestea da Nespresso. Nire ustez Nestlé sekulako negozioa egiten ari da kea salduz. Artikuluan nabarmendu nahi nuena da, “urrezko” kapsula horiez gain Garbikerrekoak jakin behar dutela badaudela kapsula berrerabilgarriak, edo zeuk egiten duzun bezala (bejondaizula!) berrerabilpen “artesanala” egiten dutenak. Ez haserretu “pijo” hitza nonbait sartu badut, Nespressok egiten duen marketina adjektibatzeko modua zen. Bestalde, espressoa eta pitxarrekoa ez direla konparagarriak? Nire ustez bai. Konparatu ditzakezu kalitatearen ikuspuntutik, edo ingurumenari egiten dioten kaltearen ikuspuntutik –Rifiuti Zerokoen taula horrek egiten duen bezala–. Gero, norberak erabaki beharko du zerk merezi duen gehiago.