‘One Hundredth of a Second’. Argazkilaria, lekuko ala laguntzaile?
Gogoan al duzu putrea ondoan duela makurtuta dagoen Sudango neskatilaren argazkia, Pullitzer saria irabazi zuena? Denbora luzez eztabaidarako aitzakia izan zen: zer egin behar du kazetari-argazkilariak, argazkia atera eta lekuko baino ez izan, ala egoeran esku hartu eta lagundu? Dilemak indarra hartu du berriro, One Hundredth of a Second film laburrarekin.
Manhattango film laburren jaialdia irabazi zuenetik, geroz eta oihartzun handiagoa lortzen ari da Interneten (laburren ohiko erakusleihoan) One Hundredth of a Second (segundo-ehunena) lana, Susan Jacobsonek zuzendua. 5 minutu pasatxotan, aipaturiko gaia jorratzen du filmak, eta ikusgai jarri duten webguneetan internauten eztabaida sutsuak irakur daitezke, kazetari-argazkilariaren rolaz. Batzuentzat bihozgabea da ez ezer egitea; besteentzat, hipokresia hutsa da hori etxeko sofatik esatea, argazkilariak gerretan behintzat milaka gertaera eta eszena anker bizi dituelako eta ezinezkoa zaiolako denei aurre egitea.
Bigarren arrazonamendutik gertuago nago ni (beti ere gerrak edo hondamendiak bezalako egoeretan): gertaera horien lekuko izatea da kazetariaren eta argazkilariaren lana; erreportaje eta irudiekin bidegabekeriak salatzea eta munduari ezagutaraztea da bere egitekoa, horren bidez egoera aldatzea lortzeko. Adibiderik garbiena Kevin Carter bera da (putrearen eta neskaren argazkia atera zuena): Bang Bang Kluba izenarekin ezagun ziren lau argazkilarietako bat izan zen Carter eta mundu osoari Apartheidaren benetako aurpegia erakusteko gogor egin zuen lan Hegoafrikan, 1980-90eko hamarkadetan, bizitza behin baino gehiagotan arriskuan jarriz.
Egoera horietan, ez da erraza lekuko huts izatea. Auskalo zenbatetan hartuko zuen parte, zenbateraino hartuko zuen parte. Auskalo baita ere bakoitzak zer egingo genukeen, gerren egunerokoan ohiko bihurtzen diren eszena horietako baten aurrean.
Ikusi One Hundredth o fa Second film laburra.
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks