Bikoizketa vs. azpitituluak
Katalunian, zinema-aretoek film kopuru jakin bat katalanez ematea legeztatu nahi dute. Eredu hori Euskal Herrira ekarri ahalko ote litzatekeen galdetu genion Jon Garaño zinema zuzendariari (80 egunean). Eta bestelakoa izan zen bere proposamena: zergatik tematu bikoizketarekin eta ez bultzatu azpitituluen erabilera? Zergatik ez sustatu euskara azpitituluen bidez?
Hona Jon Garañok Argian egindako elkarrizketan esandakoa: “Denek, bai katalanek eta bai guk, Espainian dagoen bikoizketarako joera heredatu dugu. Baina logikoena izango litzateke ohitura bat izatea pelikulak bertsio orijinalean eta azpitituluekin ikusteko. Horrela ikusten dituzte filmak Holandan, Danimarkan, Suedian, Portugalen… Beraiek bezala bagina, oso logikoa ikusiko nuke azpitituluak erdaraz daudenean euskaraz ere egotea. Bikoiztearena egiten zait arraro, nahiz eta era berean jakitun naizen jendeak horrela bakarrik joan nahi duela zinema ikustera. Ez hori bakarrik, ohitu egin dira pelikulak gaztelaniaz bikoiztuta ikustera, arraro egiten zaizkie euskaraz bikoiztutako pelikulak. Berdin Katalunian: han ia denek katalanez jakin arren, jendeak gaztelaniazko bikoizketak ikustera jotzen du. Aldatu egin nahi da hori, baina ez al zen beharbada positiboagoa izango pelikula bertsio orijinalean jarri eta katalanez azpititulatzea, eta era horretan katalanezko pelikulak bultzatzea? Donostian areto bakarrak proiektatzen du azpitituluekin eta gaztelaniaz azpititulatzen du. Euskaraz azpititulatuko balute, nik uste jendea joango litzatekeela film horiek ikustera. Berdin DVDekin, euskaraz azpititulatuak egotea gustatuko litzaidake, zinema asko etxean kontsumitzen baitugu gaur egun”.
Egia da, ordea, bikoizketara hain ohitua dagoen gurea bezalako kultura batean arrotz zaizkigula azpitituluak, arrotz zaizkigu bertsio orijinalean eskainitako lanak. Era berean, dena den, Internetetik jaitsitako pelikulak geroz eta gehiago ikusten diren garaiotan, jatorrizko hizkuntzan hainbatetan, azpititulatzea soluzio aproposena izan daiteke XXI. mendeko irudi-kontsumo modu berrira egokitzeko.
+1000
Lagun batek honako iritzi artikulua bidali zuen orain denbora bat Berria egunkarira. Gehiengo batek oraindik bikoizketaren alde joko lukeen arren, gazteetan batik bat geroz eta gehiago gara ekoizketak jatorrizko bertsioan ikusi nahiko genituzkeenak. Zorionez teknologia berriek hau errazago izate ahalbidetzen dute.
EITBren itzulpen politika aldatzeko eskaera
Urte askoan gauzak egiteko beste modurik ez zela pentsatzen zuen milaka ikusle horietako bat nauzue, zeinari guztia «egina» eman zaion itzulpen eta hizkuntza kontuan, eta ondorioz zail edo ulergaitz egingo litzaiokeen bertsio originalean eta azpidatzita gauzak ikustea.
Izan da, ordea, aldaketarik ene bizian, Erasmus programaren barruan atzerrira atera bainaiz (Esloveniara zehazki) eta begiak ireki baitzaizkit. Han, sinestezin badirudi ere, ingelesaren jakintza zabal eta finkatu bat aurkitu dut jendearengan (40-50 urtetik behera batik bat) eta baita beste hizkuntzak ikasteko erraztasun eta grina ere.
Egia esan, anitz dira arrazoiak, estatu txikia izaki kanpo harremanen garrantzia eta ondorioz atzerriko hizkuntzen ezinbestekotasuna; turistikoki garatutako herrialdea izaki, turistei harrera egiteko zenbait hizkuntzaren komenigarritasuna; Jugoslavia ohiaren garaietatik datorren hezkuntza maila aipagarria eta atzerrira joateko interesa; baina, batik bat, telebistaren etorrera eta bertsio original azpidatzien eragina.
Ingelesez bikain mintza zaizkidanak asko izan dira ikasketa berezirik gabe, aurrez sekula atzerrian izan gabe edota atzerritarrekin kontakturik izan gabe, soilik telebistan egunero entzuten eta ikusten dutena dela medio. Ez dira izan bat edo bi bakarrik gazteleraz entzun ditudanak telebistako telenobelak ikusteagatik soilik ikasita, eta gauza bera esan liteke beste zenbait hizkuntzarekin.
Ez dut ikerketarik edo oinarri zientifikorik hau baieztatzeko, baina ziur nago telebistan aurki dezakegun hizkuntza barneratzeko gai garela nahita edo nahi gabe, galde bestela ni bezala herri guztiz euskaldunetan hezi garen gazteoi, ia Batxilergora arte geure erdararekiko kontaktu zuzen bakarra telebista izan denean eta halere edozer ulertzeko gai garenean.
Espainiar estatuan egiten den itzulpengintza politikak luzera kalte egiten digula deritzot, eta hangoa aldatzerik ez badago ere, Euskadi mailan ahalegin bat egin behar litzatekeela uste dut.
Interesgarria da ikustea Ingelesaren irakaskuntzari umetatik irakasteari ematen ari zaion garrantzia eta egunerokotasunean duen isla apala.
Pentsatzen jarrita, gainera, ez al da arraroa ikustea zenbat diru gastatzen den itzulpen lanetan azpidatziak egin ordez? Gure EITBren kapital mugatua ez al litzateke beste gauza batzuetara zuzendu beharko agian?
Ezin dezakegu egun batetik besterako aldaketa drastikorik egin benetako behar bat eta kontzientzia sozial bat ez badago, baina pixkanaka gauzak aldatzen joan gaitezke sustraitik hasten bagara. Esate baterako, haurrek duten ikasteko erraztasuna ikusirik, ez al genuke interesgarri eurei zuzenduriko programazioa jatorrizko bertsio azpidatzian jartzea? Ez ote da posible marrazki bizidunak ingelesez ikustea, eta urteak aurrera joan heinean telebista serie onen bat ere jartzea?
Ez ote gara gai izango 10-15 urtera begira gauzak aldatzeko?
Ba justu aste honetan, kasualitatea, nire lagun batek Bartzelonan “Precious” filma katalanez azpititulatua ikusi duela komentatu dit. Niri oraingoz ez zait horrelakorik tokatu eta berarentzat ere lehenengo aldia izan omen da (Bartzelonan bizi da eta zinezale porrokatua da).
Ea hemen… tira, ez da esperantza galdu behar.