‘Mugaldekoak’, butaketatik sofara
Gertakari eta pasadizo historiko gehiago espero genituen. Azken finean, Bigarren Mundu Gerrako Comète sarea da istorioaren abiapuntua, naziek kontrolaturiko lurretan eroritako pilotu ingelesei etxera itzultzen lagundu zien sarea, euskaldunek osatua. Baina telebistarako pentsatutako produktua da Mugaldekoak –telefilma alegia, herriz herri aurrestreinatu zutena, eta ETB1en ematen ari diren telesailaren aurrerapen eta akuilu–, eta horregatik, amodio, pasio eta gorroto istorioek hartzen dute protagonismoa, sekretuek, maitasunak, traizioek… Denbora tarte gutxian korapilatzen eta tartekatzen diren tramak beti dira baliabide ona ikuslea telebista kate beraren aurrean mantentzeko, zappingik egin ez dezan, eta hurrengo asteko kapitulurako amua botatzeko. Antzematen da telebista munduaz asko dakiela Gabilondo-Bernues tandemak –Kutsidazu bidea, Ixabelekin antzerako esperimentua egin zuten–.
Fokua lekuz aldatzea eta bide berriak jorratzea da hain justu Mugaldekoaken lorpenik handienetakoa, zinema telebistara eramatea. Goenkale eta Martin bezalako telesailen kostunbrismotik harago, teknika, zailtasun eta kalitate handiagoen aldeko apustua eskertzekoa da, telebistara produktu landuak iristea, nazioartean ematen ari den joerari jarraiki: zinema-aretoa utzi eta pantaila txikira egin dute salto maila oneko edukiek. House, Six feet under, The Sopranos, Lost… Dagoeneko, ikus-entzunezko kultura modernoaren kontsumoa telebistara aldatu da, produktu ausartagoak eskaintzeko gai, egungo bizimodurako aproposa, eta gainera, zinema baino errentagarriagoa eta eraginkorragoa. Ez dezagun ahaztu, zinema ez da soilik magia, xarma eta lilura; industria eta negozioa ere bada. Norabide horretan, urrats bat gehiago da Mugaldekoak.
- Mugaldekoak
- Zuzendariak: Fernando Bernues, Mireia Gabilondo (telefilma); Eneko Olasagasti, Mireia Gabilondo, Carlos Zabala (telesaila).
- Aktoreak: Mireia Gabilondo, Isidoro Fernandez, Sara Cozar.
- Gidoi arduraduna: Patxo Telleria. Tentazioa ekoiztetxea eta ETB. Euskal Herria. 2010
Filma ikusi nuen lehenbizi, eta telesaila baino gehiago gustatu zitzaidan. Oker ez banago, 13 atal ditu azken horrek, eta lehenbiziko 3 ataletan kontatu dute ia film osoa. Hemendik aurrerakoak interes berezirik ez du niretzat, eta Goenkale usaina hartu du (beste garai eta dekorazio batzuekin).
“Comète sarea” izena du (t bakarrarekin). Berrian ere oker eman zuten aurreko batean.
“Kutsidazu” da zuzena (ts-rekin), toki askotan bestela ere agertu arren.