Nagore Laffageren auzian, ikuslea epaile
Hotzikara handiena ez dit sortu hiltzailea bere pisuan ikustea, abokatu eta fiskalen aurrean hilketa pausoz pauso gogora ekartzen, ez eta Nagore Laffagek hiltzear zela 112 telefono zenbakira egindako deiak, edo senide eta lagunen oroitzapen hunkituak. Nagore dokumentalean, herri-epaimahaiak Asun Casasola Laffageren amari egindako galderak utzi nau zur eta lur: “Zure alaba oso mutilzalea (muy ligona) al zen?”.
“Nor ari dira juzkatzen? Hiltzailea ala nire alaba?”, dio Casasolak haserre, galdera matxista horren aurrean. 2008ko Sanferminetan, goizaldean, neska irundarra Jose Diego Yllanesen etxera igo zen, Iruñean, eta handik gutxira mutilak hil egin zuen. Aipaturiko galdera jaurtiki zuen herri-epaimahai horrek berak ebatzi zuen Yllanesek ez zuela Nagore asasinatu, baizik eta aurrez pentsatu gabeko hilketa izan zela, eta ondorioz kartzela-zigorra arinagoa izan zen. Eztabaidarako bide ematen du dokumentalak, hori baita lan honen helburua: gogoetarako abiapuntu izatea.
Prozesu juridiko-polizialaren jarraipena egin du Helena Taberna zuzendariak, thriller tonua hartuz, erritmo biziz. Aldi berean, Nagoreren familiak eta lagunek neska irundarra dute hizpide, omenaldi moduan kasik. Ildo biak elkar gurutzatzen dira etengabe, eta elkarren osagarri dira, oreka egokian: ez da gertaeren kronika hutsa eta ez da erortzen sentimentalkeria merkean. Bide horri helduz, hausnarketa eta emozioa uztartu ditu zuzendari nafarrak, kontakizuna eta sentimenduak, sentsazionalismoan eta morboan erori gabe.
Dokumental txukuna egin du Tabernak, kontakizun kolektiboaren bidez: telebistako albistegiek, epaiketako irudiek, abokatu eta fiskalek, 112 telefono zenbakira egindako deiek, senideek, lagunek, ikaskideek… laguntzen dute puzzlea osatzen. Azkenerako, ikuslea bihurtzen da epaile, eta bere esku dago ondorioak ateratzea.
Nagore
Zuzendaria eta gidoilaria: Helena Taberna
98 minutu. Euskal Herria, 2010.
Iruzkin bat
Trackbacks/Pingbacks
- CRÍTICAS » Noticias - [...] ARGIA.COM – Mikel García 15 noviembre, 2010 | admin | No Comments » [...]
- Hilda agertzen diren emakumeak | Jendartean - […] – Hiltzailea beharrean biktima jartzen dugulako sarri jomugan, gertatu zaiona probokatu izan balu bezala (salaketarik jarri ez zuela azpimarratzen…
- Hilda agertzen diren emakumeak | hezpide.com - […] – Hiltzailea beharrean biktima jartzen dugulako sarri jomugan, gertatu zaiona probokatu izan balu bezala (salaketarik jarri ez zuela azpimarratzen…
Dokumentala ikusteko gogoa nuen eta gehiago dut orain, mila esker Mikel.