Elur-bola efektua sarien lehian
Bi motatako sariak daudela irakurri nion Mauro Entrialgo komikilariari bere zintetako batean: batetik saritua goratzeko eta ezagun(ago) egiteko ematen direnak, eta bestetik saria ematen duen jaialdia bera goratzeko eta ezagun(ago) egiteko ematen direnak –bestela nolatan Donostia Saria Richard Gere edo Julia Roberts-i?–.
Mundu korapilatsua da sariena. Zeinek, zergatik, nori, nola… ematen dituzten sariak, kasuan kasuko gogoeta kritiko-maliziosoa eskatzen duen afera da, baina elur-bola efektua ageriko fenomenoa da trofeorako lehian: diruak diru gehiago erakartzen duen moduan, zenbat eta jaialdi gehiagotan aritu –eta saritu–, orduan eta handiagoa da beste jaialditan parte hartzeko –eta irabazteko– aukera… errekorren Guinness saria lortzeraino. Bai, hala gertatu zaio Lucas Figueroa argentinarraren Porque hay cosas que nunca se olvidan film laburrari. Jaialdiz jaialdi ibili da, eta 300 garaikur inguru eskuratu ostean, historiako labur sarituenaren Guinness saria eman diote. Eta ondo dago ume italiar futbolzale batzuen istorio hau; bizilagunak –baloi ostikoez nazkatuta dagoen emakume zaharrak– baloia zulatuko die eta mendekua prestatuko dute haurrek. Ondo dago, bai, baina ez historiako sari gehien merezi izateko adina. Esango nuke –publizitate subliminala eginez, bide batez– Argiaren webgunean bertan labur hobeak aurki ditzakezula.
Euskal zinemagile ezagun batek duela gutxi aitortu zidan ez dagoela ziur jaialdiek bere film laburrak hautatzen ote dituzten onak direlako, edo dagoeneko izen bat duelako. Bietatik izango da, seguruena, egilearen itzala luzea baita edozein obratan, eta krudela da zirkuitua: betikoak betikotzen eta hauspotzen ditu, jaialdi batetik bestera, eta kanpoan uzten du gurpilean sartzea lortzen ez duena. Zeinek zioen saria irabaztea ezetz, maila gorenean mantentzea zela zaiena? Lucas Figueroa oraindik harrituta dago Guinnessarekin: “Arraroa da, sari bat eman didate sariak jasotzeagatik”. Eta handituz doa elur-bola.
https://www.youtube.com/watch?v=uuge2gtuNVU
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks