Emakume gutxi eta gaizki irudikatuak zineman
Kazetariok ez omen diegu emakumezko autoreei galdetu behar ea zergatik egiten dituzten emakumeak protagonista dituzten obrak, gizonezkoei ez diegulako galdetzen zergatik duten gizona protagonista euren lanetan. Baina badirudi, hainbat gairi emakumezkoek heltzen ez badiete, ez dituela inork plazaratuko. 2009ko apirilean aurkezturiko Cine y género en España. Una investigación empírica (Zinema eta generoa Espainian. Ikerketa enpirikoa) liburuaren arabera, 2000. urtetik 2006ra Espainiako Estatuan egin diren filmetan, behin bakarrik agertu da erabaki transzendentea hartzen duen emakume protagonista bat: Yoyes-en, ETAko kideari buruz Helena Tabernak zuzenduriko filmean.
Ikerketak argi uzten du: zinema munduan, ekoizleen artean %15 dira emakumeak, %10 gidoilarien artean eta %7 zuzendaritzan. Emakume zuzendariak %50 direnean primerakoa izango dela uste du Helena Tabernak, munduaren ikuspegia bi aldeetatik etortzea mesedegarria delako. Gizonek eta emakumeek begirada desberdinak al ditugu ba? Begirada pertsonalitatearen araberakoa dela ihardetsi dit, baina gizonek gizonekin egin duten moduan, emakumeek askotan emakumeengan jarriko dutela begirada, hobeto ezagutzen dituztelako. “Berdintasunaren alorrean mundua oraindik demokratikoa ez denez, ezin da gehiago zehaztu, bai nik eta bai zuk estereotipo asko ditugu jasoak begiradari buruz, zein modutan azaldu behar duten zineman emakumeek eta gizonek. Emakume zuzendari gehiago iristea beharrezkoa da, begirada desberdin gehiago jasotzeko, mundu aberasgarriagoa sortzeko”.
Aipatu ikerketa ez da soilik kopuruez mintzo. Aztertutako filmen edukiekin ere kritiko ageri da, pertsonaietan nahiz ikuspegian monopolio maskulinoa nabarmena dela ondorioztatuz, eta emakumeaz ematen den irudia aldiz, estereotipatua. Bestelakoak dira zinegile nafarraren pertsonaiak: emakume indartsuak, buruaskiak, familia aurrera ateratzen dutenak, ekintzaileak… “Alegia, ezagutzen ditugun modukoak, ez? Nire inguruan bai behintzat, gehienak horrelakoak dira”. Garrantzitsua litzateke emakume zuzendariek soilik ez, gizon zuzendariek ere klixeetatik aske dagoen irudia ematea emakumeaz. “Liburua irakurrita harrigarria da zein planteamendu matxista darabilten zuzendariek, inkontzienteki agian, eta beharbada jabetu ere ez gara egin pelikula ikusterakoan. Zergatik ikusi behar ditugu zineman gizon burusoil eta tripandiak emakume gazte eta ederrekin? Imajinario maskulinoan funtzionatuko du agian, baina ni ez naiz horrekin identifikatzen eta sinestea ere kosta egiten zait”, Tabernaren gogoeta.
Kaleratu berri dudan eta hainbat zinegileri egindako elkarrizketak biltzen dituen Zeluloidezko begiradak liburuko pasartea da goikoa. Argiaren 2272. zenbakian, liburuko beste hainbat pasarte jaso ditut Eraso politikoak istorio deserosoei erreportajean (zinemaren eta politikaren arteko harremanaz).
datozela emakumezko zuzendari gehiago ba.
Epa Xabier, ados emakume zuzendariak ongietorriak izango direla, baina nire ustetan, ez da soilik hori, zinema industrian dauden gizonezkoak konturatu beharko dira, beraiek esparru librea utzi beharko dutela ere. Martxoak 8ko manifan esan zenaz gogoratzen naiz, geurea da munduaren erdia, eta geuk erreklamatu egiten dogu, baina batzuok euren pribilegioak baztertu beharko dituzte…