Kopagoaren oihartzuna, geroz eta gertuago
Kopagoa bezalako neurri desatsegina ez du inongo politikaririk ahotan hartu nahi, baina krisiaren aitzakian sona hartzen ari da azkenaldian: Italian 25 euro ordaindu beharko ditu herritarrak Larrialdietara doan bakoitzean, eta beste 10 euro mediku espezialistaren beharra izanez gero. Kataluniak osasun zerbitzuen erabileraren araberako tasa kobratzea proposatuko du gaur, Espainiako Estatuko Osasun kontseilarien bileran. Iritsiko al da halakorik gurera?
Kopagoaren aldekoen argudio nagusiak bi dira: herritarrek arinkeria handiarekin erabiltzen dituzte osasun publikoko zerbitzuak; eta sistema publikoa bideraezina da, gastua gehiegizkoa baita. Bada, arinkeriaz erabiltzeari buruz ez dago daturik, beraz frogatu gabeko topiko horietakoa dugu. Gastuari dagokionez, egia da ahalegin handia eskatzen duela, Dominique Belpomme doktoreak berak adierazi zuen Argian: “Gaixotasunen areagotzeak gizarte segurantzaren eztandara eramango gaitu. Nola jasan dezake gizarte segurantzak bi biztanletik bat gaixo egotea? Erretretena baino arazo askoz larriagoaren aurrean gaude, eta gehiengo handia oraindik ez da ohartu ere egin”. Horregatik, prebentzioan indarrak jartzea da bidea, gaixotasunen jatorri nagusi den kutsadura murriztea, zerbitzu publikoaren kudeaketa eraginkorra bultzatzea (dirua kontzertazioetara bideratu beharrean), industria farmazeutikoaren presioei muzin egitea, Europako batez bestekoaren azpitik dagoen aurrekontua eta inbertsioa handitzea Osasun arloan…
Horren guztiaren ordez, kopagoa saldu nahi dute soluzio gisa, baina Ignacio Escolar kazetariak dioen moduan, hitzak ez luke ko-pago izan behar, bir-pago edo bir-ordainketa baizik, osasun publikoa bestela ere guk geuk ordaintzen baitugu, zergen bidez. Funtsean, pribatizazio handiagoa ekarriko luke kopagoak, zuzenki kaltetuz diru gutxi daukatenak, zaharrak eta gaixoak (hots, horiek ordaindu dezatela gehiago, diru gehien dutenen zergak igo beharrean). Ongizate gizarte batean, norberak bere poltsikotik bir-ordaindu beharko al du osasuna? Norberak erabaki medikua behar duenentz? Eta muturrera eramanda, dirurik ez duena ez al dute artatuko? Sistema pribatuak arrisku hori baitauka, Madrilen gertatua kasu: 59 urteko gizon batek, begi bat galduta, beste begiko ikusmen urria berreskuratu nahian Vissum klinika pribatura jo zuen, kataratak kentzeko. Baina ebakuntza gelan zegoela, bertan behera utzi zuten ebakuntza, Sanitas aseguru etxearen azken orduko aginduari erantzunez, zer eta pazienteak azken hilabeteko 166 euroko kuota ordaindu gabe zuelako. Anestesia emana zioten jada, baina esandakoa, ebakuntza gelatik atera eta kanpora bidali zuten, bankuko agiriarekin akats bat egon zelako…
Pribatizazioa, finean, osasungintza bereganatzen ari den mamua dugu, kontzertazioen, medikuak erostearen, zerbitzuak kanporatzearen… bidez. Erreportajea idatzi nuen horri buruz Argian.
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks