Ikasleei etxeko lanak bidaltzearen aurka daude gurasoak
Hamabost egunez, eskolatik bidalitako etxeko lanei muzin egitera, grebara deitu berri du Frantziako Estatuko guraso elkarte handienak, Ikasleen Gurasoen Kontseilu Federazioak (FCPE), eta blog bat sortu dute horren inguruan. Haurrei etxeko lanak bidaltzearen onura ez duela inork frogatu eta etxean laguntza jaso dezaketen eta jaso ez dezaketen haurren arteko ezberdintasuna handitzen duela argudiatu dute. Frantzian, 1956tik zirkular batek debekatu egiten du lehen hezkuntzako ikasleei idatziz egin beharreko etxeko lanak bidaltzea, baina askotan ez da betetzen. Alfie Kohn irakasleak argi du, etxeko lanak ez dira beharrezkoak eta gainera ez dira onak; hala azaldu du The homework myth (Etxeko lanen mitoa) liburuan.
7 eta 11 urteko bi seme-alabaren aita honen esanetan, gaur egun umearen garapen integralaz hitz egin ohi da, errendimendu altua lor dezan presionatzeak dituen ondorio psikologiko kaltegarriez mintzatzen gara, “baina praktikan ez da ezer aldatzen. Eskolan etxerako lan mordoa ematen jarraitzen dute eta horrek, estresa sortzeaz gain, ez die uzten haurrei beste arlo batzuetan garatzen”.
Etxeko lanen aldekoen argudioa izan ohi da independentzia, ardura, autodiziplina eta ikasketa ohiturak bultzatzen dituztela, baina Kohn ez dago horrekin ados: “Etxeko lanak oso desatseginak dira bai haurrentzat eta bai familientzat eta azkenean onurarik gabeko esfortzu huts bilakatzen dira. Etxeko lanekiko umeen interes faltak eskolarekiko eta orokorrean ikastearekiko jarrera ezkorra eragin dezake. Nire ustez, etxeko lanak dira haurraren jakin-mina amatatzeko arrazoi nagusia. Eta guk haur osoak nahi ditugu, sozialki, fisikoki eta artistikoki garatuko direnak, eta erlaxatzeko eta ume izateko ere denbora izango dutenak”. Nola motibatu haurrak, orduan? Hezkuntza sistemarekin kritiko den irakasle estatubatuarraren hitzetan, norbera baino ez da gai norbere burua motibatzeko: “Gauzak ulertzeko umeak berez duen nahia loratzeko, aproposa den sare curricular bat, giro bat sortzea da egin dezakeguna, eskolan eta familian. Nire seme-alaba ‘motibatzen’ saiatzen banaiz, ziurrenik modu kontrolatzailean arituko naiz”.
Kontuak kontu, ikastetxe gehienetan ohikoak dira etxeko lanak, txikitatik. Guraso elkarteen presioek edota ikaskuntza/irakaskuntza prozesuko metodologia eta filosofia berriek egoera aldatzen duten ikusteke dago.
12 Iruzkin
Trackbacks/Pingbacks
- Etxerako lanak | Kafe tartea - […] Argia :: Ikasleei etxeko lanak bidaltzearen aurka daude gurasoak […]
- Etxeko lanik ez, eskerrik asko | Lagundu nire kabuz egiten - […] eta jende gehiago hasi da gehiegizko etxeko lanekin kezkatzen. Frantzian etxekolanen greba egin zuten gurasoek 2012an, oraintxu Espainiako hezkuntza…
- Etxeko lanak bai edo ez? / ¿Sí o no a los deberes? | Mariturri Guraso Elkartea - […] http://www.argia.eus/blogak/mikel-garcia/2012/03/27/ikasleei-etxeko-lanak-bidaltzearen-aurka-daude-g… […]
Etxeko lanak ohikoak bakarrik ez, gero eta gehiago eta nire ustez gero eta zailagoak, gure alaben ikastetxean behintzat. Askotan esan diet beste guraso batzuei, erdi-tantxetan erdi-serio, planto bat egin beharko genukeela; hau ikusita, indar berriz ekingo diot, basamortuko predikatzailearen pare arituko naizela jakinda ere. Hori bai, ikastolako bileretan irakasleei etxeko lan gehiegi bidaltzen dutela esaten diegunean beraiek ezetz, umeentzat oso ona dela eta hori guztia… Eta iruditzen zait ondorengo egunetan apur bat gehiago bidaltzen dietela gainera.
ni irakaslea naz ta etxerako lanak behar-beharrezkoak dira.Ikasle motibatua motibatua dau etxerako lanegaz edo etxerako lan barik eta motibatua ez dauena ez dau etxerako lanik ezak motibauko. Noz amaituko dogu hippikeria hauegaz? etxerako lanik ez, haurren garapen integrala eta beste hamaika memeloleria. Neuk esango dotsuet honen atzean benetan ze dauen: bere lanetan eta aisialdian buru-belarri dabiz guraso asko, nekauta heltzen dira etxera, erosketak ein behar, afaria prestau, seme-alabek ez dakit zenbet aktibitate ezberdinetara bidali….. seme-alabegaz ganoraz eoteko astirik ez eta gainera etxeko lanak? Bai zea! Ta gauza bera edukazioagaz! nekauta, seme-alabak edukatu eta behar bezalako mugak eta zigorrak ipintzea? puffff hau nagia…. ta gero seme-alaba hauen portaera irakasleok jasan behar! Ahaleginik eiteko ohiturarik ez, ikasteko ohiturarik ez, arau eta beste gizabanakoenganako gitxieneko begirunerik ez, ikasketek ez omen dira hain garrantzitsuak etab….
Ni etxeko lanak bidaltzearen alde nago. Ikasten dena sendotzeko agintzen dituzte irakasleek lanak. Eta ikasleentzat laguntza estra bat da.
Aitor, eskerrik asko zure iritzia uzteagatik. Seme-alaben heziketan gurasoek duten inplikazioak gogoeta gehiagorako ematen duen arren (eta esperientziatik diozun moduan, ziurrenik guraso batzuek eskolaren gain uzten dute heziketa hori), zehazki gaiari helduta, ez pentsa hain hippya denik etxeko lanik ez bidaltzea: Euskal Herrian bertan, badira ikastetxeak non adibidez astebeterako ikasleek egin beharrekoak adosten diren, eta lan horiek eskola-orduetan burutu ditzaten egiten da plangintza (ordu horietan izarrei begira egon den haurrak eta ariketak egin ez dituenak, horrek bai, etxean bukatu behar). Bestalde, haurraren garapen integrala modu ezkorrean aipatzeak harritu nau, izan ere konpetentziak/gaitasunak lantzera bideratu nahi da egungo hezkuntza, ikaskuntza ez dadin izan, adibidez, eduki soilak jasotzea, baizik eta bizitzarako prestatzea, eta horrek, nire ustez, heziketa integrala eskatzen du, arlo guztietan, eta denen laguntzarekin (familiaren eta gizartearen parte-hartzearekin alegia, ez soilik ikastetxearen eskutik).
Duela bost urte alaba nagusia eskolan hasi zenean etxeko lanak egitearen aurka nengoen, edo ez alde behintzat. Eskolan egiten dituzten ia 6 orduak nahikoak iruditzen zitzaizkidan mate, ingurumen, hizkuntza… eta gisakoak jorratzeko. Gurean, ohikoan, etxeko lanak ez dira arazo, egiten dira eta listo, lagundu behar bada laguntzen da, baina saiatzen gara seme-alabek bakarrik egin ditzaten. Eskola-etxea komunikazioa: afalorduko berriketaldia eguneko gauzez –asko eta asko eskolakoak– etxeko lana baino aberasgarriagoa da gurean.
Zalantza barik, etxeko lanek beste gauza asko egiteko denbora kentzen die haurrei, hor dira eskolaz kanpoko jarduera mordoa ere (musika, kirola, antzerkia…) eta hor dago beren jolasa, lagunekin kalean edo etxean, bakarrik edo anai-arrebekin, gurasoekin… Diziplina? Ba bai, seguru ematen diela, beste gauza askok moduan: mahai jaso, erratza pasa, ohea egin, hortzak garbitu, gela bildu, ogia erosi, zaborra jaitsi…
Aitorrek arrazoi du, sekulako desmasiak ikusten dira plazan –zeresanik ez irakasleek eskolan- mugarik gabeko ume jasanezinak , hezkuntzaren konpromiso eta denborari “ihes” egiten dieten gurasoak, ezjakintasun handiak, egiazko denbora falta… baina hori guztia eskolako etxeko lanekin nahastea edo hippismoarekin ez da zuzena. Hezkuntzari buruzko eredu edo ikusmolde desberdinak dira eta listo.
Gutxi, gizarte mailan jarraitzen dugu gutxi hitz egiten gure haurren hezkuntzaz (ez eskolakoaz bakarrik), beste eredu batzuei buruz, motibazioaz, sormenari ematen zaion lekuaz, eskola-komunitatea harremanaz, aisialdiaz…
Nafarroako Eskola Kontseiluak txosten bat onetsi zuen joan den urtean gai honen harira:
http://irati.pnte.cfnavarra.es/consejo.escolar.navarra/attachments/article/205/Informe%20Tareas%20escolares.pdf
Etxeko lanak irakasle gehienek gela barruan burutzen duten metodologiaren jarraipena besterik ez da. Ikaskuntza edukien norabide bakarreko transmisio soila dela uste duten irakasleen estrategia didaktikoaren atal bat da. Ikaskuntza memorizazio soilarekin konfunditzen dute gehienek eta memorizazio hori bermatu nahian, errepikapenean oinarritutako ariketa zerrenda luzeak erabiltzen dituzte praktikan.
Ikaskuntza ulertzeko modu zaharkitu honetan, gelako ordu gehienetan ikasleak jarrera pasiboa izaten du, protagonismoa irakaslearena izaten baita. Horrela, oroimena jorratzeko, memoria lantzeko, ariketa sorta luze eta errepikakorrak bidaltzen zaie ikasleei etxerako. Eta hori guztia inongo kriteriorik gabe egiten dugu gainera, ikasle guztiei (behar handiagoak edo desberdinak dituzten ikaslea izan edo ez) etxeko lan berdinak bidaltzen zaizkie, denek berdin egin behar dituzte eta epe berdinerako.
Ikaskuntza ulertzeko eredu honek aspaldi egin du “krak”. Baina ez bakarrik gure gaztetxoen kasuan. Irakasleok (Aitorrek berak ulertuko du zer esan nahi dudan honekin) jarrera bera erakusten dugu ikasle rola hartzen dugunean; asper-asper eginda bukatzen dugu ohiko formazio saioekin, paso egiten dugu entzule izatea tokatzen zaigunean eta jasotakoarekin etxeko lanak egin behar izaten dugunean, gehiengo batek borondate gutxi jartzen du lan horiek lan orduetatik kanpo egiteko.
Gelan metodologia aktiboak erabiltzen duten ikasleek, lan kooperatiboa bultzatzen duten irakasleek, gutxitan jotzen dute etxeko lan tradizionaletara. Gehiago oraindik, askotan ikasleak eurak izaten dira ikaskuntza beharrak euren gain hartu eta irtenbidea bilatzen ahalegintzen direnak. Nik neuk egiaztatu dut hori.
Amaitzeko, gure haur eta gazteen eredu helduok gara (https://www.youtube.com/watch?v=gnJ3jGTDcTU), hala da eta izan da beti. Guraso eta irakasleok, guztiok pentsatu beharko genuke zein eredu ematen ari garen gure seme-alaba edo ikasleei, etxean eta eskolan. Ikasle motibatuak nahi baditugu, konprometituak, bide berriak urratzeko grina dutenak, elkarlanean guztura aritzen direnak, kooperatzeari balorea ematen diotenak… izan gaitezen irakasleok horren eredu lehendabizi eta ziur nago ikasle eredugarriak heziko ditugula.
Irakaslearen ikuspuntutik beharrezkoak ikusten ditut etxekolanak, orsuantxe jartzen bait da ikaslea autonomoki ariketak ebazteko prest,egiten dakien edo ez ebaluatuz… Askotan eskolan emandakoa landu eta barneratzeko modua daPlanteamendua beste bat behar luke; etxeko lanen bolumen, kantitatea.. Ala ere ikasle finenek ia ez dute etxekolanik eramaten,klase orduta bukatzen dutelako, beraz ez al gera beste behin ere ikasleak gain babesten ari? “gajuak ez dizkiefu etzekolanik bidaliko”
Irakasle ikuspuntutik beharrezkoak ikusten ditut etxekolanak, orduantxe jartzen bait da ikaslea autonomoki ariketak ebazteko prest, egiten dakien edo ez autoebaluatuz.. Askotan eskolan emandakoa landu eta barneratzeko modua ere bada.
Planteamendua bestelakoa ezan beharko luke; etxeko lanen bolumena, kantitatea…
Bestalde irakastea tokatu zaida ikastetxe gehienetan ikasle finenek ez dute etxekolanik eramaten, eskolan bertan bukatzen dituztelako. Beraz ez al gera beste behin ere ikasleak gain babesten ari “gajuak ez dizkiegu etxeko lanik bidaliko”. Ez zaizkie gu ikasle ginenean baino etxeko lan gehiago bidaltzen, eta guk ere esklatik at ekintza dexente burutzen genituen, musika, ingelera, kirola…
Etxekolanen alde egoteko, egungo hezkuntza sistemaren alde egon beharko da. Nik sistema berarekin dekadanazez zalantzak kontra postulatzen na. Beti esan izan dot semea ez dela etxeko lanak egin barik joango ikastolara, lan hoiek nik egingo doazala.
Hippismoa, errebeldia, erreboltaria izatea, ez dakit. Nik semeari mateak, gizarte zientziak,… barik ENPATIA (hau da klabea), naturari errespetua, etxeko jarduerak, liburueikiko maitasuna, … erakutsi nahi dotzadaz. Nik ez dut nahi Mozart, Einstein, Saramago edo Ronaldo bat nahi, nik mutil ZORIONTXU baten aita izan nahi dot.
Horrekin lotuta http://haurjolas.wordpress.com/ elkartea jarri dogu martxan urnietan adibidez. Eta hau etxeko lanak eiten laguntzea baino gogorragoa da 😛
Agian nahastuta egongo na. Denborak esango dosta, baina esan momentu honetan sentitzen dodanarekin koherentziaz jokatuta izango dala.
Nik alde nago, kontua meurria da eta ikasketa maila ere. Ikasteko ikaslea jarri behar da sailtasunen aurrean, autoebaluatu behar da, gelan ikusi duena ulertu behar du bere kabuz.Gurasoek laguntzea ez dago gaizki baina ahal dena ikasleak egitea komeni da.
Hori bai, ez da burdikara bat etxeko lan bidali behar, banaka batzuk baizik eta ez da beharrezkoa egunero bidaltzea ere. Neurria kontrolatzen bada(hobe gutxi gehiegi baino) onura dakarte ikas prozasuan eta lana jarraian egiteko ohitura hartzen lagunduko dute.
Ni irakaslea naiz eta hemen irakasle batzuek idatzitakoak harritu nau. Eskolan lanak bukatu dituenak ez du lanik eramaten etxera, eta bukatu ez dituenak etxen bukatu behar ditu??? Hau zer da? Zailtasunetan denak, eskolan sufritzen duenak, zigor bikoitza etxera ailegatu eta: eskolako lana segitu! Ikasle “onak” aldiz, lan gehigarriaz libratzen dira.
Bestalde, orain arte entzun ditudan oharrak gurasoengandik etxeko lanen aldekoak izan dira: ez dizkiet nahikoa ematen, trebatu behar dira, ohitura hartu behar dute…
12 urtetik goiti lanez itoak badira, ez dagokigu guri hori konpontzea. Etxeko lanena hausnar dezatela DBHn ere. Programak itogarriak dira eta nere ustez irakasle askok etxeko lanak erabiltzen dituzte programa aurreratzeko.
Bukatzeko, eta JOLAUSek nik baino hobe esan duen bezala, alda ditzagun gure jarduerak gelan, aktibo bilaka ditzagun haurrak eta ez dute etxeko lan beharrik izanen…