Zergatik ez den sinesgarria Garoñaren etorkizuna erabakitzen duen Segurtasun Nuklearraren Kontseilua
Pitzadurak antzeman dituzte Belgikako zentral nuklear bateko erreaktorearen ontzian, eta Arabatik 5 kilometro eskasera dugun Garoñako eta Cofrenteseko (Katalunian) zentralak ikuskatuko dituela adierazi du Espainiako Segurtasun Nuklearraren Kontseiluak (CSN), enpresa berak eraiki zituelako hiru zentraletako ontziak. Zein sinesgarritasun izan dezake, ordea, aurrekariak kontuan hartuta erabat politizatua dagoen eta orain arte industria elektriko nuklearraren mesedetan jokatu duen Kontseiluak?
Abiapuntua bera da esanguratsua, alderdi politikoek aukeratzen baitituzte Kontseilua osatzen duten bost kideak : PPk bi (Fernando Vicente Castelló eta Antonio Colino), PSOEk beste bi (Carmen Martínez eta Rosario Velasco) eta CIUk bat (Antoni Gurguí). Nabarmena da CSNren politizazioa: Politika eta Soziologian lizentziatua, PPko diputatu izan da Castelló, eta alderdi horren bozeramaile Industria eta Energia gaietan, besteak beste. Velasco eta Martínez Medikuntzan lizentziatuak dira, eta biak PSOEko diputatu izandakoak. Gurguí Industria saileko zuzendari orokorra izan zen CIUrekin, Kataluniako Generalitatean, eta CSNrako bere hautagaitzaren kontra bozkatu zuen Iniciativa per Catalunya Verds alderdiak, “profil oso pronuklearra” izateagatik. Industria nuklearrarekin lotura zuzenena Colinok dauka: ingeniari elektriko nuklearra da eta Endesa argindar enpresako sail nuklearreko zuzendari eta hondakin nuklearrez arduratzen den Enresa enpresako presidente aritu zen, Kontseiluan sartu aurretik.
Garoñaren kasuan, bi erabaki nagusi hartu ditu CSNk urteotan. 2009an, martxan jarraitzeko baimena luzatzea ebatzi zuen, nahiz eta zentralak ez zituen bete aurretik eskatutako baldintzak (kable-sare elektrikoa ordezkatzea eta larrialdietako aireztatze sistema konpontzea). Erreaktorearen ontziak korrosioaren ondorioz dituen pitzadurak –Garoña ixteko eskatzen duten taldeek behin eta berriz salatuak– zentralak martxan jarraitzeko oztopo ez zirela erabaki zuen. Aurten ere, 2019ra arteko luzapena gomendatu zuen, Europar Batasunak eskatutako “estres probak” egin aurretik.
Estatuko beste zentralen kasuan, Vandellós II zentraleko agintariek hodi bateko korrosioa ezkutuan mantendu zuten, baina euren jokaera kritikatzen zuen txostena manipulatu zuen CSNko orduko presidenteak (2001). Larrialditarako sorgailua izorratu zela-eta, Almaraz zentralean hilabete batez bost minisorgailu eramangarrirekin martxan jarraitzea baimendu zuen CSNk (2003); halakorik ez da inoiz gertatu industria nuklearrean. Vandellós II zentraleko ontziaren korrosio maila altua zela jakin arren, hemen ere martxan jarraitzeko oniritzia eman zuen CSNk (2004), “arrisku maila handiagoarekin”, gerora onartu zuenez. Ihes erradiaktibo bat bost hilabetez ezkutuan gordetzeagatik (2007), inputatuta daude Ascó I zentraleko hiru zuzendari eta CSNko ikuskari bat –zentral bakoitzean CSNko bi ikuskari daude–. Horrez gain, Espainiako Sare Elektrikoen datuekin bat ez datozen datu faltsuak argitaratu ditu Kontseiluak behin baino gehiagotan.
Gehiago dira aurrekariak, eta guztiek ere agerian uzten dute enpresa elektriko nuklearrekin eta karguan jarri dituzten alderdi politikoekin duten lotura hautsi arte –alegia, beste irizpide batzuen arabera aukeratuak izan arte–, nekez izango direla CSNko kideak benetan autonomo eta independente dagokien lana egiteko: zentral nuklearren segurtasuna bermatzea –herritarrena, azken buruan–. Osterantzean, bestelako interesen menpe dagoen erakundea izaten segituko du, itxurak gordetzeko erabilia.
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks