Así lo entendemos todos
Zine klasikoa berreskuratu du Donostiako Trueba aretoak ostegunetan (jatorrizko bertsioan, gaztelaniazko azpidatziekin). Joan den astean, Breakfast at Tiffany’s filma ikustera gerturatu zen lagun bat, eta gaztelania hutsean egin zuten aurkezpena. Hori ikusita, aurrean zuen ikusleetako batek hartu zuen hitza.
– Barkatu, baina euskarazko hitz batzuk eskertuko genituzke hainbatek, inguruan entzun dudanagatik euskaldun ugari gaude aretoan, eta gainera zu –aurkezleari– euskaraz hitz batzuk esateko adina moldatzen zarela badakit.
Eta segituan, bi ikusleren erreakzioa:
– Pues yo no entiendo euskera.
– Sí, ¿para qué repetir lo mismo? Mejor una sola vez, y así lo entendemos todos.
Aurkezleak zerbait esan zion belarrira Pedro Usabiaga argazkilariari (filmari buruzko hitzaurrea eskaini behar zuen, hau ere dena gaztelaniaz) eta ikusleengana zuzenduz bukatutzat eman zuen aurkezpena:
– Lo dicho, os dejo con Pedro Usabiaga.
Filma bukatu zenean, euskarazko hitzik ez, baina barkamen eskaera modukoa prest zuen aurkezleak:
– Sobre lo de antes, lo siento, pero es que no controlo el euskera lo suficiente.
Gezurra dirudi oraindik ere betiko “argudio” eta aitzakiak entzun behar izatea. Zertarako errepikatu euskaraz, denek gaztelaniaz baldin badakigu? Zertarako, euskaraz ez dakiten horiek baztertzen ariko bagara? Erasoa, inposaketa da gure hizkuntza. Gainera, barkatu, sentitzen dut, “lo siento“, baina apalegia da nire euskara maila, hori bai, errespetu osoa diot. Eta beste behin, hutsean geratzen da aldarrikapen linguistikoa, errealitatea baita oso erosoa dela Euskal Herrian erdaraz bizitzea, eta euskaraz bizitzea aldiz, hainbatetan benetan gaitza.
Sikiera ikusleetako bat ozen mintzatzera ausartu zen, sarri lotsagatik edo euskararen taliban gisa ez etiketatzeagatik (edo errazkeriak, nekeak, eztabaidarako gogo ezak, gehiengoak… tentatuta) isiltzen baikara. Beharbada bigarren urratsa ematea dagokigu baita ere, eztabaida lasaian gure ikuspuntua helarazten asmatzea ahots ezkor horiei, gure eskubidea ulerraraztea. Nola egin gure errealitatearekin enpatizatu dezaten? Aldarrikapen, amorru eta purrustadatik harago, ondo prestatuta joan behar dugu euskaldunok, zer erremedio, argudio sorta ederrarekin, horrelako egoeren aurrean modurik eraginkorrenean erreakzionatzen jakiteko.
Nik uste dut sinplea dela “pragmatiko”-uste horiei erantzutea. Errespetuan dago gakoa. Ez dugula eurek baino eskubide gehiago nahi, baina gutxiago ere ez, eta ez gaudela prest ikusezinak izaten jarraitzeko.
Gainera, itxura batean, “Pues yo no entiendo euskera” bota zuenak usaina hartu zion euskaldun haren aldarrikapenari, ezta? Agian, esan behar genieke eurengatik sentitzen dugula baina nahi ez luketen arren eurek ere zertxobait bederen ulertzen dutela euskara.
Guztiz ados, JJ.
Beste urrats bat da horrelakoak kontatzea eta zabaltzea, Mikel, zuk egin bezala. Oso terapia baligarria, nik uste.
Betiko aitzakiak erabiltzen dira gizartean oso barneratuta dauden diskursoak direlako eta oraindik ere funtzionatzen dutelako (bestela ez lirateke erabiliko). Euskaldunon hizkuntza portaera mugatzeko balio dute eta gainera aitzakia erabiltzen duena ez da deseroso sentitzen, beraz zertarako aldatu? Estrategia oso erraza da, norbere ez jakintasuna azaldu eta denok ulerkor jokatuko dute, baita euskal hiztunok ere. Horrela dena konponduta eta hurrengo batean… ba berdin jarraitu.
Zer egin dezakegu? Alde batetik, arazoa azaleratu behar da, ikusle euskaldunak egiten duen moduan, baina bertan dauden beste euskaldunen solidaritatea beharrezkoa da. Ikusi bestela zein erraz planteatzen dituzten beraien iritziak bi erdaldunek. Euskaldunok ere gure iritzia bertan azaltzeko beldurrak gainditu behar ditugu. Gatazka azaleratzea funtsezkoa da gatazka konpontzeko. Modu egokian azaleratuz, asertibitatez, haserretu barik, bestea entzunez eta ulertzen, baina gure eskubideak tinko defendatuz eta konponbiderako proposamenak adostuz. Egoera baten aurrean deseroso gaudenok eman behar dugu lehenengo pausoa, eroso dagoenak ez baitu aldatzeko beharrik ikusten. Truebako gertaera horretan, bost pertsonek bat egin izan balute euskaldunaren aldarrikapenarekin, modu onean, asertibitatez, antolatzaileek ez entzunarena egingo lukete? Are gehiago, hurrengo hitzaldia antolatzerakoan euskara kontuan hartu gabe egingo lukete? Ezezkoan nago.
Horretaz gain baditugu erabili ditzakegun beste tresna batzuk: erreklamazio orriak, Behatokia edota Elebiden kasuaren berri eman… Kexak zenbat eta gehiago izan, orduan eta arreta handiagoa jarriko dute horrelakoak antolatzen dituztenek.
Euskal hiztunok ez dugu zertan onartu behar bigarren mailako hiritar gisa tratatu gaitzaten. Norbaitek horrela egiten badu, gu diskriminatzen ari da. Azalaren koloreagatik edo sexuagatik norbait diskriminatzen den modu berean. Gure aldarrikapena justizia sozialekoa da, bizikidetzaren aldeko aldarrikapena, hemen denok elkarrekin bizi behar dugulako, denon eskubideak errespetatuz.
zorionak publikoko euskaldunari!
subjektibitatea baliatu zuen eskaera egiteko: “eskertuko genuke” baikorki gainera. kasu horretan erasokorra erdalduna iduritzen zait, bizikidetasunaren kontrako jarreragatik, berak berea planteatu ere ez duelako egiten (zertarako?!!Juanjok erran bezala eroso dagoena ez baita tokiz mugituko!) eta ez zaiolako bururatzen denak ez gaudela bere egoeran. Egoismo eta eraso hori, ordea, ez da egoskorkeriaz egina, guk euskaraz egoskorkeriaz egiten EZ dugun bezala. baizik eta bertzearen egoeraren ezjakintasunarengatik da.
nola egin beraz hurbiltze lana?nola egin berengana helarazteko gure egoeraren berri?badugla lan!!! bainan biba gu!!
Gero eta aspertuago nago euskaldunon kexa-berriekin, kexa-blogekin eta kexa-kronikoekin …..bai, ondo daude zer dagoen ikusteko, baina euskaldunok badakigu zer dagoen, edo gehienok badakigu, behar duguna estrategiak lantzea horren kontra eraginkor borrokatzeko da.
Telp bezalako kurtsoak, blogak eta artikuluak behar ditugu, zergaitik?? ba han baliabideak ematen zaizkigulako horrelako egoeratan nola jardun ahal izateko jakiteko, besteengan eragina ukan ahal izateko.
Berbarako, Juanjok komentatu duena baina askozaz praktikoagoa, eta hori ere aipatutakoetan faltan sumatzen dut. Adibide praktikoak, ba praktikatu ahal izateko!! askotan egorak aurreikusten saiatzen naiz, buruan eroan estres-egoera…eta batzuetan ondo ateratzen zait, besteetan ez, eta horrekin ikasten da….. blog hoentan ere atal bat horrelakoa ondo legoke: gure esperientziak eta estrategiak euskaraz mintzatzetzko… eta nik barakaldon euskaraz bizi banaiz…. ez dakit non egingo ez dudan!!!! : )