Bizikletaren mesedetan? Bai zera!
Irun 30 kilometro/orduko seinalez bete dute uda honetan. Istripuak gutxitzeko eta hiri barneko ekosistema hobetzeko erabaki aproposa izan daiteke (beste kontu bat da beteko al den, seinaleez aparte ez baita bestelako neurririk hartu, badenak jartzea adibidez), baina Udalak ez diezagula harro saldu txirrindulariengan pentsatuz egin duenik.
Txirrindulariengan pentsatu balu, auto artean bidaiatzera kondenatu beharrean, adabaki propagandistiko ponposoa onartu beharrean, herritarrak aspalditik eskatzen ari diren fundamentuzko bidegorri sarea bultzatuko luke Udalak. Orografia ez da aitzakia Irunen, beraz noizko (Koloi Pasealekuko espaloi erraldoiak aintzat hartuta) hiria zeharkatuko duen bizikleta-bidea? Noizko Behe Bidasoako bailara elkartuko duen bidegorria, Hondarribira sartzeko aireportuko errepidea behar bezala atonduz eta Hendaiako bidegorria Irunekin lotuko duen ibaiertzeko pasabidea eginez (proiektua behin baino gehiagotan aurkeztu zaio Udalari)? Noizko Nafarroan barneratzen den bide berdearekin bat egiten duen bizikletentzako errei bat Irunen, Behobiako errepide hertsian kamioi artean edo espaloi estuan oinezkoen protestak entzunez joan behar izan gabe?
Ez dakit gure politikariek zein herrialde eta herritako ereduak hartzen dituzten kontuan. Uda honetan Alemania, Austria, eta Eslovakia eta Hungariako zati bat gurutzatu ahal izan ditugu bizikletaz, txirrindularientzat egokitutako primerako bideetan zehar, eta harrituta utzi naute ez soilik Viena edo Budapest bezalako hiri handietako bidegorri sare bikainek, baita hango herritarrek bizikletarekiko duten kulturak ere: haur, gazte, heldu eta aitona-amonak ikusi ditugu bizikleta gainean, lanera joateko, auzo batetik bestera mugitzeko edo poteatzera ateratzeko, eta txalogarria da txirrindularienganako eta bidegorriekiko auto-gidariek nahiz oinezkoek duten errespetua.
Bizikletaren aldeko benetako politika eta neurriekin lortzen ote den kultura hori? Hein batean bai, ziurrenik. Ez dakit Euskal Herriko panorama orokorra zein den, ezta zein sentsibilitate dagoen adibidez txirrindularientzat prestatuta dagoen Gasteiz bezalako hiri batean. Inguruan behintzat ez dut halakorik ikusten. Eta ibilgailuen abiadura 30 kilometro ordura mugatzeko aginduarekin arazoa konpondu duela uste badu, Cristina Laborda Irungo Mugikortasun zinegotziari aholkatuko nioke hiritik paseo bat eman dezala bizikletaz, zentimetro gutxiko distantzia utziz aurreratzen dizuten autoez eta ihes-hodiz inguratuta, edo espaloitik, oinezkoen begirada ozpinduen jomuga bihurturik.
http://ibilbideak.euskadi.net/ibilbideak/publication.do?id=8135 helbidean gaiaz utzitako iruzkinei erantzunez:
mikel_ibilbideak eta Alberto_ibilbideak, nire ustez, aukera dagoenean, bizikletentzat bide edo errail propioa sortzea da soluziorik onena (eta Irunen egin daiteke), bere espazioa ematea, oinezkoek eta autoek beren lekua duten moduan. Nik ere uste dut kontzientziazioa falta dela, baina kontzientziatuta ere, 30 kilometro orduko abiadura errespetatuta ere, ez dut uste txirrindulariak errepidetik joatera kondenatu behar direnik (batez ere Irungo eta Bidasoako zati batzuetan, non arriskutsua den). Zergatik egin behar zaie bizikletei bigarren mailako leku bat autoentzat pentsatuta eraiki diren bideetan? Zergatik ez antolatu hirigintza beste lehentasun batzuen arabera, beste garraiobide batzuetan pentsatuz? Zergatik ez dute bide propioa merezi bizikletek?
Kaixo Mikel,
esan bezala (http://ibilbideak.euskadi.net/ibilbideak/publication.do?id=8138) “Nire ustez kasu bakoitza aztertu behar da, baina bidegorria beti ez da aukerarik onena eta batzuetan abiadura jaistea da irtenbiderik egokiena
Baina hau ez da lortzen lurra margotzen bakarrik.”
Zuk aipatzen duzu “bigarren mailako leku bat”, baina hori ez al da bidegorria kasu gehienetan?
Adibide bat ulertzeko: Kontxako PASEALEKUA. Oinezkoentzako ia tokirik ez asteburuetan, txirrindularientzako bidegorri estua eta arriskutsua, autoentzako 3-4 bide. Zein da bigarren mailako lekua?
Arriskua ere aipatzen duzu, arriskua eta abiadura ere oso lotuta daude, abiadura 30 km/ordukoa bada arriskua txikiagoa da.
Esandakoa, ez dakit zein den irtenbiderik onena aipatzen duzun kasuan, baina abiadura jaitsita (eta berriz ere ” hau ez da lortzen lurra margotzen bakarrik” arriskua jaisten da.
Portzierto nire etxetik (Donostia) Budapestera joateko bizikletaz, tarterik txarrena Oiartzun-Irun da, beste argudio bat zuen egitasmoak lortzeko. Animo.
Eskerrik asko zure iritzi interesgarriagatik, Mikel. Arrazoi duzu, bidegorria bere horretan ez da beti soluzio, hain juxtu sarri ez delako fundamentuzko bidegorririk egiten, baina bizikletentzako behar bezalako bideak eginez gero eta gainerakoek bide hori errespetatuz gero, lasai ibiliko ginateke bizikletaz. Funtsean, sakoneko arazoa da autoen mesedera antolatutako hirigintza dugula eta hirigintza horren gainean hasten dira “soluzioak” bilatzen.