Gutxienez, heroia emakumezkoa da
Ados, Hollywood Style filmak egurtzea da errazena (kritika honentzako beste titular aukera Zabor espaziala zen, pelikula nirekin ikusi duen lankideak gomendatuta), eta horregatik bilatu dizkiot alde onak Alfonso Cuarón zuzendariaren Gravity lanari: 3 dimentsiotan, Lurreko eta espazioko irudiak ikusgarriak dira, teknikoki eztabaidaezina, primerako efektu bereziz hornitua, eta gainera, heroia behingoz emakumezkoa da. Hortik harago, ordea, ez edukirik, ez tentsiorik, ez istoriorik, ez interesik.
Errusiar satelite batek kontrola galdu ostean (espazioan ere errusiarrak errudun), AEBetako transbordadorea suntsitu egingo du zabor espazialak eta hortik aurrera, bizirauteko eta Lurrera itzultzeko borroka hasiko du Sandra Bullockek ongi antzezturiko pertsonaiak. Zineman emakumeei eman ohi zaizkien roletatik urrun (protagonista direnean ere Disneyko printzesa eskematik hurbil, sarri), benetako heroia aurkezten digu filmak, azkarra eta ausarta, NASArekin bidaiatu duen ingeniaria, baina zoritxarrez, hutsala da abentura, hutsalegia. Generoaren zaleentzat ere, nago motz geratzen dela, ez duelako thriller erritmorik ez eta halakoetan espero den boom edo eszena gorenik. Uneren batean, serio jartzeko saiakera egingo du kontakizunak, gogoetatsu eta kasik existentzial, baina ez du zentzu handirik, parafernalia horren guztiaren erdian.
Cuarón mexikarraren Children of Men gehiago gustatu zitzaidan eta harritu nau bai Cannesen izandako harrera beroak, bai Victoria Eugeniako emanaldi amaieran entzundako txalo zaparradak. Baina tira, egunsentia espaziotik 3Dn ikusi nahi duenarentzat aukera ona izan daiteke.
ZABALTEGI PERLAK
Gravity
Zuzendaria: Alfonso Cuarón
Gidoilariak: Alfonso Cuarón, Jonás Cuarón
Aktoreak: Sandra Bullock, George Clooney
AEB, 93 minutu.
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks