Gaindituta
Burua galtzen hasi dela-eta ama ospitalera eraman dutenean desegin da Nereak daraman bizimoduaren oreka hauskorra: bikote harremana, alaba, lana eta orain ama zaindu beharra gehiegi da pertsona bakarrarentzat. Hala abiatzen da Amaren eskuak filma. Beteta zegoen edalontziak gainezka egin ostean, bi baino ez dira aukerak: etsi edo aurrera indartsuago ekin.
Azken finean, amaren gaitzak bere buruaz eta egoeraz gogoetatzeko balioko dio protagonistari, amarekin duen harremana sakontzeko, bizitzan lehentasunak ezartzeko eta nahi duen etorkizunaz hausnartzeko. Pelikulak gai interesgarriak jartzen ditu mahai gainean: hala nola, zaintza (kasu honetan, ospitalean dagoen amarena), gehienetan emakumeen esku; familia eta lana uztartzeko borroka; eguneroko zurrunbiloan norbere burua aurkitzeko zailtasunak; familia barneko rol, harreman eta ardurak; eta ezkutuan dirudien iraganak uzten dituen orbainak. Barrura begiratzeko leihoak filmean istorio hunkigarria eta indartsua zuzendu ostean, Karmele Jaioren liburua egokitu du oraingoan Mireia Gabilondo bergararrak.
Onena, Ainara Gurrutxaga protagonistaren eta gainerako aktoreen lan ona, planteatzen dituen gaiak, edota hizkera eta hizkuntza jolasak. Okerrena, melodrama kutsua, istorio gozo eztiaren noizbehinkako sentimentalismo eta efektismoa, edota bortxatua dirudien bat-bateko aldaketa protagonistaren jokabidean.
Eta kezkagarriena berriz, euskarazko fikziozko film luze bakarra hau izan dela bai Donostiako Zinemaldian, bai 2013. urtean. Duela bi urte eskas, euskal zinemagintzaren oparotasunaz mintzo nintzen Argian bertan, Arriya, Urte berri on, amona!, Bertsolari, Bi anai, Azken bidaia eta Gartxot aipagai. Krisiak krisi, esanguratsua da aurtengo lehortea, eta zer pentsatua ematen du, zalantza barik.
ZINEMIRA SAILA
Amaren eskuak
Zuzendaria: Mireia Gabilondo
Gidoilaria: Josu Bilbao
Aktoreak: Ainara Gurrutxaga, Loli Astoreka, Esther Remiro, Mark Schardan
Euskal Herria, 94 minutu.
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks