Eta LOMCEk eta Heziberrik talka egingo dutenean, zer?
Hainbat hezkuntza eragileri lehenik, legebiltzarkideei ondoren, Heziberri 2020 planaren baitako Hezkuntza Pedagogikoaren Markoa aurkeztu die Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak. Euskal curriculum hau dekretu bidez 2015-2016 ikasturtean martxan jartzeko asmoa du sailburuak, baina sakoneko arazoak bere horretan dirau: nola gaindituko dira Jaurlaritzaren curriculum dekretuak eta Espainiako Gobernuaren LOMCE dekretuak planteatzen dituzten norabide kontrajarriak?
Ekainaren bukaerarako, edukien zirriborroa egin nahi du Jaurlaritzak; hezkuntza komunitatearekin eztabaidatu eta adostu nahi du urrirako; eta 2014ko abendu aldera Eusko Legebiltzarrean aurkeztuko luke. Ondoren, dekretua onartu eta EAErako euskal curriculuma 2015-2016 ikasturtean abiatzea da asmoa. Hezkuntza eragileek behar bezala parte hartzeko eta eskua sartzeko aukera izanez gero eta denen arteko adostasuna lortuz gero, curriculum txukuna zedarritu daiteke –zirriborroa prestatzen ari den jendeak esperientzia badu euskal curriculuma osatzeko aurretik egin diren saiakeretan–, baina gauzatzerako orduan nabarmenki talka egingo du Espainiatik datorren dekretuarekin, eta orduan, zein izango da hartuko den bidea? Euskal curriculuma, bere horretan, ez baita nahikoa tresna LOMCEri aurre egiteko. Alegia, Estatuak finkatutako azterketetan huts ez egiteko, bi dekretuek agintzen dituzten edukiak ikastea izango al da soluzioa (bertakoa eta Espainiatik datorrena)? Bide arriskutsu horretan, azterketa espainiarretan maila emateko LOMCEren eduki/irakaspenak gailenduko al zaizkio euskal curriculumari? Ala intsumisioa, boikota, gure curriculumaren defentsa izango da hautua? Zein jarrera hartuko da instituzioetatik? Azken finean, hein handi batean jarrerak baldintzatuko du proiektuaren etorkizuna praktikan, eta gai honen guztiaren funtsa hori izango da, Hik Hasiko Jose Mari Auzmendik onartu digunez.
Hizkuntz ereduak gainditu nahian
Oraingoz, Heziberri 2020 proiektuaren markoa baino ez du aurkeztu Hezkuntza sailburuak, curriculum propioa osatzeko eztabaidarako oinarria. Europako joerari jarraiki, gaitasun edo konpetentzien arloan sakontzen du. Horren gainean, ikusteke dago ikas-komunitateak egingo dituen ekarpenak, baina dagoeneko planteatu den dokumentuaren puntu deigarrienetakoa hizkuntz ereduei dagokiena da. Eragileek eta Kontseiluak aspalditik aldarrikatzen dute ereduetan oinarritutako sistema gainditzeko beharra, eta saiakera bat antzematen da testuan. Euskara ardatz duen sistema eleanitza proposatzen du idatziak: “Euskara ohituraz eta modu normalizatuan erabiltzen dela bermatuko da, barruko nahiz kanpoko jardueretan eta, oro har, eskolako ekintzetan”. Eskola osoa inplikatuz, trataera integrala emango zaio euskarari, eta ikastetxe bakoitzak hizkuntza proiektu propioa egin beharko du, irizpide horietatik abiatuta.
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks