Semeak soinekoak janzten ditu eta ongi iruditzen zait
“Asher nire semeak 2 urte ditu. Galtza motzak eta kamiseta janzten dizkiot, baina arropa erauzi eta ‘soinekoa’ hitza oihukatzen hasten da behin eta berriz. Sidney ahizparen soinekoren bat hartu eta ‘hau’ esaten dit”. Semeak soinekoak jantzi nahi dituela-eta, inguruan izandako erreakzioak eta bizitako esperientzia kontatu du artikulu batean Seth Manachem idazle eta aktore estatubatuarrak. Hona hainbat pasarte euskaratuta.
“Beraz, egun gehienetan semea Disneyko printzesatxoa bailitzan joaten da jantzita. Lehen lotsa pixka bat ematen zidan semeak jendaurrean soinekoa eramatea. Eta ez jendeak arraro begiratzeak arduratzen ninduelako, baizik eta ez nuelako nahi pentsatzerik ni nintzela soinekoa janztea erabaki zuena. Gizarte arauak apurtzeko nire semea erabiltzea erabaki izan banu bezala, edo nire amaren lagun batek galdetu zidan moduan: ‘Akaso beste alaba bat nahi zenuen?’.
Lagun baten alabaren urtebetetze festan gertatu zen hori. Banekien Asher soinekoz jantzita joanez gero galdera eta iritzi pila bati egin beharko niela aurre eta ez nuen erantzuteko batere gogorik, baina inoiz baino tematiago jarri zen semea. Festara joan ginen, eta batzuk barrez hasi ziren edo komentarioak egin zituzten. Batek esan zidan: ‘Dibertigarria iruditzen zaizu? Hemen umeak daude. Ikusi dezatela nahi duzu?’. Beste batek galdetu zidan: ‘Zure semea gay izatea nahi al duzu?’. Azaldu nien janzkeraren eta gay izatearen artean ez dagoela korrelaziorik, eta gay bada, ez dela izango nik egindako ezerengatik, gaya da eta kito. Agian etapa bat da. Agian ez. Baina, edozein modutan, ez dut nahi sentitzea ezin duela adierazi, gurasoen babesa ez duelako”.
“Lasai, zure semea ez da gaya”
“Lagun gay batek semearekin ikusi ninduen eta, harira etorri gabe, honakoa bota zidan: ‘Tira, nik ez nuen soinekorik janzten haurra nintzenean’. Alegia, zera esan nahian bezala: ‘Ez arduratu. Zure semea ez da gaya, ni bezala’. Existitzen ez zen arazo batengatik lasaitu nahi ninduen. Eta tristeena izan zen ikustea nola ulertzen zuen lagunak gay izatea: madarikazioa bailitzan.
Egun batean, nik ere soinekoa janzteko eskatu zidan Sidney alabak. Ezetz esan nion, baina setatsu jarri zen. ‘Barre egingo didate’, esan nion. Eta erantzun zidan: ‘Barre egiten badizute, pikutara bildaliko ditut’. Ezin izan nion horri kontra egin, eta Carrie emaztearen soineko malguenetakoa jantzi nuen. Txakurra paseatu genuen etxe ingurutik, eta euren aita erosotasunetik kanpo ikusteak seme-alabei eman zien plazerak, ezabatu egin zuen senti nezakeen umiliazioa. Carrie etxera iritsi zen orduan eta barrezka hasi zen. Argazkia ere atera zigun. Soinekoa ez apurtzeko eta kontuz ibiltzeko esan zidan. Gero denak pizza jatera joan ginen”.
«Ez naiz lotsatzen emakumeak bezala janzteaz ez dudalako uste emakume izatea lotsagarria denik» esan omen zuen Iggy Popek.