Irakurtzeko pasioa kutsatzea, irakasle onenaren meritua
“Nire ikasleek, 12-14 urte arteko gaztetxoek, 30 eta 100 liburu artean irakurtzen dituzte urtean. Haurrak berak liburuak eta gaiak aukeratzea da sekretua”, dio Nancie Atwell irakasleak.
Munduko irakasle onenaren Global Teacher Prize saria lortu du Atwell-ek. Irakurketa eta idazketa lantzeko Center for Teaching and Learning ikastetxe estatubatuarrean egiten du lan.
“Ikasleek liburuak irensten dituzte, ikastetxeko liburutegia idazle serioen istorio interesgarriz beteta dagoelako, eskolan irakurtzeko denbora daukatelako, gauean etxean irakurri ahal izateko irrikaz daudelako eta 35 urteko esperientziak erakutsi didalako nire lana gazteentzako literatura irakurtzea, gozatzea eta gazteei gomendatzea dela”.
Gelak 16-18 ikasle artekoak dira eta milaka eta milaka liburu dituzte aukeran. Batzuetan isiltasunean irakurtzen dute eta bestetan ozen, irakurritakoari buruzko azalpenak gaineratuz, hitz ezezagunak argituz, esaldien doinua landuz… “Irakurketa tailerra egiten dugun gauzarik sinpleenetakoa eta aldi berean zailenetakoa da. Baita baliotsuena ere”, dio.
Interesak, beharrak eta ametsak biltzen dituzten istorioak
Helburua, irakurle amorratuak, ohikoak eta kritikoak heztea. “Haur dislexikoetatik hasi eta irakurle kritiko eta sofistikatuetaraino doa nire ikasleen profila, eta denek partekatzen duten ezaugarria da liburuak irakurtzea atsegin dutela. Eurak dira euren interesak, beharrak, borrokak eta ametsak bilatzen dituztenak liburutegiko istorioetan. Eta are garrantzitsuagoa, beste gazte batzuen interesak, beharrak, borrokak eta ametsak esperimentatzen dituzte. Giza esperientzia anitzak bizi dituzte eta inporta zaiena eta izan daitezkeena erabakitzen hasten dira. Garai eta leku ezberdinetan hazteari eta nerabe izateari buruzko istorio sendoak aurkitzen dituzte liburuetan, identitateaz, kontzientziaz, taldearen presioaz, zatiketa sozialaz, lehia politikoaz, bakardadeaz, laguntasunaz, aldaketaz mintzo direnak”.
Irakurtzea da, halaber, ongi idazteko bidea, baita jarioa, hiztegia, konfiantza, gaitasun kritikoa, ohiturak edota ulermena garatzeko tresna ere, Atwellen esanetan. “Ez dut ezagutzen helburu bera lortuko duen beste argibide, curriculum, teknologia berri, proba edo teoria magikorik”.
Milioi bat dolarreko saria bere osotasunean ikastetxean inbertituko du irakasleak, martxan duten programa alternatiboa garatzen jarraitzeko.
César Bona
Sari honetarako 50 finalistetako bat izan da César Bona Zaragozako irakaslea. Elkarrizketa egin genion Argian: “Emateko aukera eskaintzen badiozu norbaiti, bera ere hartzeko prest egongo da”.
3 Iruzkin
Trackbacks/Pingbacks
- Irakurtzeko pasioa kutsatzea, irakasle onenaren meritua | Markina-Xemeingo Herri Biblioteka - […] Kontsultatu hemen Argia aldizkariko artikulua […]
Zelako pena irakasle horren jarduteko modua zehatzago ez jakitea! Artikuluan diozunarekin guztiz ados nago; izan ere, esperientzia txikiren bat izan dut irakurketa eta ikasleekin (nireak nagusiak, euskaltegikoak). Klasean liburuez hitz egiten bada, irakurri ostean komentatu, liburuak iradoki, gelara eraman,… askoz ikasle gehiagok irakurtzen dutela. Eta irakurtzean disfrutatu egiten dutela. Ez hain irakurleei ere jakin-mina pizten zaie, eta libururen batek fama ona hartzen badu, eskatu egiten dute. Hau guztia era informalean eta pentsatu barik egiten dut, ez dut ez planifikatu ez larregi hausnartu.
Kontua da ezin dela pasiorik transmititu pasiorik sentitu barik. Nekez kutsatuko du irakurzaletasuna irakurtzea gustuko ez duen norbaitek! Eta makinatxo bat irakaslek ez dute irakurtzea maite!
Oraindik asko daukagu ikasteko. Eskolan ikasleak liburu jakin batzuk irakurtzera derrigortzen ditugu eta, agian, ez dira egokienak ez adin horretarako ezta ikasleen zaletasun eta egoerarako ere. Irakurketa bortxatuak gorrotoa eta nazka baino ez ditu sortzen!
Tira, lartxo luzatu naiz eta ia post bat irten zait! Ea gehitxo garatzen dudan!
Justu gaur gaztelaniazko ahozkoa egin izan dut gai honi buruz. Niri lau forma bururatu zaizkit:
1- Ikasleei liburu zehatza irakurtzen derrigortu ordez, utzi aukeratzen eta liburu horrekin antzerki bat egin. Antzerkiaren pertsonaiak eta narratzailea klase guztiaren artean erabakiko zen. Eta irakasleak ere parte hartu behar du antzerkian. Cesar Bonak egiten duenaren atzekoa.
2- Ikasleek liburu baten filma egitea (filma egin ez bada). Produkzioaren eta aktuazioaren protagonistak ikasleak izango lirateke. Grabatzeko beharrezko materialak ikasleen irudimenarekin osatuko lirateke.
3- Abestien bidez. Euskararen kasuan, esate baterako, Joseb Sarrionandiaren poemak Ken 7 edo Berri Txarra-ren abestien bidez.
4- Ez dakit nola esaten den euskaraz ‘cuentacuentos’. Irakasleek etxeko lan bezala bidali ahal die ikasleei ea zer gertaera literiarioak dauden haien udalerrietan, ‘cuentacuentos’-en existentziaz ohartzeko eta literatura dibertigarriagoa bezala ikustea.
Pena bat da, artikulu hau gaur arte ez ikusi izana, nahiko baliagarria zen nire ahozkorako… Hala ere, literatura oso garrantzitsua da, hizkuntzen hiztegia eta ortografía hobetzeko. Beraz, etorkizuneko irakasleok saiatu behar gara irakurtzeko pasioa kutsatzen ikasleei. Iruñerriako kasuan, gehien bat, euskaraz irakurtzea eragin behar dugu daukaten/daukagun hiztegia zabaltzeko, baina D eredukoei gaztelaniaz ere, gaztelaniaz ortografía hobetzeko, askotan D eredukook ez dakigulako tildeak jartzen (nire kasuan, beno ez nekien orain hainbeste irakurri eta gero tilde ia guztiak jartzen ditut), beste batzuk nahasten dira gaztelaniaz b/v edo /g/gue/gui/ge/gi. Gainera, literatura asko laguntzen du, edozein hizkuntzaren adierazpenean.
Ah eta ados nago irakasle horrekin ‘sekretua haiei liburuak aukeratzen uztea da’. Adibidez, nire kasuan, institutuan bidali didaten euskarazko liburu gehienak ez zaizkit batere gustatu, baina nik liburutegian nire kabuz erabaki ditudan liburuak, gehienak nahiko gustatu zitzaizkidan.