Erkoreka, mamu xenofoboak astintzen
Larriak dira Josu Erkorekaren hitzak, Eusko Jaurlaritzaren bozeramailea dela aintzat hartuta. EAJk eta PPk kontra bozkatu arren ekainean onartuko den Etxebizitzaren Legeak etxebizitza eskubide subjektiboa aurreikustea ez du gustuko Jaurlaritzak –alegia, alokairua ordaindu ezin dutenei administrazioak etxebizitza bermatu behar izatea–. Erkorekak eman duen arrazoi nagusietakoa da horrek “masiboki erakarriko” duela jendea munduko leku guztietatik. Behin ez, bitan errepikatu du argudioa, “Euskadira iristen den edonori lehenengo minututik” etxebizitza izateko eskubidea bermatu beharko zaiola azpimarratuz.
Batetik, ez da egia, legeak eskatuko dituen baldintzen artean dagoelako Etxebiden lau urtez izena emanda egotea –eta beraz, urte batzuk eramatea EAEn erroldatuta–. Bestetik, hona datorrenak, horretarako duen arrazoia duela ere, gainerako herritarron eskubide eta betebehar berak baditu, zein da arazoa? Javier Maroto Gasteizko alkatea gogoratzen du, etorkinak gizarte-prestazioetatik bizitzera datozela dioenean. Herritar gehienek –eta datuek hala diote– lana eta bizimodu duina lortzea dute helburu, ez iruzurren eta administrazioaren bizkar bizitzea. Horregatik, herritarron artean mesfidantza areagotzeko baino balio ez duten halako diskurtsoak faltsuak eta arriskutsuak izateaz gain, iraingarriak ere badira.
Beharbada, hezkuntza eta osasun publiko eta unibertsala kendu beharko genituzke, urtetan lortutako lan baldintzak desegin, ongizate gizartea kolokan jarri… ez daitezen masiboki etorri dugun pagotxaz aprobetxatzera.
Legea betetzeak dirutza suposatuko lukeela gaineratu du bozeramaileak, kontra agertzea ez dela “sentsibilitate kontua”, etxebizitza arloan plangintza sozial “paregabea” duelako Jaurlaritzak. EAJ, dena den, etxea hutsik mantentzen duten jabeei zergak igotzearen aurka agertu da, baita jendea kaleratzetik bankuek lortutako etxeak desjabetu eta alokairu sozialerako erabiltzearen kontra ere. Ez omen da sentsibilitate kontua, baina bada lehentasun kontua (AHTrako badago dirua), eta kausalitatez, gizartean egoera ahulenean daudenak inoiz ez dira lehentasun.
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks