Alderdiek euskarari ematen dioten garrantzia
Irungo udal aldizkaria iritsi zait etxera. Ataletako batean, udalean ordezkaritza duen alderdi bakoitzak agintaldi berriko lehen mezua helarazi die herritarrei, batzuek eta besteek hizkuntzarekiko dituzten politika antagonikoak agerian utziz.
Argazkiari erreparatuz gero, gaztelaniazko zatia beltzez dagoen testua da eta euskarazkoa berriz, gorriz dagoena:
– EH Bildu da idatzia euskara hutsean igorri duen bakarra, %100 euskaraz
– EAJ-k bere idatziaren %42 eskaini dio euskarari
– Sí Se Puede Irún alderdi sartu berriak %36
– Irungo boto eta eserleku gehien lortu dituen PSE alderdiak %8 baino ez du idatzi euskaraz
– PP-k zuzenean gaztelania hutsean idatzi du mezu osoa.
EAEko leku askotan bezala, PSEk eta EAJk bat eginik gobernatzen dute Irunen ere.
Eguneroko jardunean eta herritarrengana zuzentzean euskara erabiltzea eta arlo guztietan euskarari lehentasuna emango dion hizkuntza politika egitea dira harekiko benetako konpromisoaren erakusgarri, ez diskurtso hanpatu eta faltsuak asmatzea. Horregatik, José Antonio Santano Irungo alkateari (PSE) eskatzen diot ez gaitzala irundarrok tontotzat hartu, iazko abenduaren 3an, Euskararen Egunean, El Diario Vascon publikaturiko idatzi irrigarrien modukoekin: euskara zenbat maite duen aldarrikatu zuen, euskaldunon hizkuntzari esan zion “zure hitzaren isuria gastatu nahi dut eta xaboi urritua ez bezala isuri hori aberastu”. Euskaldunok nahiago dugu, herriarentzat duen proiektua azaltzen digunean, 65 lerrotik ez daitezela soilik 5 izan euskaraz eskaintzen dizkigunak, gure eskubideak errespeta ditzala, ez gaitzala tratatu bigarren mailako herritarrak bagina bezala.
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks