Euskararen talibanak omen gara
Eta harro gaude. Ez dugu inor euskarara erakartzeko erantzukizunik nahi gure bizkar gainean, parez pare daude irekita euskararen ateak, sentitu dezala elebakarrak berak horretarako ardura eta beharra, arazo bat duelako (ez daki euskaraz). Ez dugu diskurtso tranpatirik irensten: ez diezagula inork gehiagok esan euskara inposatzen dugunik, muturrean erantzungo diogulako bera dela etengabe erdara inposatzen ari zaiguna, bestela zergatik dakizkigu guk bi hizkuntza eta berak bakarra?; ez diezagula eskatu –aldebakarreko– errespeturik, harreman orekatuek egiten dutelako posible elkarbizitza, ez beti guk amore emateak; ez etorri guri elebitasunaren iruzurrarekin, gure herriko hizkuntzen egoera asimetrikoan erdara beti ateratzen delako garaile; eta ez hasi guri lehentasunen matrakarekin, hizkuntzaren auzia beti bigarren mailara alboratzeko aitzakia gisa. Ez dugu nahi euskaraz ez dakien langilerik administrazioan, ez eta erizain eta medikurik osasun publikoan; euskara ikastera derrigortu nahi ditugu politikariak eta zerbitzua euskaraz ematera denda eta enpresak; hizkuntza eredu bakarra eskaini gura dugu eskola guztietan: euskara ardatz duen murgiltze eredua; eta euskara ikastea unibertsala eta doakoa izatea eskatzen dugu. Arreta gune eta telefonoetan lehenengo hitza euskaraz ez egitea zigortuko genuke; “bi zurito” eskatu eta hori ere ulertzeko gai ez delako (edo ulertu nahi ez duelako) “¿qué?” erantzun diguten tabernan ez dugu gehiago kontsumituko; banku, argindar, telefono-konpainia eta abarretako fakturak ere ez ditugu ordaindu nahi, euskaraz zuzentzen ez bazaizkigu; liburutegietan euskarazko irakurgaiak lehenestea exijitzen dugu; ekitaldi, prentsaurreko eta hitzaldietan informazio nagusia euskaraz ematea eskatzen dugu (itzultzailea behar izatekotan, erdaldunentzat izan dadila); tailer, kiroldegi eta ikastaroetan euskara bermatzera behartuko genituzke antolatzaileak, eta euskararen ezagutzak dagoeneko %100 izan behar lukeen eremuetan (haur eta gazteentzako eskaintza osoan, adibidez) euskara baino ez genuke onartuko. Taldean gutxiengoak euskaraz ez dakielako, soluzioak ezin du beti izan denak erdarara bultzatzea. Ez dugu euskara folklorismorako nahi, gure identitatean errotua baizik. Botereguneak, etxeak, kaleak, plazak, aisialdi eremuak… hartu nahi ditugu, bazterretik erdigunera. Gero eta gehiago baikara, konplexu eta beldurretatik jardun beharrean, jarrera irmoa eta ahaldundua amets dugunak, euskaldun ororentzat.
Irakurri baita ere:
Hizkuntzaren presioa aldez aldatzera goaz.
Euskalgintza. Berritu ala hil.
Korrikako lekukoan Euskal Herria zeharkatu duen mezua: Bagara nor.
15 Iruzkin
Trackbacks/Pingbacks
- Euskararen talibanak omen gara - […] http://www.argia.eus/blogak/mikel-garcia/2015/11/30/euskararen-talibanak-omen-gara/ Aza30 14 […]
Zergatik suposatzen duzu gastelaniaz hitz egiten dugunok euskara ez dakigulako dela? Nahiz eta euskara jakin gastelania aukeratzen dut gehienetan ta horrek ez du suposatzen inungo arazorik, niretzat behintzat… ta bai, taliban asko dau, ta askotan hezkuntzan nagargarria da zelan ume txiki bati ukatzen zaio komunera joateko beharra euskaraz ex badu eskaketan… eta halako mila eredu!!!! Horrela ez dugu lortuko euskara maitatzea, kontrakoa baizik!
Isorgin, egunon! Barkatuko didazu, baina testuan ageri den asimetriaren adibide gisa erabiliko nuke zure azalpena. Txikikeriak iruditu zaizkit. Eta euskara ta española jakinda ebro azpiko herriaren hizkuntzara jotzea eztakit pa, oraindik españolak izanda eta euskal herritar askeak izateko daramagun borroka politiko honetan aukera iadanik eginda daukazula iruditzen zait. Ingelesa jakingo bazenu edo japoniera ez baitzenituzke erabiliko. Euskara jakin ta españolera jo??? Gaur egun euskal hirietan egin daitekeen autu kontziente transgresoreena da euskaraz jotafuego aritzea. Española aukeratzearekin Franko eta iraganeko mamuak etorri zaizkit burura… Ondo izan!
Nahiz eta euskara jakin gaztelania aukeratzen duzu gehienetan, eta horrek ez dizu ekartzen arazorik. Nik, ordea, gaztelania jakin arren, euskara aukeratzen dut, eta hori BADA arazoa, askotan ezin dudalako euskarari eutsi konflikturik sortu gabe. Beraz, ez dago aukera berdintasunik zure eta nire artean, biok euskara jakinda ere. Komunaren kontuari dagokionez, ez da bidezkoa, jakina, baina kasu erreal batez ari zara edo topikotik tira egin duzu?
Non esaten du gaztelaniaz hitz egiten duzuenok euskara ez dakizuelako delako ideia hori?
Bizioz kexatzen zara Isorgin! Euskarak maitale gehiegi ditu eta hiztun gutxiegi
‘ume txiki bati ukatzen zaio komunera joateko beharra euskaraz ex badu eskaketan’
Seguru zaude horretaz, euskaraz esan dezan proposatuko edo eskatuko zaio, bai; baina komunera joan gabe utzi? Ez dut uste.
Ez da gauza bera, ezta?
Proposatzetik edo eskatzetik inposatzera tarte handia dago. ezta?
Isorgin koittedue zenbat oztopo espainolez berba egiteko,niri be gauza bera gertatzen jat, espainolez berba egin gura dot eta gehienetan euskerara pasatu behar naz jendeak ez nauelako ulertzen. Zein gogorra dan erdalduna izatea, beti borrokan gabilz espainolez berba egin ahal izateko. Neuk laster amore emango dot eta euskaraz baino ez dot egingo berba
Inposizioen inguruan, itxuraz kontraesankorrak diren hitz hauek bota zituen Lluís Vicent Aracilek 1981ean:
«Si els catalanoparlants no tenen prou força per imposar la llengua catalana a tothom que viu a Catalunya, i només demanen als castellanoparlants que aprenguin a parlar en català , els castellanoparlants creuran que se´ls vol imposar la llengua catalana.»
Eta honela azaltzen du kontraesana Enric Larreulak Dolor de llengua liburuan (katalanetik euskaratuta):
«Hots, lehenengo begiratuan paradoxikoa dirudien arren, inposiziotzat hartzen dira bakarrik inposatuak izateko nahikoa indarrik ez duten hizkuntzak. Edo, nahi bada, beharrezkoak bilakatzeko nahikoa indarrik ez dutenak. Edo, areago: inposiziotzat hartzen da bakarrik sozialki beharrezkoak ez diren hizkuntzen ikasketa; izan ere, gizartean bizitzeko beharrezkoak badira, haien ikasketa herritar guztien eskubidetzat joko da, eta, eskubide den aldetik, sozialki eskatu eta exijitu egingo da.»
Testu hau hartu euskara hitza agertzen den bakoitzean arraza arioa jarri eta española agertzen den bakoitzean Judaismoa jartzen bada, zaila litzake Hitlerren diskurtso batetik desberdintzea.
Ongi etorri 1939ra
Inposaketei inposaketekin erantzun behar delako.
Lartxo gogorregi iruditu zait tonua. Hale ere, ni ezkor naz kontu honekin, erdararen indarra hain gogorra da non euskaren erabilera normala ez den sekula helduko, edo guk ez dugu ikusiko. Ez diegu inori errua bota behar, gu gara errudun bakarrak erdara, lehensteagatik euskararen gainean.
Hara! Hainbat kontutan bestela pentsatzen dut, bada, nik. Izan ere, hizkuntza bat berrindartzekoa prozesu luzea baita, eta euskarak oraindino bide luzea baitauka egiteko.
Esate baterako, ni prest nengoke EAEko administrazioko langileei euskararik batere ez eskatzeko (hizkuntz eskakizunak bertan behera uzteko, alegia), baldin eta, trukean, hezkuntza-sistema aldatu eta, aldaketa horren ondorioz, sistema osoak balioko balu ikasle guztiek, hamasei urte betetzean, hizkuntza ofizial biak jakin ditzaten. Horrela denbora kontua bailitzateke EAEko administrazioan hizkuntza hautatzeko aukera benetakoa izatea. Zoritxarrez, Eusko Jaurlaritza hezkuntzarako prestatzen ari den Heziberri proiektua guztiz kontrako noranzkoan doa: ereduak gainditu egin behar direlako aitzakiarekin, ereduak alde batera utziko dituzte, euskararen kalterako: ez dira ereduak gaindituko, lausotuko baino. Urte gutxi batzuk barru, ikastetxe guztiek eredu bakarra eskainiko dute, eleanitza: edukien %20na euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez emango ei dira, gainerako %40a ikastetxeak erabakitzen duen hizkuntzan. Eta eskolako patioan -alegia gurasoen artean- euskara lehian hasiko da, zer eta ingelesarekin. Nire ustean, ingurune soziolinguistikoaren arabera, eredu bakar horrek ez du euskara bermatuko: Heziberrik kalte handia egingo dio euskararen ezagutzari.
Iruditzen zait, bestetik, une honetan (azpimarratu egin beharko nuke: ‘une honetan’ diot: batek daki zenbait hamarkada barru egoera zein izango ote den) elebitasuna euskararen laguna dela, ez etsaia: gizartean begiratu besterik ez dago: elebakarra denak ez daki euskaraz.
Amaitzeko, lehentasunak ez zaizkit matraka kontuak iruditzen: guztiok jartzen ditugu, ala? Kontua lehentasunokin askatzea izan ohi da…
Behar dugu eremu fisiko bat, territorio bat, non juntatu ahal izango diren euskaraz bizi nahi duten pertsona guztiak. Han ez da ez espainol ez frantses hizkuntzarik derrigorrezko izango, eta legez bermatuko da sozietateak euskaraz funtzionatzen duela. Hezkuntza euskaraz eta ingelesez izango da, eta beste hizkuntza batzuk aukeran ikasiko dira: alemana, espainola, frantsesa, txinera… Hori lortuz gero, berdin dit Espainia-Frantzia barruan izatea, estatu independente batean, edo estaturik gabeko komuna batean. Ezin dugu Euskal Herri osoa euskaldundu, eta euskara galduko da baldin ez badu hegemoniarik inon.
Barregura sortarazten dit horrelako testuak. Euskera inposatu behar dugula: zigorrak ezarriz, zehapenak ipiniz eta bla, bla…
Hau da, Francok egin zuen bezala, baina kontrakoantz hain justu. Bada, horrek badauka esanahia: faxismoa.
Noizbehinka, euskararen barnean dauden morroiek beldurra ematen didate…
Frankismoarekin konparatzea lekuz kanpokoa iruditzen zait, diktadurak euskara desagerraraztea baitzuen helburu (besteak beste), eta nik ez dut inongo hizkuntzarik ezabatu nahi, gureak bere lekua (erasoz eraso kendu zaiona) berreskuratzea baizik, eta desoreka nabarmen denean, batzuk igotzeko, beste batzuek jaitsi egin behar dute ezinbestean.
Ni ere ez naiz zigor eta debekuen zalea, baina hain juxtu Francok (ez Francok bakarrik) zapaldutako eta gutxitutako hizkuntza bermatzeko neurri nahiko zentzudunak proposatu ditudala uste dut (tonua tonu).
A, eta “euskara inposatu behar dugula” ez dut nik esan, hori leporatzen zaigula baina errealitatean inposatzen dena erdara dela baizik.
Ehunka urtean espainol hizkuntza euskal lurraldeetan indarrez inposatu denean -eta egun ere legez derrigortzen digutenean-, euskara bortxaz eta zigor bidez baztertu, mendratu eta, XX. mendean, ia desagerrarazi dutenean, euskaldunak segregatuak eta diskriminatuak izan direnean, euskarak bere lekua berreskuratzea justiziazkoa da, eta euskaldunon nahia da ahalik eta modu demokratikoenean egitea. Hori naziekin, faxismoarekin eta Francorekin parekatzea demagogikoa eta hipokrita da, eta argi uzten du hala mintzatzen direnek, euskaraz jakinda ere, zein hankatan duten herrena. Era berean erakusten digu bide onean gabiltzala.
Euskaraz soilik ez baizik eta euskara batuaz mintzatzen ez denari nik osasun txartela kenduko nioke eta seme alabak badauzka patria potestad ukatu ere. Horretarako BERRIAko zuzentzaileak kontratatuko nituzke, ZIPAIO BERRIAk. Ondo dakite haiek euskara jatorra nola ezarri. Euskararen egoera penagarria da baina puskaz penagarriago izan daiteke eta penak pena penaz gozatu. Gora Zipaio BERRIAk