Tabernan lan egiteko eskotea eraman behar izateari uko egin dio emakume honek
Asturiasko taberna batean arratsalde-gauez zerbitzari aritzeko lan baldintzez ari dira Whatsapp bidez taberna ireki nahi duen gizona eta lana behar duen emakumea. Zenbat urte dituen galdetzen dio nagusiak. 20 urte. “Ondo, helduentzako taberna lasaia izatea nahi dut, eta badakizu jende horri neska oso gazteak gustatzen zaizkiola. Kopa bat lasai hartzea emakumezko zerbitzari gazte eta jator bat ikusiz”.
Segituan dator hurrengo galdera:
– Eskotea eramateko eragozpenik zenuke?
– Ba egia esan, bai. Egunen batean gogoa badut eskotea eraman dezaket, baina ohitura bezala ez. Lan egitera joango nintzateke, ez nire burua erakustera (…) Aholku gisa diotsut, saltzeko orduan baliagarriagoa da berriketa on bat, eskote on bat baino!
– Onena, bi gauzak. Beste taberna bat daukat eta badakit zerk funtzionatzen duen, kar, kar, kar.
– Sartzea nahi duzun bezero motaren arabera. Pertsonalki ez nintzateke batere eroso egongo nire eskoteari begirik kentzen ez dion tipoari kopak zerbitzatzen.
Agian lana emakumearen lagun bati ere interesatuko zaiola-eta, galdera berria, nagusiak (tartean bere buruaren argazkia bidali dio gizonak, gerritik gora biluzik):
– Zure laguna ederra al da?
– Baina bueno. Esperientzia eta tratu ona dituen zerbitzari baten bila zabiltza ala Miss Espainiaren bila?
– Presentzia ona izatea ezinbestekoa da zerbitzari aritzeko.
– “Presentzia ona” kontzeptu lausoa da. Azken finean, edertasuna subjektiboa da. Jarri berarekin harremanetan nahi baduzu. Dena den, aurreratzen dizut zeren bila zabiltzan ikusita niri ez zaidala lana interesatzen.
Eta agurtu ostean, enpresariaren azken harribitxia:
– Hala ere, ez gaizki hartu baina argazkian ikusten dudanagatik eskote handiegirik ezingo zenuke eraman.
– Hain juxtu, nire, sinesgaitza bazaizu ere, eskote handia profil-argazkian ez erakusteko arrazoia da leloek ez nazatela gogaitu. Ongi egon dela uste dut: zuk eskaintzen didazu lan bat nire duintasunak ez didana onartzen uzten, uko egin diot, dena ondo. Ez da munduaren amaiera. Baina nire iritzi zintzoa emateagatik erresuminduta geratu bazara eta ni molestatzea bada zure asmoa, ez dago arazorik, blokeatzeko botoia oso gertu dago.
Zerbitzari aritzeko lan eskaintza bati erantzuten hasi eta halakoak jasan beharra publikoki salatzeko modukoa iruditu zaio Cris Diehard asturiarrari eta sare sozialetan zabaldu du elkarrizketa. “Halakoen aurrean, ezin gara ezer egin gabe gelditu”, dio.
Lotsagarria iruditzen zait taberna baten jabea horrela ibiltzeak, tabernan izena esan beharkozun harea ez juteko…