“Zuregatik jarraituko dugu borrokan, zure balore, indar eta alaitasun berarekin, beldurrik gabe”
Berta Cáceres Hondurasko ekintzaile ekologista hil zutenetik sei hilabete pasa direnean, eskutitza idatzi dio haren alaba Berta Zúñiga Cáceresek. “Justizia bilatzea oinazez beteriko bidea izan da, isiltasunez betea, baina baita beso, esku eta bihotz askoz beteriko bidea ere, Berta Cáceresen heriotza inpunitatean geratzea onartuko ez dutenenak”.
Hondurasko herri indigena ugari ari dira borrokan haien bizitokiei zuzenean eragiten dieten zentral hidroelektrikoen eta meatzeen aurka eta 2002-2014 artean ehun ekintzaile ekologista baino gehiago hil dituzte. Agua Zarca proiektu hidroelektrikoaren kontra aritu zen Berta Cáceres eta martxoaren 3an hil zuten. Cáceresek 33 mehatxu salaketa aurkeztuak zituen, denak proiektu hidroelektrikoaren enpresak eginak, eta Hondurasko Gobernua jakinaren gainean zen.
“Sei hilabete pasa direnean, krimen haren egia jakiteko Ikerketa Lantalde Independente bat eskatzen jarraitzen dugula eta Hondurasko Gobernu kolpista eta diktatorialak gure eskaerari jaramonik egiten ez diola jakiteak sumindu egiten gaitu. Desa-Agua Zarca enpresak proiektua gelditzeko asmorik ez duela jakiteak sumindu egiten gaitu. Holandako Garapenerako Bankuak eta beste hainbat bankuk proiektu hiltzaile hori finantzatzeari uzteko asmorik ez dutela eta gertatzen zena bazekitela baina euren jarrera kolonialistaren eta odolez zikindutako diruaren erruz jasaten duguna ez zaiela axola jakiteak sumintzen gaitu”, dio Berta Zúñigak eskutitzean.
“Herriarekin orpoz orpo borroka egiteak harrotasunez bete zintuen”
“Ama, mota guztietako ezbeharrak bizi izan zenituen eta ez zinen inoiz gelditu, beti egin zenuen irribarre, herriarekin orpoz orpo borroka egiteak harrotasunez bete zintuen, etxean eta kalean iraultza eginez. Eta orain guk hori bera egiten dugu: irribarre eta borroka, esperantza inoiz galdu gabe. Zuregatik jarraituko dugu borrokan, zure balore, indar eta alaitasun berarekin, beldurrik gabe”.
“Nire amatxo ez zuten hil, bera hemen dagoelako, gutako bakoitzean bizi delako, presa hiltzaile horren aurka, presa guztien aurka, basoa eta oxigenoa pribatizatu nahi dutenen aurka borrokan jarraitzen dugun bitartean zutik jarraituko dugulako, eta hor biziko da nire amatxo, hor biziko da Berta Cáceres”. Amaren lekukoa hartuta, haren borrokari heldu baitio Berta Zúñigak. Hondurasen gertatzen dena nazioartean jakin dadin ere egiten du lan.
“Mezu argia helarazi digu sistemak: emakumeei esparru pribatua dagokizue”
Maia-Xinka herriko aktibista indigena eta feminista da Lorena Cabnal. ARGIAn kontatu zuenez, “Bertaren tragedia gertatu da, lurralde-feminizidioa, emakumeok gure gorputzak ipini ditugulako hor, lehen lerroan, erasoan. Gauza itzela da hori eta sistemak erantzun egin du, misoginia ikaragarriarekin, gorputzen gainean daukan botererik handiena gauzatu eta mezu argia helarazi digu: emakumeei esparru pribatua dagokizue eta itzul zaitezte bertara. Emakume potente, errebelde, ausarta eta ederra zen Berta; berari hori egin badiote, pertsona publikoa izanda, zer ez ote digute guri egingo, mendietan? Mezu hori bidali digute”.
Bai, isiltasun gehiegi, justizia bilatzea ez dakit posible den mundu ilun hontan.