Ez ukitu nire umea!
“Ume bati bere aitaren aurrean esan diot lurrera bota duen papera jasotzeko, eta mehatxua jaso dut bueltan. Ez dago irtenbiderik”, irakurri dut sare sozialetan. Haurren hazkuntza eta hezkuntza denon ardura dela aldarrikatzen dugu, baina errealitatean bestelako joera da nagusi.
Haurren zaintza kolektibizatu dugu (hor daude senide eta lagunak, irakasleak, aisialdiko hezitzaileak, zaintzaileak, jangelako arduradunak, pediatra…), erantzukizuna ere partekatu dugu (umea zeinekin dagoen, hark du ardura ezer txarrik gerta ez dakion), baina umearen gaineko “eskumena” eta erabakimena, jabegoa nolabait, pribatu eta partikularra da nagusiki: gurasoena. Mugak zehaztea konplexua da maiz: egunero ikastetxetik jasotzen eta jaten ematen dioten aitona-amonek zenbaterainoko eskubidea dute haurrari buruzko heziketa ohituretan esku hartzeko? Noraino izan behar dituzte eskuak lotuta irakasleek, ikaslea zigortzeko garaian? Hitz egin al diezaioke ludotekako monitoreak sexuaz, drogez edo politikaz? Adin txikikoa babestu nahi duen legeak zein neurritan sar dezake muturra, gurasoen borondatearen gainetik? Norberaren baloreen araberako aholkuak edota oharrak eman al diezazkiokegu ingurukoek, bizilagunek, herritarrek…?
Beharbada gurasoek izan behar lukete azken hitza, baina eskola-komunitateaz eta herri hezitzaileez hitz egiten dugun garaiotan, sarri gero eta indibidualistagoa eta itxiagoa da gure jarrera. Anna Gabriel CUPeko diputatuak umea izango balu komunitatean heztea gustatuko litzaiokeela esan zuenean entzun behar izan zituen astakeriak gogoratzea besterik ez dago.
4 Iruzkin
Trackbacks/Pingbacks
- Ez ukitu nire umea! | EIBZko liburutegia - […] Mikel Garcia Idiakez / 2016-09-12 / 198 hitz […]
Umearen adina, gauzak lurrera ez botatzeko esateko modua… Horren arabera ulergarria izan daiteke, edo ez, ama/aitaren erantzuna.
Nire ustez paperak jasotzea eskatzea guztiek egin beharko genuke, baina bai, Unaik dioen bezala, egiteko eraren arabera ulergarria izan daiteke, edo ez, gertatutakoa.
Buenismo gehiegi dago halako artikuluetan. Kazetari batek ez du bere iritzia eman behar, baizik eta besteen iritziak jaso. Argia aldizkaria políticamente correctoaren ur uherretan itotzen ari da…
Kaixo, Luixmi:
Ez nator bat zure lezio periodistikoarekin. Kazetarioi iritzia ematea ERE badagokigu (bide batez, edozein herritarren eskubidea eta praktika osasuntsua da iritzia ematea). Prentsa idatzia irakurtzeko ohitura hartzen baduzu, berehala konturatuko zara kazetaritza formatu ugarien artean (albistea, kronika, erreportajea, elkarrizketa, analisia…) iritzi-artikulua edo zutabegintza oso ohikoa dela. Bloga, gainera, aukera aproposa da formatu hau garatzeko. Gaiari buruzko erreportajea egin nahiko banu, orduan bai, beste batzuen iritzi eta esperientzia interesgarriak biltzen saiatuko nintzateke. Eta hala ere, esango nuke kazetaritza formatu guztien atzean (eguneroko gure solasaldi/ekintza/praktiken atzean bezalaxe) iritzi zantzuak daudela, baina eztabaida sakonagoa da hori.
Zure beste kritika ez dut ulertu. Buenista eta politikoki zuzena diozunean, zertaz ari zara? Haurren hazkuntzan gurasoek eta ingurukoek zein rol/erabakimen/esku-hartze izan behar duten eztabaidagai hartzea da buenista, ala planteatzen dudan zalantza/galdera/kasuren batetaz ari zara? Gaiari ekarpenen bat egin nahi badiozu, ongi etorria izango da (gustura irakurriko nuke zer den gai honetan zuretzat politikoki ez zuzena), baina zerekin eta zergatik ez zauden ados zehazten ez baduzu, antzua izango da gure arteko eztabaida.