Lesbiana bikote bati semea erregistratzeko jarri dizkioten arazoen aurka, 100.000 sinadura
María José Torres eta Brenda Kelleher ezkonduta daude 2007tik, ume batez erditu zen Kelleher ekainean, eta bien seme bezala erregistratu nahi izan zutenean, epaileak behartu zituen intseminazio bidez izan zela adierazten duen dokumentazioa aurkeztera, Torres ere ama zela frogatzeko. “Bikote heterosexualetan, inongo gizoni ez zaio eskatzen aita biologikoa dela edo bikotekidea intseminatua izan dela frogatzeko agiririk”. Oztoporik eta diskriminaziorik gabe erregistratu ahal izateko eskaera egin dute orain, 100.000 sinadura baino gehiago bildu ostean.
“Gure intimitatean muturra sartu dute”
“Bikote heterosexualek ez dute horrelakorik jasan behar, imajinatu aitari ze aurpegi geldituko litzaiokeen galdetuko baliote ea nola izan den kontzebitua bere seme-alaba. Gure intimitatean muturra sartu dute”, salatu du María José Torresek. Aurretik beste bi seme-alaba ditu bikoteak, baina oztopoak hirugarren honekin izan dituzte, bizitokiz aldatu eta Alacanteko Denia herriko erregistro zibilera joan direnean. Trabak, gainera, hasieratik izan dituzte, bi ama jartzeko aukera ez baitu eskaintzen bertako erregistroak.
Beste leku batzuetan ere arazo bera dagoela jakitun, haurraren erregistroa bikote heterosexualen baldintza berdinetan egin ahal izateko helegitea aurkeztu dute, herritarren sinadurek lagunduta.
Bi familia-liburu eta epailearen alternatiba kafkiarra
Une hauetan, bi familia-liburu dituzte: batean bi amak eta lehenengo bi seme-alabak ageri dira, bestean hirugarren haurra eta Brenda Kelleher ama bakar gisa. Intseminazioaren agiririk aurkeztu ezean, umea adoptatzeko prozesu bati ekiteko proposatu dio epaileak María José Torresi. Honek uko egin dio alternatiba kafkiarrari.
Diskriminazio hauek amaitzeko, LGBT komunitatearen eskubideak heterosexualenekin parekatu ditzala eskatu dio Espainiako LGBT Federazioak administrazioari eta iragarri du lege-zirriborroa bultzatuko duela hori lortzeko.
Albistearen larritasuna alde batera utzi gabe, albiste honetan agertzen den “change.org” orrialdearen inguruko artikulu interesgarri bat. Sinadura bilketak egiteko gune hau, urtean miloika dollar irabazten dituen Estatu Batuetako enpresa bat da. Utz diezaiogun beraien jokoan jolasteari.
https://www.gaztezulo.eus/albisteak/change-org-big-dataren-negozioa
Zer?