Irakasle-klaustroak eta ikasleekiko harremana erdaraz?
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, egokitu zaion ikastetxean irakasle-klaustroak erdaraz egiten dituztela kritikatu du irakasle ordezko batek sare sozialetan: “Nahiz eta guztiek euskara ulertu, erdaraz egiten dira klaustroak”; eta gehitzen duenez, D ereduko beste ikastetxe batean “irakasleek erdara darabilte beraien artean, eta gehiengoak ikasleekin ere erdaraz hitz egiten du”. Beste ordezko batek erantzun du 15 ikastetxetan aritu dela bera, eta bakarrean egiten dituztela klaustroak euskaraz. Polemika piztu da sarean.
Irakasleen bilerak erdaraz egitea ulergarria zaionik bada: “Zer egin, irakasle batek euskara jakin ezean?”. Berehala erantzun diote: “Ni Berritzegune batean nabil aurten eta lankide batek ez daki euskaraz. Orain jubilatuko da eta batzar guztiak egiten ditugu euskaraz, ez delako normala 35 urte hezkuntzan eta halako panorama”. Eta bigarren batek: “Euskaraz oraindik ikasi ez duten irakasle horiei: ez da ba izango euskara ikasteko laguntzarik ez dagoelako!”.
“Ez dago aitzakiarik”
Oro har, klaustroak euskaraz ez egitea onartezina dela iritzi diote eztabaidan parte hartu duten irakasleek. “Ezin sinetsita nabil –dio batek–. D ereduan klaustroak erdaraz egiten direla? Sentitzen dut baina ez dago hori baimentzeko aitzakiarik. Irakaskuntzan euskara erabat menperatu behar da eta bestela beste lan bat aukeratu. Uste dut gai honetan zorrotzak izan behar dugula, oso zorrotzak. Ez dago salbuespenik. Ikastetxeetan dinamika guzti-guztiak euskara hutsean izan behar dira. Falta zitzaiguna”. “Egun euskaraz ez dakien irakasleak ezin du D ereduan klaserik eman –gehitu du beste irakasle batek–. Sinple, ez dago inongo kontra-argudio posiblerik”.
Irakasleak ikasleei erdaraz: “Komunikazioa da lehentasuna”
Ikasleekiko harremana ere izan dute eztabaidagai, eta inguru soziolinguistiko erdaldunean dauden ikastetxeetan erdarara jotzea justifikatu dute batzuek, euskara ez dadin izan “irakasteko oztopo”. “Inportanteena zer da, hizkuntza ala edukia?”; “berdin da hizkuntza, komunikazioa da lehentasuna”; “nik maiz erabiltzen dut gaztelania nire lanean, eta zuek bezain profesionala naiz”, irakurri dugu, besteak beste.
“Ez jarri ikasleak aitzakiatzat, mesedez”
Kontrako argudioak ere leitu ditugu, zorionez: “Erdal inguruan dagoen zentro batean ari naiz, baina inoiz ez zait burutik pasa erdaraz hitz egitea nire ikasleei eta mila aldiz errepikatu behar badut ere, euskaraz egingo diet”. “Ikasleek zer edo zer ulertzen ez badute, irakasle bakoitzak jakingo du zein estrategia erabili, baina ez dut uste ingelesa irakasteko gaztelaniaz egiten duzuenik, ezta?”. “Ez badu ulertzen, geratu zaitez berarekin jolas-orduan eta azaldu gauzak astiro eta euskaraz. Ikusiko duzu nola lortzen dituzun emaitzak. Edo agian erosoago suertatzen zaizu erdarara jotzea? Ez jarri ikasleak aitzakiatzat, mesedez”.
Nik Nafarroan ez dut izan inoiz problema hori, ez eskolan ez institutuan ez unibertsitatean, baino bai euskara maila oso kaskarra duten irakasleak ta onartezina iruditzen zait maila hori izatea euskaraz klasea emateko, Katalunian ez zen gertatuko.
Lotsagarria da euskaraz tutik ere ez dakiten irakasleak Euskal Herriko Hezkuntza Sisteman lanean aritzea. Are okerragoa D eredua “saltzen” duten ikastetxeetan hainbat ikasgai eta bilera guztiak gaztelera hutsean egitea, zuzendaritza-taldekoek nahi ez dutelako. Hori tamalez gertatzen da, joan daitezela bestela ikuskariak Donostiako hainbat ikastetxe kontzertatutara EGA tituluak eskatzera.. eskerrak Intxaurrondoko gerizpetik urrundu garen
Egun on
Uste dut badela artikuluan guztiz zuzena ez den datu bat eta norberaren iritzia osatzeko garrantzitsua dena nire ustetan. Hasieran erreferentziaturiko institutua ez da soilik D ereduko institua, baizik eta A B eta D eredukoa.
Mila esker
Kaixo, Ander. Mila esker zehaztapenagatik, arrazoi duzu, erratu egin naiz eta jakina, oso datu garrantzitsua da. Kontua da irakasle ordezkoak bi ikastetxe aipatzen dituela eta bigarrena D eredukoa dela, baina egia da zehazten duela bigarren horretan klaustroak euskaraz egiten direla nahiz eta irakasleek ikasleekin duten harremana sarri erdaraz izan (hori ere bada eztabaidatzeko modukoa…). Klaustroak erdaraz diren eskola publikoak hiru lerroak ditu bai, A-B-D, zuzendu dut albistea. Dena den, eztabaidan irakasleek aipatzen dute beste zentro batzuetan ere klaustroak erdaraz egiten direla, ongi legoke jakitea zein eredutakoak diren.
Ni erabat identifikatuta sentitzen naiz artikuluan irakurritakoarekin. Barakaldokoa naiz eta nahiz eta D ereduan ikasi, benetan euskaldundu nauenak euskararekiko maitasuna eta giro euskaldunetan murgiltzea izan da, baita ere, euskaraz mintzatzeko egin dudan esfortsua.
Orain dela gutxi antzeko egoera bat bizi nuen Bilbo Hnadiko beste eskola batean (50 irakasletik 1ek bakarrik euskaraz ez dakien eskola batean, A ereduko klase bakarra dagoen eskola batean). Ziklo bilera batean, euskal asteaz (eskolako jaialdia) eta euskararen erabileraz mintzo zen ziklo bilera horretan, irakasle guztiak erderaz entzunda, bukatzerakoan aipatu nuen niri gustatuko litzaidake ikasleei eskatzen diegun esfortsu hori eurek ere egin dezaten eta niri behintzat euskeraz egiteko. Jaso nuen erantzuna honakoa izan zen: hemen bi hizkuntza ofizial daudela eta berak niri hitz egingo didala erosoen sentitzen den hizkuntzan, egunerokotasunean egiten duen bezala. (Hau guztia gazteleraz, noski)