Umeek orube bat konkistatu eta jolas-parke bihurtu zutenekoa
Erabili gabeko orube publiko eta itxia izan da hogei urtez, Madril erdialdean, harik eta haurrek eremua okupatu eta jolasteko gune ezin hobe bihurtu duten arte. Arkitekto, diseinatzaile eta pentsalari taldea auzokideekin batera eremu horretan zer egin eztabaidatzen ari zirelarik, konturatu ziren umeak eurak, planifikaziorik gabe, gunea transformatzen ari zirela jada, jolastuz, esploratuz, bertako baliabideak baliatuz.
Beraz, auzoko helduek eta proiektuaren gidari Basurama eta Zuloark elkarteek erabaki zuten haurren jarduna begiratzea besterik ez zutela, gustuko zituzten jolasak zeintzuk ziren deskubritu eta espazioa horren arabera egokitzeko. Egokitzapen gutxi du, dena den, La Latina auzoko orube honek: nahiko gune basatia da; zertarako jarri kulunkak, bertako harri, hondar eta zuhaitzekin gustura asko moldatzen badira haurrak? Sormena, malgutasuna eta askatasuna dituzte oinarri, eta ongi doakie, dagoeneko inguruko umeen leku kuttunenetakoa omen da-eta.
Eta Egian, labirintoa (oraingoz)
Euskal Herrian ere, badira haur eta helduen parte-hartzetik sortutako jolasguneak. Donostiako Egia auzoan burutu dute mota honetako azken esperientzia: inguruko haurren proposamenetatik abiatuta, labirintoa egin berri dute Atotxako parkean, bizilagunek, hainbat ikastetxetako ikasleek eta zenbait erakundek elkarlanean. Pentsatuta dituzten hurrengo proiektuak, zirkuitua eta etxetxoa.
La Latinako argazkiak, bideo honetatik hartuak:
Egiako labirintoaren argazkiak, Egia Segurua Haurren Egia taldetik hartuak:
Tertangan (Aiaraldea, Araba) ere, Urtxintxa eskolak Hiritik At taldearekin batera ekimen ederra egin zuten iaz, Tertangako jolas gunea atonduz, haurrek pentsatua eta eraikia:
https://aiaraldea.eus/amurrio/1482315600314-tertangako-jolasgunea-haurrek-pentsatu-eta-eraikia