“Zerbait kondenatzeko eskatzen dizun jendeak ez du nahi ezer kondena dezazun”
“Jende askok mozorroa kendu du egunotan, benetan den bezalakoa agertu da”. Islamofobiaz, horri aurre egiteko komunitate musulmanak harturiko estrategia okerraz, batasunaren hipokresiaz… Aho-bilorik gabe mintzatu zaio EsRacismori Fátima Aatar, argazkian Bartzelonako kontzentrazio faxista batetan nazi bati aurre egiten ageri den musulmana. Hona pasarte interesgarrienak euskaratuta:
“Arrazakeriari ez zaio aurre egin behar aurreiritziei aurre eginez”
“Faxismoari aurre egin behar zaio, ekitaldi faxista bat dagoen bakoitzean. Ekitaldi horretan, batzuek esan zidaten bakoitza libre dela nahi duen ideologia izateko; diskurtso oso arriskutsua iruditzen zait hori (…) Hannah Arendt-ek hiru pertsona mota bereizten ditu, nazismoa ahalbidetu zutenen artean: dogmatikoak, nihilistak eta herritarrak orokorrean. Herritar ‘normalek’ ere nazismoa onartu zuten eta gorrotoaren normalizazio hori arriskutsua da, jende batek ez duelako ezer egingo edo justifikatu egingo dutelako. Atentatuen kasuan ikusi dugu: ustezko terroristak garbitu dituzte eta jendeak txalo egin du (…) Prozesu historiko bat da, barne-etsai ezberdinek azaleratua, eta orain pertsona musulmanei egokitu zaie, komunistei edota judutarrei egokitu zitzaien bezala. Ezberdintasunak daude, baina bazterketa dinamikak eta mekanismoak berdinak dira. Horregatik diot arrazakeriari ez zaiola aurre egin behar aurreiritzi eta estereotipoei aurre eginez, horiek ondorioa dira. Muinera joan beharra dago, estrukturala dela azpimarratu, erraza eta erosoa den horretara joan beharrean, epe laburrerako balio dezakeelako, baina epe ertain eta luzera ondorioak izugarri txarrak izan daitezke, egunotan ikusten ari garen moduan (…) Pertsona mota ezberdinak daude: arrazistak, bai edo bai kriminalizatuko gaituztenak; pertsona politizatuak, lagunduko gaituztenak; eta euren burua apolitikotzat dutenak, kutsatzen errazak, horiengan dugu lanik gogorrena”.
“Komunitate musulmana, gutxiagotuaren lekua hartzen ari da”
“Zalantzagarria da nola daraman komunitate musulmanak islamofobiaren kontrako borroka, gutxiagotuaren eta erruduntasunaren lekua hartzen ari delako. Abdennur Pradok esan zuen: ‘Terrorismoa ez da islamikoa’ esatea terrorismoaren eta islamaren artean lotura ezartzea da. Inkontzienteki bi kontzeptuak lotzen ari zara. George Lakoff-ek azaltzen du Ez pentsatu elefante batean lanean (…) Guztiz bat nator Musulmanak Sareko kide batek dioenarekin: zerbait kondenatzeko eskatzen dizun jendeak ez du nahi ezer kondena dezazun, dagoeneko erabaki du erruduna zarela eta esaten edo egiten duzun ezerk ez du haien jarrera aldatuko”.
“Batasuna? Klase borroka inoiz baino biziago dago”
“Batasunaren diskurtsoa entzuten dudanean pentsatzen dut ea zer ikusi daukan elite politikoak herritarrekin; klase borroka inoiz baino biziago dago. Behin eta berriz esaten da atentatu hauek gure baloreak eta askatasuna eraso dituztela. Mendebaldeko zein balore? Kapitalismoarenak? Eta askatasuna zeinentzat? Terrorismoa letra larriz bizitzen ari diren musulman horiek guztiak ez al dira sartzen askatasun eta demokraziaren balore horietan? (…) Europan, atentatu bakoitzaren ostean askatasunaren eta demokraziaren defentsaz hitz egiten da, askatasun eta demokrazia hori bera murrizten den bitartean, adibidez Mozal Legearen bidez”.
Benetan oso aspergarria da betiko kontuak irakurtzea eta astakeria den ‘islamofobia’ kontzeptua eten gabe jorratzea. Bestelako hainbat ikuspuntu eta iritzi beharrezkoak dira eztabaida interesgarria izan dadin. Ohartu gabe ala ez erlijio hori ukaezina dela aldarrikatzen dutenekin bat egiten duzue beti.