“Hiperestimulazioaren munstroari etxeko atea ireki diogu”
“Gaur egungo gurasoek formakuntza handiagoa dute, seme-alabentzat onena nahi dute eta pentsatzen dute, ‘erreminta hauek guztiak baldin baditut, zergatik ez erabili?’, baina ume hobeak hezi nahi horretan muturrera joan gara. Bizi dugun presio sozialari muga jarri behar diogu: ingelesa, txinatarra, igeriketa, baleta… Super-umeak sortzeko, goizegi eta gehiegi diren estimuluetara bultzatzen ditugu haurrak, sarri euren burmuinarentzat konplexuegiak diren zereginetara, edota aukeratu eta nahi ez dituzten jardueretara. Eta horrek estresa, blokeoa eta desmotibazioa eragiten du; hiperestimulazioaren munstroari etxeko atea ireki diogu”.
Alicia Banderas psikologoa da mintzo dena, Niños sobrestimulados bere liburua kari (ume gainestimulatuak). “Estimulazioa oso ona da, baina estimulazio falta eta gehiegizko estimulazioa, oso txarrak. Umeek planifikatu gabeko tarteak eta jolas librea behar dituzte. Guraso askok uste du dena planifikatuta ez baldin badago ez dela produktiboa umearentzat. Baina jakintza barrutik sortzen da, ez kanpotik; ideiak prozesatu eta loturak egin behar dituena umea da, eta horretarako denbora librea behar du, edo etxean jostailuekin aritu, besterik gabe”.
Ez gozatu, ez barneratu. Saturatu
“Su motelean ikasten dute umeek. Etengabeko estimuluak baditu, ez du gozatuko, ez barneratuko, saturatu egingo dugu. Gainera dena ez da irakasten: 3 urterekin adibidez, haurrek bulkada grafikoa dute, zuk ezin diozu hori irakatsi, bakarrik ateratzen zaie. Umeek berezko sormena dute, eta hainbeste estimulurekin egiten duguna da berezko jakin-min hori akabatu”.
“Gero eta estimulu dosi handiagoa”
Estimuluekin bezala, teknologiaren erabileran ere erdibidearen alde egiten du Banderasek. “Umeek ikasten dute ukituz, gorputza mugituz, sentsazioen bidez; lehenengo usaindu egiten dute, begiratu, gero ulertu eta hori hitzetara eta pentsamendura eraman. Baina mugikor, tablet eta antzeko pantailekiko harremana gehiegizkoa bada, hori guztia oztopatzen ari gara. Lehenengo urteetan telebista, bideo-joko eta euskarri digitalak gehiegi erabiltzeak umearen arreta prozesuan eragiten du. Batetik, garatzen ari den burmuinak ahalegin izugarria egin behar du halako saturazioaren aurrean; estimuluak super azkarrak eta inpaktu handikoak dira. Bestetik, gero eta estimulu dosi handiagoa beharko du eta naturalagoak diren gauzekiko interesa galdu egingo du pixkanaka, beste erritmo bat dutelako”.
“BEZERO NAIZ , LUEGO EXISTO, lUEGO DELEGO” garaian gaude eta. Hortik guztia zerbitzuetara bideratu beharra.