Zer eta mutilek nota txarrak ateratzen dituztela irakasleak emakumezkoak direlako
Badakizue zer dioen PISA ebaluazio famatuaren egilea den eta hezkuntzaren ildoak markatzea helburu duen ELGA erakundeak, berriki kaleraturiko txosten batean? Irakasleak gehienbat emakumeak direla eta hori izan daitekeela “mutilek eskolan duten motibazio baxuaren eta inplikazio faltaren” arrazoietako bat, eta are gehiago, emakumezko irakasle batzuk ez ote diren ari neskak akuilatzen euren helburuak lor ditzaten eta mutilei lotutako jokabideak zigortzen.
Dirudienez, erakundea ez dago kezkatuta motibazio baxua duten mutil horiek gero neska aplikatuek baino lanpostu hobea eta (lan beragatik) soldata handiagoa lortuko dutelako; ez eta testu-liburuetan aurkituko dituzten pertsonaia historiko, kultural eta erreferentziazkoak gizonezkoak izango direlako nagusiki; edo ikastetxean bertan lan egiten duten garbitzaileak eta jangelako zaintzaileak ere emakumeak izan ohi direlako, eta mutilek erreferentzia falta izango dute arlo horietan ere; ez dago kezkatuta hezkuntzaren goi-etapetan (unibertsitatean eta Lanbide Heziketan) gizon irakasleak direlako gehiengo, berdin katedra, ikuskaritza edo botereguneetan; ez du pentsatu mutilen motibazio baxuaren (eskola-porrot handiagoaren) atzean faktoreetako bat izan daitekeela hain juxtu neskek eta mutilek zein genero-rol eta jokabide barneratzen dituzten jaiotzetik, baita ikasketekiko ere.
Ez, prekarioa eta gutxietsia ez den lanpostu feminizatu bakanetakoan gizon gehiago sartzea da soluzioa, ELGAren arabera. STEILASeko hainbat irakaslek ironikoki adierazi moduan, “ez dago zertan denborarik galdu estrategia pedagogiko berritzaileetan sakontzen, azken batean genitalak baitira gakoa”. Ongi etorriak izan bitez gizon irakasleak, jakina, baina parekide izaten jarrita, maila berean zabaldu diezaietela beste lan arlo eta boteregune batzuetako atea emakumeei ere.
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks