Jolasean, irabazten uzten diozu haurrari?
“Jolasaren bidez, irabazten eta galtzen ere ikasten du umeak, eta gauza handia da hori. Haurrarekin jolasten duzunean, ez galdu nahita! Babesten ari zarelakoan, kontrakoa egiten ari zara: galtzen duenean, gehiago ikasten du irabazten duenean baino”, irakurri diot mahai-jolasetan aditu den Oriol Comasi, eta zalantza geratu zait.
Izan ere, zenbatetan utzi diegun txikienei irabazten! Pedagogoen hitzak bilatu ditut, eta umearen adina funtsezkoa dela diote: 3 urte artekoen kasuan, onena omen da gehienetan eurek irabaztea, poz hori izan dadin jolaserako motibazio eta akuilu. 4 urtetik aurrera, funtsa da ulertaraztea, irabazi edo galtzetik harago, jolastea bera dela inportanteena. Galtzea ona da, frustratzen ere ikasi behar dutelako, eta emozioak eta frustrazioak gestionatzen laguntzea da gakoa: frustrazioak ez dezala eraman etsitzera, berriz jolastu nahi izatera baizik. Alegia, irabazi/galdu, orekan dagoela giltza.
“Jolastu pixka bat egunero, zure bizitza zoriontsuagoa izango da, eta luzatu egingo duzu. Gutxienez, astean behin jolastu! Jolasten duen haurra zoriontsuagoa da, lagunkoiagoa, enpatikoagoa eta eskuzabalagoa”, gaineratu du Comasek.
3 Iruzkin
Trackbacks/Pingbacks
- BOST MINUTUKO IKASTAROA: Egunen eta hilen deklinabidea | eskolaegunezegun - […] http://www.argia.eus/blogak/mikel-garcia/2017/12/11/jolasean-irabazten-uzten-diozu-haurrari/ […]
- Zure umeak galtzen ba al daki? - Jendartean - […] falta. Maiz gurasoak saiatzen gara joko eta jolasetatik lehia ezabatzen, edo zuzenean haurrari irabazten uzten, gozatzeari laga ez diezaion.…
Jokoa ikasi berria duenean bai, jokoarengan interesa sortzeko. Ondoren jokoa gogortu izan diot gero eta gutxiago utziz, bere burua eta trebezia lantzen joan dadin (batez ere xakean egin izan dugu)
Ni intuizioz aritu izan naiz (umeak 9 urte)’ orain, bai frontoian bai xakean, adibidez, %70ean-edo irabazten diot, bestea utzi. Beti galtzea etsigarria da
Agian arazoa “irabazi/galdu” dikotomia horretan datza; jolasean ari bagara, guztiok irabazten dugu, ezta? Etxeak eraikitzen, antzerkia egiten, saltoka, zuhaitzetara igotzen… eta frontoian ere, noski, zergatik kontatu tantoak?