Mesedez, utzi ume afrikarrekin argazkiak ateratzeari
Afrikara bazoaz, mesedez ez atera argazkiak ume beltzekin gero sare sozialetara igotzeko, utzi argazki moloietan Afrikari buruzko topiko iraingarriak zabaltzeari eta gainditu ezazu “txuri salbatzailearen konplexua”. Kontzientziazio kanpaina abiatu dute Norvegian.
“Errespetatu pertsonen duintasuna”, “argazkia atera aurretik baimena eskatu” edo “gogoeta egin, zertarako igo nahi duzu benetan argazki hori sare sozialetara?” bezalako gomendioen bidez, Afrikara bidaiari edo proiektu humanitarioren batean boluntario doazen europarrak kontzientziatu nahi ditu ekimenak, Facebook eta Instagramera gustu txarreko zenbat eta zenbat selfie igotzen diren ikusita. “Ume afrikar batekin selfie bat egiteak, adibidez, ideia faltsu bat betikotzen lagundu dezake: Mendebaldea dela sendatzen eta salbatzen duen bakarra, Afrikako komunitateak pasiboak eta otzanak direla, ume hori bazterrean utzia izan dela eta boluntarioa superheroi moduko bat dela”.
Eta umeen pribatutasuna?
Ospitaletan gaixo dauden haurren argazkiak (oso ohikoak) saihestu behar direla azpimarratzen du kanpainak, pazientearenganako errespetuagatik eta kodigo etikoen aurka doalako. Baina oro har, zergatik atera argazkiak umeei, haien pribatutasuna aintzat hartu gabe? Egingo al genuke berdina gure inguruko herrialdeetan? Are gehiago, Europako hainbat herrialdetan debekatuta dago haurrei argazkiak ateratzea.
Barbie ere Afrikan boluntario
Behean ikus dezakezuen bideoaz gain (hemen arrantzatua), Barbie Savior Instagram kontua ere sortu dute: testu sarkastikoak lagunduta, egoera absurdoetan ageri da panpina ezaguna, sarri ekintzaz baino gehiago argazki polita ateratzeaz arduratuago dauden boluntarioei kritika egiteko asmoz.
Gaiaz gehiago:
– “Afrikarrak tentelak garen ideia dago Gobernuz Kanpoko Erakundeen proiektuen atzean”
2 Iruzkin
Trackbacks/Pingbacks
- BOST MINUTUKO IKASTAROA: Beste eta kalkoak / Mikel Garcia Idiakez | eskolaegunezegun - […] Mikel Garcia Idiakez. Argia […]
Guk Perura egin genuen bidai batetan bururatu ere ez zitzaigun egin umeekin argazki “moloi” bat ateratzea. Iraingarria iruditzen zitzaidan argazkirako “posea” eskatzea beraiei….
Kosmopaletismoaren kintaesentzia bere gorenean. Postureoa, hipokrisia eta limosna modernoak