Bai, Nigerian ere liburu-dendak dituzte
Nigerian liburu-dendak al dituzten galdetu dio idazle nigeriarrari kazetari frantsesak, Frantziako herritarrek Nigeriaz omen dakitena Boko Haram dela eta horregatik egin diola galdera. Gogor erantzun dio Chimamanda Ngozi Adichie-k, “Afrikari buruzko ezjakintasun nekagarri, dramatiko eta oinarrizkoari legitimitatea” emateagatik.
“Ez dut espero pertsona frantses batek Nigeriaz ia dena jakiterik, nik ez dakit ia dena Frantziari buruz. Baina Nigeriak liburu-dendak dituela frantsesei azal diezaiedala eskatzeak ideia atzerakoiari eusten dio: Afrika hain dela ezberdina, hain patologikoki ezberdina, afrikarra ez den norbaitek ezin duela hango bizimoduari buruz arrazoizko pentsamendurik eraiki. Afrikari buruzko ezjakintasun nekagarri, dramatiko eta oinarrizkoari legitimitatea ematea da. Eta ez daukat horretarako pazientziarik. Agian frantziarrek ezin dute Nigerian liburu-dendarik irudikatu, eta hori, 2018an, interneten eta interkonexioaren aroan, lotsagarria da”. Halaxe erantzun du sare sozialetan idazleak, telebista frantsesean egin dioten galderarekin haserre.
“Nik ere berdin pentsatuko nukeen”
“Nigerian hazi izan ez banintz, eta Afrikari buruz dakidan guztia izango balitz zabaldu diren irudien bidez jasotakoa, nik ere pentsatuko nukeen Afrika dela paisaia eta animalia ederrak dituen lurralde bat, lurralde bat non zentzurik gabeko gerretan murgildutako jende ulertezina dagoen, gosez eta HIESAz hiltzen dena, bere kabuz hitz egiteko kapa ez dena, atzerritar zuri atsegin batek noiz salbatuko zain”, esana du aurretik Chimamanda Ngozi Adichiek. Berea da Guztiok izan beharko genuke feminista liburu ospetsua.
Adichiek gaineratu du ez hartzeko kazetaria jomugan, gero jakin duenez ironikoa izan nahi omen zuelako, baina ez zuela ironiarik ikusi galderan, elkarrizketa guztiko tonu laua mantendu baitzuen.
Iruzkin bat
Trackbacks/Pingbacks
- Bai, Nigerian ere liburu-dendak dituzte | EIBZko liburutegia - […] Mikel Garcia Idiakez / 2018-02-05 / 235 hitz […]
Galdera negargarria duda barik. Benetakoa litzateke ea zein motatako liburuak diren.