Klase gatazka hezkuntzan
Aurre-matrikulazio garaian gauden honetan, gogoeta interesgarria egin du Aitor Etxarte Nafarroako Eskola Kontseiluko lehendakariak Berrian: aporofobiaz mintzatu da, pobreenganako fobiaz, edo nola inklusioaren eta aukera-berdintasunaren alde azaltzen garen publikoki, baina gero datuek kontrakoa dioten. Beharbada horregatik, herri eta hiri askotan ikastetxe markatuak daude oraindik, kasik ghetto bihurtuak, non profil jakineko eta maila sozioekonomiko ahulagoko familien seme-alabak diren nagusi. Eta maiz, segregazio eta pilaketa artifizialek muturreko egoerak eta zailtasunak sortzen dituzte, ghettoak are ghettoago bilakatuz. Ziurrenik, ez da bidezkoa gurasoak horren erantzule egitea, administrazioak berak izan badituelako mekanismoak, ikastetxe batzuetan eta besteetan ikasleen harrera orekatzeko, eta baliabideak behar bezala banatzeko.
Etxartek dioen moduan, azken ikerketek ere argi utzi dute: ikasle bakoitzaren testuinguru sozioekonomikoak baldintzatzen du haren ibilbide akademikoa. “Nafarroan, DBHko 4. maila errepikatzen duten ikasleen kopurua, adibidez, %30ekoa da testuinguru sozioekonomiko baxuko ikasleen artean; eta %1,4koa soilik klase altukoen artean”. Eta hain juxtu, eskola tresna aproposa da egoera horri buelta emateko, eskola da gizarte kohesiorako oinarria eta haurren garapena eta aukera-berdintasuna bermatzeko bitartekoak jarri ditzakeena. “Ikastetxerik onenak dira jaiotzetik ezarritako determinismoa apurtzeko gaitasuna dutenak”, dio Etxartek; eta gehituko nuke gizarte/hezkuntza sistemarik onenak direla ikasle guztien aukera-berdintasuna bermatzeko gai direnak, ikaslearen “porrota” eskolaren ezina delako, gizarte sistemaren ezina. Zer esanik ez, maila sozioekonomiko baxuko ikasleetatik harago, maila sozioekonomiko baxuko ikasgela eta ikastetxeak ugaritzen ari direnean, bazterkeriara kondenatuak. Status quoa aldatzeko erreminta eraginkorra da eskola, baina horretarako, borondate politikoa behar da, baita aldaketa hori nahi eta bultzatuko duen gizartearen borondatea ere.
2 Iruzkin
Trackbacks/Pingbacks
- Lanaren ekonomia: Okerrera doaz Eusko Jaurlaritzaren aurreikuspen ekonomikoak | Autogestioa - […] itzela egiten jarraitu du Argiak, Hala Bedi bezalako beste komunikabide herrikoiekin elkarlanean. Klase gatazka edo aporafobia, txiroenganako fobia, eztabaida…
Munduko arrozak, herrien astea ta horrelakoak ospatzen direnean denok nahi dugu inklusioa ta solidario sentitzen gara. Batzuek gure seme-alabak non matrikulatu aukera dezakegu. Denek ez dute aukera hori.
Oraindik ere hauetako askok maila sozioekonomiko bereko (ertain-altua) ikasleak jasotzen dituzten zentroak aukeratzen dituzte. Zeren beldur gea? Ez al da beldurgarriagoa herriko eskola getto itxura hartzen ari dela ikustea?
Beldurrei aurre!!
Gure ikastolan barne beka sistema bat erabiltzen dugu, eta beharrean diren familiak ez dute kuotarik ordaintzen edo erabat murrizten zaie. Nahi duen guztiak irekiak ditu ateak, estatusa ez da eragozpena gure ikastolara joateko, beste familien elkartasuenan oinarritzen da. Kontua da guztiok dugula dohako ikasketetarako eskubidea hautatzen dugun eredua hautaturik ere, hori da hain zuzen administazioak bermatu behar lukeena, eta horrek amaituk luke getoekin.