Hain juxtu zuria zarelako ikusi behar duzu super-heroi beltzaren filma
“Zuria bazara, behingoz zure azal kolorea ez duen norbait ikusiko duzu pantaila handian gaizkileen aurka borrokatzen, agintean, pertsona errugabeei bizia salbatzen. Hain juxtu horregatik joan behar duzu Black Panther ikustera”.
Hala dio Preeti Varathan kazetariak, Marvel estudioek super-heroi beltz bat pantailaratu dutela-eta. Harrera eta kritika oso onekin estreinatu da filma, baina batez ere duen garrantzi kulturala azpimarratu du kazetariak, kontuan hartuta Hollywoodek oraindik ere zenbateko indarra eta eragina duen guregan. Afrikako Wakanda fikziozko herrialdean kokatua, istorio honetako pertsonaia eta aktore gehienak beltzak dira eta zuzendari beltz batek zuzendu du lana.
Beltzek protagonismoa hartzea eta bestelako rol batzuetan ikusi ahal izatea beti da onuragarria, eta haurrengan ere izango du eraginik; gogoratu Wonder Woman filmak nola aldatu zituen nesken artean jolasak eta jarrerak haurtzaindegi batean. Ume beltzek bakarrik ez, haur zuriek Superman eta Batmanez bezalaxe Pantera Beltzaz mozorrotu nahi izatea ere, naturaltasunez bizitzea, inportantea dela nabarmendu du Varathak.
Jendeak ez ditu emakumeak eta beltzak nahi protagonista?
Estreinatu eta berehala hainbat errekor puskatu ditu filmak, ekonomikoki harrera itzela izan baitu. Arrakastatsua izan zen baita ere Wonder Woman, eta horrek hainbat aurreiritzi –aitzakia– gainditzeko balio du: zinema-industriak argudiatu izan du jendea ez dela joaten protagonista beltz edota emakumea duten istorioak ikustera, eta badakigu, etekin ekonomikoak mugitzen du Hollywood. Aniztasunak ere dirua ematen duela jabetuta, beharbada hain zuri, hain maskulino eta hain hetero izateari utziko dio Hollywoodek pixkanaka.
Super-heroiak ikaragarri aspergarriak dira. Aldez aurretik den-dena badakigu, besteak beste ez dira inoiz hilko makurtzen diren arren eta azken batean Jesus bezain astunak dira. Beltza ala xuria, bost axola.
Danny Glover, Morgan Freeman, Sydney Poitier, James Earl Jones, Forest Whitaker, Don Cheadle, Cuba Gooding Jr… goi mailako aktore beltzak nonahi, heroiak beti ez baina aktore bikainak, hori bai !
Blade (1998), Blade II (2002), Blade: Trinity (2004).
Preeti Varathan kazetariaren gomendioa AEBen ergela da, Euskal Herrian ergelagoa.
Hori bai, Walt Disney Company pozik.