Hezkuntza oposaketetako deskalabrua
Hezkuntzako oposaketak abiatu dira EAEn, eta asko dira haserre dauden irakasleak. Hainbat arlotan, eskainitako plazak ez dira beteko, lehenengo fasean bertan gutxiago izan direlako azterketa gainditzea lortu dutenak. Hala gertatu da, adibidez, Historian, Fisikan edo Matematikan (eskainitako plazen herenak baino ez du gainditu lehenengo azterketa Matematikan, gutxi gorabehera), eta Teknologiako 60 plazetarako 60 irakaslek egin dute aurrera lehenengo fasean. 2016an antzera gertatu zen, eta orduan esandakoa errepikatu dezakegu: edo balio ez duten ehunka irakasle ditugu ikastetxeetan lan egiten, edo eredu desegokia eta antzua dira oposaketak.
Gaitegi desegokiak, gaizki diseinatutako azterketak eta irizpide subjektibo-zorrotzegia duten zuzentzaileak, horiek dira oposizioetara aurkeztu direnen kexetako batzuk. Ongi laburbildu du Jabi Isasik, Marrazketako azterketa gainditu ez duen irakasleak: “Dagoeneko egiten dudan lan bat, ez dakit zenbat ordu sartu eta gero, ebaluatzaileen arabera, ez naiz heltzen betebehar hori betetzera?” (5,6 izan da bere tribunalak jarri duen notarik altuena). Irakasle ona ala txarra zaren, ez dut uste horretarako neurgarri fidagarria direnik oposaketak, eta beraz, ez dute beren funtzioa betetzen.
Irakasleria egonkortzeko funtzioa ere, ez dirudi betetzen dutenik (plazak ez dira beteko, esan bezala). Irakasle ordezkoak punta batetik bestera dabiltza dantzan urtero, eta karreran gainditutakoa buru-belarri berrikasten jartzen dira bat-batean, gobernuak erabakitzen duenean oposaketak egingo dituela. Ez al litzateke zentzuzkoagoa urteak pasa ahala, azterketa akademiko bat pasa behar izan gabe, esperientziak lanpostu finkoa ziurtatzea eta irakasleari jarraipena egitea, esaterako zuzendaritzak eta mintegi-buruek irizpide egokiagoen arabera egindako barne-ebaluazio bidez?
Funtzio bat ongi betetzen dute oposaketek, hori bai: prekarietatearen aroan, askok eta askok oposaketak gainditzea eta lanpostu finkoa lortzea helburu eta amets duten aroan, amu tranpatia bihurtu dira oposaketak, eta gero eta gehiago dira jokoan parte hartzen dutenak, hautatuak izango diren promesa horri segika.
1.- Oposaketara aurkezteak ez du esan nahi irakasle bezala lanean ari zarenik.
2.- Azterketetako gaitegiak, kasu askotan, klaseetan ematen diren edukiekin ez du zerikusirik.
3.- Azterketa hauetan ez da irakasleen balioa neurtzen, gai zehatz bati duten ustezko ezagutza baizik.
4.- Azterketak zuzentzeko irizpideak ez dira gardenak.
5.- Iada lanean dagoen irakasle batentzat oso zaila da azterketak prestatzeko denbora ateratzea. Irakasle askok baimenak hartzen dituzte edo bere lana erdizka egiten dute azterketak prestatu ahal izateko. Hau al da eredu egokiena irakasleei egonkortasuna emateko?
Irakasle ez diren eta miserian ez erortzeko beste lan prekarioagoetan lanean dabiltzanek ere denbora atera behar izaten dute ba nunbaitetik ikasi ahal izateko. Hori bai, 15-20 urte plaza fijoarekin irakaskuntzan lanean doazen irakasle asko ez ziren gai izango gaur egungo oposaketetako azterketa gainditzeko. Zerbait gaizki egiten gabiltza.
Prozesu guzti honek ez du ez hanka ez bururik. Kide batek zioen bezala, Historia, Geografia eta Artearen Historiako ezagutzak eskatu zaizkigu proba praktikoa egin ahal izateko. Erokeria. Konpetentziak, kooperazioa eta IKTekin ahoa betetzen duen hezkuntza ereduak, memorizazioa eta auskalo ze beste ezaugarri (irizpideak ez baitira gardenak) baloratzen ditu.
Hark zioen bezala: HACEROSLO MIRAR!
Urtero matraka bera. Opositore askok bere bizia eta osasuna hipotekatzen dute urte askotan gai zerrenda bukaezin bat buruz ikasten, eta esfortzu horrek ez die, gerora, beren lana hobeto egiten lagunduko, kontrakoa baizik, pertsona horiek hasi aurretik erre egiten direlako. Horregatik, irakasle askok plaza ateratzen dutenean, beren bizitzako helburua ahalik eta lan gutxien egitera bideratzen dute, ez dute gauza berriak egin eta birziklatzeko motibaziorik (nahiz eta ikastaroak “egiten” dituzten beren lan orduetan) eta ikastetxe berberean finko urte askoz mantentzen dituztenez, lankideen arteko gorrotoak eta ezinikusiak areagotu egiten dituzte, gehienetan erreta dagoen lankide toxikoaren sindromeagatik (besteei buruz berba egitea beste helbururik ez duen lankideak eragiten duena) eta inbidia kontuengatik (ordutegiak, irakasgaien banaketa etab.) Hortik datoz urte osoko baja asko eragiten dituzten “depresioak” eta antzekoak. Bueno luzatzen ari naiz. Laburbilduz: oposaketa/funtzionariotza sistema hau hezkuntza sistemaren akats kongenitoetako bat da baina urte askotan zehar izango da gure artean.