Komunera joateko laguntza behar duen ikasleari EHUk erantzun dio laguntza ikaskideei eskatzeko
Gasteizko campusean ikasturtea hasi aurretik, premia bereziak dituen Noelia Da Costa ikaslea EHUrekin bildu zen, eta bereziki nabarmendu zien laguntza behar duela oso oinarrizkoa den zeregin baterako, komunera joateko. Arazorik ez, erantzun zioten, “hau unibertsitate inklusiboa da”. Hiru aste geroago, oso bestelakoa da panorama eta EHUk esan dio ez dagoela zeregin hori beteko duen lanposturik.
Hala Bedin jaso dute albistea. Ikasturtea hastearekin batera izan zuen lehenengo ezustekoa Noelia Da Costak: Ezintasun Zerbitzuko langileetako bat eszedentzian zegoela argudiatuta, esan zioten ikaskideek lagundu beharko ziotela komunera. Eta bi astez lagun batek egin dio mesedea, baina lagun horren ikas-ordutegia jada ez da Da Costarenarekin bateragarria eta berriz ere EHUk agindutakoa galdegin du ikasleak. Unibertsitateak Arabako ezintasun zerbitzura bideratu du gaia, eta honek azaldu dio laguntzaile bat jarriko diotela, baina egunean behin laguntzeko, lanaldi erdiz dagoelako, 12:00ak arte. Ordu horretatik aurrera komunera joan behar badu? “Ikaskideren bati eskatu laguntza”. EHUk, bere aldetik, argudiatu du ez duela halako zereginetarako lan-poltsarik.
EGUNERAKETA: Hala Bedik albistea argitaratu eta bi egunera, EHUtik deitu diotela jakinarazi du Noelia Da Costak, eta urriaren 8tik aurrera komunera joateko pertsona baten laguntza ziurtatu diotela.
Tristea benetan… Lanposturik ez eta bihotzik erez.
Kaixo, Mikel:
Zure artikuluan jorratzen duzun auzia bideratu egin genuen gure ikaslea laguntzarik gabe geratuko zela jakin bezain laster. Izan ere, urriaren 4ko arratsalderako jada hitzartuta zegoen kontratatu behar genuen teknikari laguntzailea: Hezkuntzarako Laguntzako teknikari espezialista. Ostiralean ikasleak klaserik izan ez zuenez, gaur bertan, urriaren 8an, hasi da teknikaria ikaslearekin lanean.
Jakingo duzunez, administrazio publikoetan, pertsonak kontratatzeko prozedura zorrotz bati jarraitu behar diogu. Hori dela eta, epe batzuk betetzea derrigorrezkoa da, ordezkapen poltsetan dauden langile guztiei aukera berdintasuna bermatzeko. Horrez gain, batzuetan gertatzen da ordezkapen poltsetan inor libre ez egotea plaza jakin bat hartzeko. Hori da, hain zuzen ere, ikasturte hasieran izan dugun egoera. Horregatik, gaia bideratu bitartean, ikaslearekin adostu genuen lehenagotik ezagutzen zuen ikaskide batek lagunduko ziola.
Irailaren 28an, ostiralarekin, ikasleak jakinarazi zion Desgaitasunak dituzten Pertsonentzako Zerbitzuari hurrengo astelehenetik aurrera bere ikaskideak ezin izango ziola lagundu. Momentu horretan abiatu genuen prozedura pertsona bat kontratatzeko. Bitartean, Arabako Orientazio teknikariak lagundu dio ikasleari, haren eginkizuna ez den arren. Hau da, ikaslea ez da egon laguntzarik gabe, eta, une oro, zerbitzuan saiatu gara hari laguntza ematen.
Aurrera begira, UPV/EHUren jardunbideari buruzko informaziorik behar baduzu eskertuko genizuke gure Komunikazio Bulegoarekin harremanean jartzea.
Ondo izan.
Txelo Ruiz
UPV/EHUko Ikasleen eta Enplegagarritasunaren arloko errektoreordea
Kaixo, Txelo:
Eskerrik asko informazioagatik. Nik uste Hala Bedik ongi jaso duela urriaren 4ra artekoa, nola hasieran lagun batek laguntzen zion komunera joaten eta nola bideratu zen gero auzia. Urriaren 4ko erabakiarekin eguneratu dut albistea. Pozgarria.
Ongi izan!
En fin… Ikaskideak jada ezingo zionean lagundu, abiatu zuten pertsona bat kontratatzeko prozedura!!!! Hau da, ahal izan duten bitartean, beraien arduraz librau nahi izan dute ikaskide esku zabal eta jator baten kalterako!… Ta europako unibertsitate onenen artean gaudela sinetsi behar???
Bestalde, enplegagarritsunaren arloko errektore ordea izanda, nola demontre ausartzen da holakoak adierazten ondotxo jakinda erkidegoko fakultate gehietan irakasleren bat falta dena eta, daudenak lan baldintza estresanteak, soldata kaxkarrak eta, klase bakoitzeko ikasle gehiegi daudela!
Lan Ikuskaritzak Bilbon hildako bat eragindako istripuaren erantzule EHU egiten du
Segurtasun neurrien eza ikusi eta prestazioen errekarguarekin zigortzen du Lan Ikuskaritzak Bilboko Ingeniaritzako Eskolako istripuagatik
UPV/EHU eta Osalanen ardura-falta salatzen du LABek eta neurrizko asebetetzea adierazten du Lan Ikuskaritzaren errekerimenduaren aurrean
Atzo, urriak 8, astelehena, UPV/EHUko Prebentzioko delegatuoi helarazi zaigu Bizkaiko Lan Ikuskaritzak irailaren 28an egindako errekerimendua. Horretan, guztiz debekatzen da edozein sarrera Bilboko Ingeniaritza Eskolako II. Eraikinera maiatzean izandako istripua gertatu zen eskaileratik. Era berean, indarrean ziren baimen guztiak kentzea eskatzen du, atea soilik “larrialdietako irteera” gisa erabili ahal baita. Beste aldetik, eskailera eta baranda araudira egokitzeko eta leku horretako argiztapena hobetzeko planteatzen du.
Lan Ikuskaritzak berresten du “istripuaren arrazoia araudia betetzen ez duen eraikinerako sarrera ahalbidetzea” izan dela, eta “istripua gertatzeko lagundu zuela, eskaileraren zabalera dela eta, baranda zentralik egon ez izana“.
Lan Ikuskaritzaren aburuz, prebentzio-arautegiaren haustea gertatzen da, bai Lan Arriskuen Prebentzioaren Legearen xedapen orokorrei dagokienez, baita sarrera, larrialdeetako ateei eta eskailerei buruz lantokietako segurtasun eta osasun gutxieneko xedapenetan jasotakoari dagokionez, zeinak ordena sozialaren arau-huste eta zigorren Testu Bategina onartzen duen Erret Dekretuan tipifikaturik dauden.
Ikuskaritzak ez du arau-hausteren aktarik proposatzen “UPV/EHU administrazio publikoa baita, eta ondorioz, prebentzio arloko zigorrik jaso ezin duena” , baina segurtasun eta higiene neurrien ezak langilearen istripuaren kausa zuzena dela eta, proposatzen du “errekargua dagozkion prestakuntzetan (…) baita errekerimenduaren proposamena ere”, eta ezartzen du berehalako epea errekerimendu hori exekutatzeko.
LABen sekzio sindikalaren lehenengo balorazioa
UPV/EHUko LABen sekzio sindikalak neurrizko asebetetzea adierazi nahi du Bizkaiko Lan Ikuskaritzak UPV/EHUri egindako errekerimenduagatik.
Neurrizkoa, Bilbaoko Ingeniaritza Eskolako larrialdeetako eskailerako segurtasun neurriei dagokien irregulartasunak eta arau-hausteak, M.A.N langilearen heriotza eragin zutenak, ahal den azkarren bertan behera utz ditzan eskatzen baitu. Eta, aldi berean, UPV/EHUri %50eko errekargua ezartzen baitio istripuaren ondorioz kalte-ordain gisa eman beharreko prestazio ekonomiko guztietan.
Hala eta guztiz ere, LABek ezin du nabarmendu barik utzi gure ustez onartezinak diren bi egoera: alde batetik, UPV/EHUren kontrako zigor-aktarik proposatu ezin izatea, administrazio publikoei ez baitzaie prebentzio arloko zigorrik jartzen (prestazioen errekargua izan ezik, segurtasun eta higiene neurrien ezaren ondorio zuzentzat jotzen bada istripua), eta Osalanek erakutsi duen prestasun falta ulergaitz eta onartezina. Izan ere, oraindik orain, ez du ikerketa-txostenik aurkeztu hilabeteko koma baten ondoren hil zen langilearen istripuaren inguruan. Arintasun falta bera dagokio UPV/EHUri, jakin izan baitugu Osalanek eskatutako dokumentazioa hilabete batez atzeratu zuela.
Hori dela eta, UPV/EHUk istripu onartezina eragin zuten ardura guztiak argi ditzan exijitzen jarraitzen dugu, Bilboko Ingeniaritza Eskolan gertatutakoa bezalako egoerei aurre egin eta zuzen daitezen ahal den arinen. Tamalez, aipaturiko eskola ez baita unibertsitate publikoko ikastegi bakarra lan-segurtasun eta osasunaren araudiaren hauste larriak dituena.