Eskolako gurasoen whatsapp taldeetan, belarriprest gutxi
D ereduan ikasten duten ikasleen gurasoen whatsapp taldean, euskaraz idatzi eta sarri ia automatikoa izaten da beste gurasoren baten erantzuna: “En castellano por favor, para los que no entendemos en euskera”. Aste berean hiru kasu ezagutu ditut eta soluzio ezberdina planteatu dute hiruetan.
Oier Araolazak kontatu duenez, gurasoen whatsapp taldean erdaldun bik eskatu dutenean euskaraz ezetz, gaztelaniaz aritzeko, halaxe erantzun die: “Os pido que la próxima vez que recibáis mensajes en euskara hagáis un esfuerzo por entenderlos y pidáis ayuda a vuestras hijas, para de esta manera no limitar a nadie y que cada uno podamos comunicarnos en el idioma que escojamos”. Ez du oso gustura hartu erantzuna guraso elebakarrak: “Comunícate en el idioma que te dé la gana” bota dio arrapostu, baina badirudi euskaldunak lortu duela, oraingoz behintzat, euskaraz aritzeko eskubideari eustea.
Euskaldunak, elebitan
Beste kasu batean, eskolako gaiekin zerikusirik ez duen bideo baten euskarazko komentarioari oharra egin dio segituan guraso batek, gaztelaniaz idazteko eskatuz. Hirugarren guraso batek erantzun dio (euskaraz eta gaztelaniaz) ikasgelako kontuen azalpenak eleanitzak izan beharko direla, baina bestelakoak bakoitzak nahi dituen hizkuntzan idatzi ditzakeela, jakina. Emaitza? Hortik aurrerako whatsapp guztietan erdaldunek gaztelaniaz baino ez dute idatzi eta euskaldunek ordea (taldeko gehiengo zabalak), euskaraz eta gaztelaniaz aldioro, mezu bakoitza bi hizkuntzatan errepikatuz, bakearen izenean-edo…
Bi whatsapp talde sortzea erabaki dutenak
Hirugarren planteamendu bat ere ezagutu dut: ikastola bateko gurasoek erabaki dute bi whatsapp talde sortzea, bata euskara hutsean, eta bestea bi eletan. Guraso taldeko ordezkaria bi taldeetan dago, eta hark du ardura ikastetxeko kontuekin zerikusia duen informazioa batean eta bestean zabaltzeko. Emaitza? Oraingoan ere, haserre hartu du erabakia euskaraz ez dakien hainbatek, baztertu egin zaiela ulertuta.
Ahalegina eta amore ematea, beti berdinek
Aferak ez du soluzio errazik, inork ez duelako liskarrik nahi, inork ez du haserretu nahi… baina zein da liskarraren eta tentsioaren eragile? Eta zein da gatazka saihesteko beti amore ematen duena, zer eta gehiengoak euskaraz dakienean, arrazoia eta eskubidea alde dituenean? Zein alderi eskatzen zaio beti ahalegin gehigarria egiteko? Bai, estres linguistikoari aurre egiteko TELP tailerrak behar ditugu oraindik, akonplexatuta jarraitzen dugulako, edukazio txarraren argudioa eta erruduntasun sentimendua muineraino sartu digutelako, menperatuaren kontzientzia gainetik kendu ezinik gabiltzalako geure herrian.
Eta azkenean umeek gurasoen jarrera linguistikoak errepikatzen dituzte. Gurasoak euskararekiko jarrera aldentzen ez badute…
Horrelaxe da,eta umeak gurasoen islada bat besterik ez direnez, beraiek erantzun berdina ematen diote irakasleari…
Gero euskaraldian edo korrikan, ibilaldietan… harro parte hartzen dutenak izango dira ?♂️?♂️?♂️
Talde guztietan gertatzen dira honelako kontuak. Nire iritziz bi modutan konpon daiteke hau:
1. Esaldi motzak eta ulergarriak erabiliz
2. Bi hizkuntzetan jarriz… baina mesedez ez zigortu kontu hau, haien seme-alabak D ereduan sartzea jada oso aberasgarria.
3 . aukera ahaztu zaizu: euskaraz ikas dezatela!! Ez diegu eskatzen doktore tesi bat euskaraz egiteko gaitasuna, guk esaten duguna, egunerokoan, ulertzea soilik
Itzultzeko aplikazioak fonoan jarriz konpomduk litzateke.
Watsapp talde honeen helburua gurasoen arteko komunikazioa erraztea da. Hau da, kominikatzeko tresnak dira.
Talde osotzen dutenen artean izango dira hizkuntza asko dakitenak eta bakarra dakitenak.
Beraz, alde praktiko batetik ikusita, eta taldearen helburu nagusia zein dan ikusita, logikoa eta ukergarria da komunikazioa taldeko pertsona guztiek ulertzen daben hizkuntzan egitea.
Euskara erabiltzea helburu dan talde batean egon nahi izan ezkero, erabili beste talde bat. Gurasoen watsapp taldea ez da horretarako.
D ereduko ikastetxean D erduko komunikazioa, ez iruditzen? Zure logikari jarraitu ezkero euskarazko komunikazio tresna oro soberan dago, komunikatu bere soilean helburua izanik bederen.
Nabarmen da, alferrik ari gara.
Ordyan zure ustez halako taldeetan euskaldunok gaztelera erabiltzera derrigirtuta gaude, ezta? Eta hori dena komunikazio erraza eta ekonomiaren izenean. Eta euskaraz egin gura duenal, bere getoan erabil dezala. Mendeetan zehar gure genozidek hori esan digute, eta orain badirudi “euskaldun zintzook” obeditzea baino ez dugula. Patetikoa benetan!!!
Ez nago ados Koldo, beti dago euskaraz ez dakien baten bat. Holako kasu guztietan erderara joten badogu euskarazko esparrurik gabe geratuko gara. Bardin deutso guraso erdaldun bat, kuadrilako norbaiten bikote erdalduna, familiako bikote erdalduna… Beti da euskara galtzaile. Nire ustez euskarari eutsi behar deutsagu ta bestelako urtenbideak bilatu. Erdaldunek ez dabe sekula aleginik egingo euskaldunok erderara joten badogu… Zertarako?
Orduan Koldo, arazoari aurre egiteko modua gaztelania hutsean egitea duk? Hortaz, ahalegina elebidunek egingo diten eta gaztelania soilik dakienak sekula ez dik euskara ikasteko beharrik sentituko…hori gizartera eramanda ekuazio errazA: hizkuntza guztiak dituk komunikatzeko, beraz euskal herrian batzuek soilik gaztelania dakitenez zertarako erabiliko diagu euskara? Egin dezagun denok gaztelaniaz eta kitto! Denok elkarulertuta poz-pozik egongo ginateke!
Bai, arrazoia duzu Koldo. Komunikatzeko praktikotasunari begira, tamalez halaxe da.
Baina nolabait jende honek sentitu beharko du ba euskararen presentzia, eta euskaldunontzako gure hizkuntzak duen garrantziaz jabetu.
Belarriprest gutxi eta gor asko dago euskararekiko momentu honetan. Jarrera kontua da.
Praktikotasunaren izenean errena geratu zaizun Lagun txakurra akatu beharko genuke, baina zorionez praktikotasunetik haratago doan sentimendu izeneko indar bat dugu gizakiok, ta jarrera eta ilusioz gauza asko lortu daizke.
Saiatuko gera. Animo Koldo!
EUSKARALDIArako beste figura bat? “Belarrimotz”, agian?
Hori da! Euskara erabiltzea ez da praktikoa, egun, denok, gaztelera menperatzen dugu eta! Baina praktikatu nahi duenak sor dezala taldetxo bat eta zarata handirik atera gabe erabil dezala! Behoindeizula Koldo!
Gurasoen whatsapp talderik egon beharko lukeen galdetu beharko geniokeen geure buruari. Erdaraz zein (aukeran) euskaraz, gurasoen hiperbentilazioaz berba egin beharko genuke. Hala ere, artikuluaren gaiari heltzearen, ulertezina dirudit haurrak D eredura eraman eta jarrera argiki euskarafoboak izatea.
Koldok dio: “Euskara erabiltzea helburu dan talde batean egon nahi izan ezkero, erabili beste talde bat. Gurasoen watsapp taldea ez da horretarako.”
Ez nago bat ere ados.
Euskara espainiera bezain zilegia eta legezkoa baldin bada, euskal hiztunak ez dio zertan euskara erabiltzeari utzi behar taldeko baten batek euskaraz ez dakielako.
Euskara ulertzeko ahalegina erdaldunak egin behar du, euskaldunak espainiera/frantsesa (eta beste hainbat hizkuntza) ulertzeko ahalegina egina duelako jada. Bada garaia erdal hiztunak ere ahalegina egin dezan.
Bestalde, “pertsona guztiek egiten daben hizkuntzan egite” horrek garamatza euskararen erabilera etetera (Hegoaldean denek ulertzen duten espainieraren eta Iparraldean denek konprenitzen duten frantsesaren mesedetan).
Beraz, zertan ari gara euskaldun guztiak denbora, dirua eta indarrak xahutzen euskara bizirauteko ahaleginean? Mintza gaitezen denek egiten duten hizkuntzan eta bizitza errezagoa izango zaigu. Dirua, denbora eta izerdia aurreztuko ditugu.
Laugarren aukera gisa, itzultzaile automatikoa erabiltzeko proposamena egin nion euskaraz ez zekien guraso bati. ez zuen oso ongi hartu.
Arazoa eta den eta ahalegina nori dagokion garbi utzi behar da. Hizkuntza bat ikasi nahi ez duenak dauka arazoa, ez ikasi duenak.
Konponbidea beraz, esaten dena ulertu nahi duenak hizkuntza ikastean datza. Inork ez dauka eskubiderik besteei norberak egiten ez duen ahalegina exijitzeko.
Hizkuntza ikasteak denbora eskatzen duela onartuz, bada KONPONBIDE ERRAZik, norberak hizkuntza jakin ez eta besteei berean egiotea ez galerazteko. Whatsapp daukanak INTERNET dauka eta ia seguru GOOGLE TRANSLATOR bezalako itzultzaile automatikoak. Kopiatu/Itsasi batekin itzulpena eskura eduki xdezake elebakar alferrak.
Jarrera eta errespetu kontua besterik ez da. Euskaraz jakin ez eta itzultzaile batekin edo seme-alaben laguntzarekin mezua ulertzen saiatu beharrean, euskaldunoi euskaraz bizitzeko aukera eragozten digute. Batzuk modu txarrean gainera… 🙁
Euskara ulertzen ez dutenentzako gida:
– ez baduzu euskara ulertzen… Ikasi euskara! Hortxe duzu AEK.
– ez baduzu ikasi nahi alperra zarelako hortxe dituzu itzultzaile automatikoak, Google kasu.
– alperregia bazara itzultzailea erabiltzeko ere zure seme-alabei galdetu. Zuen harremana asko sakonduko da!
Milesker
Elebakarrek gazteleraz egin dieiaieten eskubidea dute? Baliteke, baina eskubide hori euskaldunok euskaraz egiteko dugunaren gainetik jartzen bada beti (baita gu gehiengoa garen testuinguruetan) jada ez da eskubide, pribilegio baizik.
1. Berdintasuna eskubideetan.
2. Askatasuna hautuan.
Gaur egun, bi oinarri horien aurkako diskurtso eta portaerak, diskurtso eta portaera galtzaileak dira.
Haizea alde dugu. Joera gero eta nabarmenagoa da eleaniztasunaren eta elkarrekiko errespetuaren alde. Gazteago eta nabarmenago. Hori aprobetxatzen jakin behar dugu, pazientziaz eta inteligentziaz, atzerapausorik onartu barik eta proposamen eraikitzaileak eginez.
Ondorioz, niri, lehenengo adibideko estrategia iruditu zait egokiena.
Beharbada erdaldunek zer edo zer “galtzen” dutela sentitzeak ez da hain estrategia txarra izango ez?
Alde batetik euskara gehiago erabiliko zen (helburu nagusia nire ustez) eta beste aldetik “galera” horri pertsuasiorekin lagunduz, batzuei behintzat jakin-mina piztuko zitzaien.
Nik ez dut ulertzen zergatik ez den inoiz planteatzen euskaldunentzako soluzio justua, justiziazkoa: erdaldunek euskaraz ikas dezatela! Ez diegu eskatzen tesi doktoral bat idatzi eta defendatzeko maila lortzea, guk eguneroko gai arruntetan esaten duguna ULERTZEA baizik.
Askok ez dute ahalegin hori ere egin nahi, eta ez diezadatela esan zaila dela. Zenbat euskaldunberrik egin dute jada? Ez dute ulertu nahi egunero linguistikoki BORTXATUAK garela euskaldunak, guk egiten dugun hizkuntza hautuari uko egitera behartzen gaituztela. Hor dago arazoa.
Matxismoaren kontrako kontzientzia pizten ari den garai hauetan ERDARAZISMOAren aurkakoa ere zabaldu beharra dago