Seme-alaben argazkiak sare sozialetan. Identitateaz, baimenaz eta arrasto digitalaz
Postureoaren aroan, seme-alaben txikitako argazkiak dagoeneko ez dira albumean gordetzeko altxorra, sare sozialetan eta harro mundu guztiarekin partekatzeko aukera baizik. Gaia konplexua da eta eztabaidarako hiru gako ematen ditu Liliana Arroyo soziologoak.
1- Identitatea eta jabetza: seme-alaba zurea da, baina bere identitatea ere bai? Bere irudiaren gaineko eskubidea? Bere pribatutasuna? Batzuetan ahazten dugun arren, seme-alabak beste pertsona bat dira, ez gurasoen hedadura bat.
2- Baimena: ume horrek ez du bere irudia zabaltzeko baimenik eman. Edo koskortuagoen kasuan, agian ezetz esan dio gurasoari baina adin txikikoa denez gurasoak du azken hitza; beste kontu bat da zilegi al den haurraren erabakimena ez errespetatzea. Gwineth Paltrow aktoreak argazkia zintzilikatu zuen sarean, 14 urteko alabarekin eskiatzen, eta interneten bertan publikoki erantzun zion alabak: “Ez sareratu niri buruzko irudiak, nire baimenik gabe”.
3- Denbora: argazkiak ez dira saretik desagertzen, seme-alabak handitzen direnean ere hortxe izango dira ziurrenik eta beharbada ez zaizkie gustatuko argazki horiek. Txikia zeneko irudi bat –gurasoek igo zutena– ikaskideen artean zabaldu eta isekak jasan dituen gazterik bada, baita gurasoak salatu dituenik ere, txikitako bere argazkiak internetera igotzeagatik. Laburrean: arrasto digitala eta epe luzera dituen ondorioak.
Azken finean, irudiak sarean partekatzen ditugularik, haien kontrola galtzen dugu, non, noren eskuetan, zertarako… bukatu dezaketen ez dakigula.
Paradoxikoki, dio Arroyok, guraso horiek berak asaldatu egingo dira seme-alabak esaten dienean influencer izan nahi duela, edo guraso horiek izango dira beharbada seme-alabari mugikorra eta ordenagailua mugatuko diotenak.
Soziologoak gomendio garbia du: argazki bat sarera igo aurretik, 20ra arte kontatu, eta pentsatu irudi horrek zure bizitza aldatuko al duen, eta batez ere, pentsatu zure seme-alaben bizitza aldatuko al duen, eragingo al dion.
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks