Eskolaz kanpoko jarduerak, diruaren araberako desoreka iturri
Gero eta ikastetxe gehiagotan ordutegi jarraia dute eta arratsaldea libre geratzen zaie ikasleei. Arratsaldeak eskolaz kanpoko jarduerez betetzen dituzte batzuek, eta sarri arrazoia lehia (“nire haurra ez dadila geratu ikasketetan atzeratuta”) edo kontziliazio-arazoak dira. Eztabaidaren beste erpin bati heldu diote adituek: desoreka iturri dira jarduera hauek, ordaindu ezin dituzten familien haurrak kanpoan uzten dituztelako.
Eskolaz kanpo ikasketetan laguntza jasotzen dutenen eta ez dutenen artean, emaitza akademikoetan desoreka dagoela diote adituek, hala irakurri dugu El Paísen. Badu logika, baldin eta abiapuntua bada ikastetxeko orduak ez direla nahikoa dena behar bezala barneratzeko. Izan ere, erreportaje horretan bertan azpimarratzen denez, Finlandian adibidez eskola-ordu gutxiago dituzte, ikasleek ez dute eskolaz kanpoko jarduerarik jasotzen eta akademikoki emaitza hobeak dituzte. “Zerbait gaizki egiten ari garen seinale”, dio Daniel Gabaldón soziologo espainiarrak.
Kalitatezko aisialditik baztertuak
Eskolaz kanpoko jarduerak, baina, ez dira bakarrik ikasketetan laguntzeko. Kirola, musika, artea… Norbere jakin-mina eta gogoa pizten duten ekintzetan parte hartzeko aukera izaten dira hainbatetan. Eta horietan ere, dirua dutenen eta ez dutenen asialdian nabaria da aldea. Batzuetan ikastetxeak eurak dira eskolaz kanpoko ekintzak antolatzen dituztenak, baina maila sozioekonomiko baxuko familiak nagusi diren Gasteizko Miguel de Cervantes ikastetxean garbi esan ziguten: “Gurean apenas dagoen eskaintzarik, ordaindu egin behar delako. Gure ikasleek ez dituzte beste ikastetxeetan dituzten aukera berberak, eta hori bidegabekeria sozial handia da. Administrazioak monitoreak eta baliabideak jarri beharko lituzke”. Udalak esku hartzen ez duelarik, auzoaren inplikazioa funtsezkoa izan ohi da, aisialdirako eskaintza duina –eta merkea/doakoa– bermatzeko.
Ordutegi jarraia ala zatitua?
Desoreka ekonomikoak beste eztabaida bat jarri du mahai gainean: zer da hobea, arratsalde osoa libre (edo eskolaz kanpoko jarduerekin) izatea ala bazkaltzeko atsedenaldia hartu eta arratsaldean eskolak izatea? Hainbat herrialdek (Alemania eta Suitza kasu) erabaki dute ordutegi jarraia alboratu eta goiz-arratsalde ordutegia berreskuratzea, ikasleen arteko desorekez gain ikusi dutelako emakumeen karrera profesionalak kaltetzen dituela ordutegi jarraiak (haurren zaintza amek hartzen dutelako euren gain) eta arratsaldeko laurak aldera etxera iritsi arte ez bazkaltzeak osasun arazoak eragiten dituela haurrengan.
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks