Umerik onartzen ez duten lekuak, gero eta ugariagoak
Haurrik nahi ez duten hotelak ezagutu genituen lehenik; hainbat taberna eta jatetxetara zabaltzen ari da betoa. “Ez zaizkigu umeak gustatzen” irakur daiteke zuzenean Bartzelonako kafetegi baten sarreran. Diskriminazioa salatzen dutenak eta sektore jakin bati zuzendutako eskaintza dela defendatzen dutenak, aurrez aurre. Eta eztabaidaren muinean: elkarbizitza.
Adibide bat baino gehiago irakurri dugu. Haurrek menua ez zutela aprobetxatuko eta hobe zutela beste norabait joan, hori entzun behar izan zuen seme-alabekin Donostiako Aita Mari jatetxean sartu zen aita batek; edota “umeak negar, garrasi edo bezeroentzat desatseginak diren soinuak egiten baditu, gurasoek tabernatik aterako dute” oharra zuen lokalak kritika asko jaso zituen, duela hilabete batzuk. Azken finean, irudikatzen al dugu “heldu batek bezeroentzat desatseginak diren soinuak egiten baditu, tabernatik aterako dugu” gisako oharrik?
Negozioaren aitzakian, bakea eta lasaitasuna bilatzen dutenak erakartzeko estrategia dela diote batzuek (hori bai, umerik ez egoteak ez dizu saihesten esaterako oso altu hitz egiten duen jendearen solasaldi gogaikarriak entzun edo irudi desatseginak ikusi behar izatea). Garbi du beste askok: umefobia eta diskriminazioa dago halakoen atzean, arrazagatik edo sexu-joeragatik norbaiti sarrera debekatzearen pare.
Gurasoen ardura da, bai, baina eta gainerakoen enpatia?
Jakina, leku bakoitzak bere ezaugarriak ditu eta ezin da edonon edozer egin, mugak daude; guraso batzuk arduragabeak direla eta seme-alabei nahieran ibiltzen uzten dietela kexu izaten da jendea. Ados, baina gainerakoengandik enpatia eta elkar ulertzea ere eskertuko litzateke hainbatetan, ezer egin aurretik begirasun zorrotza prest dutenak ez baitira gutxi. Umeak ume dira (eta eskerrak), ezin zaie eskatu helduen gisa jokatzeko.
Gakoa, ia beti bezala, elkarbizitza da. Espazio anitzak espazio biziak dira eta Francesco Tonucci pedagogoak dioen moduan, umeak (zaharrak, emakumeak… denak) kontuan hartzen dituzten lekuak dira leku aberasgarrienak.
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks