Eskolak ireki ikasle zaurgarriengatik? Aspaldi abandonatu zituen Jaurlaritzak
Urkulluk esan du “ikasle zaurgarrienen kasuan sortu den desorekari aurre egiteko ikastetxeak zabaltzea ezinbestekoa” dela, eta lehendakariaren bat-bateko kezkak harritu nau. Arrakala sozio-ekonomikoan oinarrituriko ikasleen segregazio eta ghetifikazioa ez da pandemia garaiko kontua, eta arrakala horri aurre egiteko neurri zehatzak proposatu izan zaizkion arren, Jaurlaritzak nahiago izan du gure hezkuntza eredu segregatzailea bertan goxo mantendu.
EAEn, maila sozioekonomiko baxuko hamar ikasletik zazpik ghetto-eskoletan ikasten dutela diote datuek. Egoera horri aurre egiteko eskola publikoak egin duen presioa handia izan da azken legegintzaldian, eta besteak beste, Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak onartu behar izan du baietz, ikasleak segregatu egiten direla hainbat eskolatan –halakorik ukatzen zuen ordura arte–. Arrakala sozioekonomikoak kalteturiko ikasleen segregazioa saihesteko proposamen garrantzitsua egin zen duela urte pare bat Eusko Legebiltzarrean: 17.000 sinadurak babestutako proposamena aurkeztu zuen Zubiak Eraikiz plataformak, zortzi neurri zehatz eta egingarri, baina eztabaidatzeari ateak itxi zizkion EAJk. Argudioa: Jaurlaritza prestatzen ari zen EAErako hezkuntza legeak jorratuko zuela gaia. Bi urte pasa dira –berez, urte mordoxka dira legeaz mintzo direla– eta berdin jarraitzen dugu: ez hezkuntza legerik, ez arrakala eta segregazioa saihesteko neurririk.
Online hezkuntzak sakondu egin du arrakala horretan, edo beharbada bistaratu egin du, ageriago geratu da ikasle ugarik bizi duen errealitatea. Horrek balio izan badu Jaurlaritzak begiak ireki eta irtenbideak bilatzen hasteko, ongi etorria izan dadila erabakia, baina hori al da benetan ikastetxeak irekitzeko atzean dagoen arrazoia? Eta hala bada, zergatik utzi du Jaurlaritzak ikastetxeen gain ateak zabaltzeko ardura, jakinik hori izango dela hain juxtu ikastetxeen arteko arrakalan sakontzeko bidea?
Guztiz ados! Onartezina da egoera!
Bitarteko irakasle (ordezko) “zaurgarrienak” ere alde batera utzi ditu Jaurlaritzak lehenengo momentutik. Martxoaren 13 tik langabezian gaude egoera mugagabe batean. Lehenengo ordezkapenka itxi zituzten eta gero ostegunetan soilik eman ote. Ostegunero zero ordezkapen ikusteaz neke gabiz…haien manipulazioan parte hartzen. Gainera 165 lan egunak murriztearen inguruan ez dute ezer esaten. Horrek esan nahi du, uda gehituz, 6 hilabetez gutxi gora behera abadonatu gaituela ere.https://www.irekia.euskadi.eus/eu/proposals/3424-bitarteko-irakasleei-uda-kobratzeko-165-egunak-murriztu