Koronabirusaren aitzakian umeei sarrera debekatzen dieten elkarte gastronomikoak
Pandemiaren aurrean hartuko dituzten neurriekin oharra bidali die bazkideei elkarte gastronomiko batek: maskararen erabilera, aforo mugatua sukaldean, garbiketa… eta 14 urtetik beherakoak elkartera sartzeko debekua, saihestu beharreko gizakiak bailiran. Haurrak estigmatizatzen, ezabatzen eta diskriminatzen segitzen dute batzuek.
Nonbait, izaki kutsakor kontrolaezinak dira haurrak; pandemia honetan hartzen ari diren neurriak ikusita hala dirudi behintzat. Hego Euskal Herrian, kalera ateratzeko aukerarik apenas izan zuten konfinamendu garaian, deseskalatze hasieran egunean ordubete baino ez zitzaien utzi ateratzen eta jolas-parkeak itxita daude oraindik hainbat udalerritan, helduentzako espazioekin askoz malguago jokatzen den bitartean.
Orain, denentzako izan beharko luketen espazioetatik ere bota nahi dituzte. Honek bezala, beste zenbat elkarte gastronomikok (eta bestelako elkartek) baliatuko dute koronabirusaren krisia haurrei ateak ixteko? Umeek enbarazu egiten dutela uste duten bazkideek aitzakia aurkitu ote dute azkenean txikiak gainetik kentzeko? Aforoa, distantziak eta garbiketa kontrolatzen badira, zein irizpideren arabera ukatzen zaie umeei sarrera?
Haurren eskubideak urratzeko, espazio mistoak desagerrarazteko eta belaunaldien arteko arrakalan sakontzeko ez dezatela baliatu krisi hau.
Ba ni bazkide ez naizen elkartean ez dute halakorik egin. Proposatuko diot Zuzendaritzari, ideia zoragarria iruditzen zait.